32 domina, taldearen lanaren, ekinaren eta konpromisoaren erakusgarri
32 domina eskuratu dituzte TAE Gernika klubeko kideek Benidormgo Kopan. Taldekideek borroka atalean erakutsitako maila nabarmendu dute.
TAE Gernikako kirolariak Benidormgo Kopa lehiatzen.TAE Gernika Taldearen beharra, ekina eta konpromisoaren erakusgarri izan da, beste behin, TAE Gernika taldea. Benidormgo Kopa lehiatu dute asteburuan, eta erakustaldi “bikaina” eman dute bertan, bai lortutako emaitzei dagokienez, bai taldekideen lehiakortasunari erreparatuta. 12 lehiakide eta bi entrenatzaile joan dira bertara, eta 32 domina eskuratu dituzte: 9 urregorrizkoak, 10 urrezurizkoak eta 13 brontzezkoak.
TAE Gernikako arduradunek taldekideek borroka atalean erakutsitako maila nabarmendu dute, izan ere, kirolariek eraso bakoitzean “den-dena” eman zutela diote: “Den-dena eman zuten eta gainditu ahal izan zituzten kategoria bakoitzeko bizpahiru errondetan maila tekniko eta lehiakorra erakutsi zituzten”.
Ondorioz, domina kopurutik harago, taldeak taekwondoak sustatzen dituen balioak “ondo agerian” jarri zituela gehitu dute: esfortzua, errespetua eta batasuna: “Duda barik asteburuko lan eder honek partaide guztien kirol eta giza hazkundea indartzen du”.

TAE Gernikako kirolariak Benidormgo Kopa lehiatzen.TAE Gernika