'Guernica' Gernikara ekartzeko aldarria berretsi du Jose Mari Gorroñok
"Gernikako herriak Picassoren 'Guernica' eskatzen du: 'Guernica' Gernikara". Alkatearen eskaera argia izan da, 'Guernica' koadroaren lekualdatzearen gaia mahai gainean dagoen honetan. Gernika Memoriaren Lekukotik azpimarratu dute 'Guernica'ri azken bidaia falta zaiola, "dagokion tokian betiko" geratzeko.
Eusko Jaurlaritzak Guernica artelana Bilboko Guggenheim Museora aldi baterako —zehazki urriaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean— lekualdatzea eskatu zion duela astebete Espainiako Gobernuari. Hala jakinarazi zion Ibone Bengoetxea lehendakariordeak Espainiako Kultura ministroari, Madrilgo batzar batean. Keinu horrek Euskal Herriarentzako “esanahi historiko, sinboliko eta emozional sakona” izango lukeela adierazi zuen, “duintasun eta erreparazio” keinua izango litzatekeela adierazita. Imanol Pradales lehendakariak ere berretsi zuen eskaera. Baina horri ezezkoa eman dio Reina Sofia Museoak: handik 48 ordura, museoak Kontserbazio eta Zaharberritze Sailaren txosten bat argitaratu zuen. Txosten horretan jaso zuten, berriz ere, ez zela komeni koadroa lekualdatzea, “mugimenduaren dardarek obraren egoera kaltetu eta narriadura areagotu lezaketelako”.
Gaur (apirilak 1), Jose Mari Gorroñok Jaurlaritzaren eskaerari zein museoaren adierazpenari erantzun die. “Gernikako herriak Picassoren Guernica eskatzen du: Guernica Gernikara”. Alkatearen aldarria argia izan da; izan ere, esan du koadroa udalerrira ekartzea “biktimekiko omenaldia” egitea izango litzatekeela: “Picassoren Guernica 1981ean iritsi zen New Yorkeko Momatik Madrilgo Cason del Buen Retirora. Eta Gernikako herriak Guernica eskatu du ordutik, eta eskatzen jarraitzen du. Horretarako, daukagu Guernicaren erreproduzioa herrian, aldarri hori daramana. Eta, zertarako ekarri udalerrira? Biktimekiko omenaldi modura, Gernikako herriari omenaldia egiteko. Izan ere, Jose Antonio Agirre lehendakariaren eta Jose Labauria alkatearen arabera, 1.654 hildako baino gehiago izan ziren, eta herriaren %85 baino gehiago suntsituta eta sutan geratu zen. Beraz, Picassoren Guernicak nora joan behar duen? Gernikara”.
Jaurlaritzak koadroa Bilboko Guggenheim Museora aldi batez lekualdatzeko eskaerari buruz galdetuta, Gorroñok esan du koadroak ibilbide osoa egin beharko lukeela: “Guk argi dugu sarraski hori non gertatu zen: Gernikan. Picasso biziko balitz, zer esango luke? Bidean geratuko da koadroa? Ez, nik pentsatzen dut bide osoa egin behar duela, ibilbide osoa, eta Gernikaraino ailegatu beharko litzatekeela”.
Hala ere, koadroa udalerrira ailegatuko ez balitz, hori erakustetik lortutako etekinak “bizitzaren aldekoak” izan beharko litezkeela nabarmendu du: “Gernikarra naiz, eta koadroa bertan nahi dut. Baina, uste dut Guernica margolana erakusteak etekinik sortzen badu, dagoen lekuan egonda —azpimarratu nahi dut Gernikan egotea nahi dudala—, nik eskatuko nuke etekin horiek bizitzaren alde bideratzea, ospitaleak eta osasun-zentroak berreraikitzera eta sendagaietara. Izan ere, badira leku asko non bonbardaketak dauden, sendagairik ez duten, eta ospitaleak suntsituta dauden. Garrantzitsua iruditzen zait; izan ere, zer da daukagun gauzarik garrantzitsuena? Bizitza. Egin dezagun denok bizitzaren aldeko apustua“.
Herri aldarria.
Gernika-Lumotik helarazitako mezu bakarra, baina, ez da izan alkatearena. Gernika Memoria Lekuko plataformakoek, Jaurlaritzak egindako eskaeraren aurrean, uste dute gernikarrena dena maileguan eskatzeak “duintasun gutxi” erakusten duela: “Ez dugu onartzen ‘Euskal Herriarentzat duintasun eta erreparazio keinu’ aldi batekorik ez eta Euskal Herriarentzat ‘esanahi historiko, sinboliko eta emozional sakona’ duen artelana iraungipen data zehatz batekin ekartzea ere. Bederatzi hilabeterako eskatu da Guernica. Haurdunaldia dirudi. Erditzerik balego, zer ote? Eta, gero?”.
Plataformakoen hitzetan, Guernica Bilbora eroateak ere ez du lagunduko memoria historikoa “indartzen” eta demokraziaren, askatasunaren eta bizikidetzaren aldeko “mezu argia” zabaltzen: “Ez, ez du lagunduko. Lagunduko du, ordea, bonbardaketaren egia aitortzeak, artxibo militarrak zabaltzeak, erantzukizunak onartzeak eta erreparazioak“.
‘Guernica Gernikara’ aspaldiko aldarria dela gogoratu dute, baita horren aldeko ekimenak ere askotarikoak izan direla ere: “1975tik aurrera, Euskal Herrian milaka ahots altxatu ziren, hamarkadetako zapalkuntza bortitzak ahanztura ezartzea ez zuela lortu nabarmenduz. Gernika-Lumon ere, herritar multzo batek sortu zuen Gernikako Bonbardaketaren Batzorde Ikertzailea, geroago Gernika Batzordea izena hartuko zuena, 1975-76 urteren artean. Talde horrek bultzatuko zuen, Bonbardaketaren lehen urteurrenerako, era ia klandestinoan oraindik, herritarren topaketa jendetsua, bonbardaketaren eta gerrako testigantzak jaso eta elkarrekin partekatzeko”. Hala, herritarrek hitza hartu eta haiek bizi izandakoa kontatzeko aukera eduki zutela nabarmendu dute.
Erantzukizunak argitzea, artxiboen irekiera aldarrikatzea, bonbardaketa beraren azterketa eta egiaren ezagutza bultzatzea eta biktimen aitortza egitea eskatu zuten, alde batetik. Izan ere, horiek ziren Gernika Batzordearen asmo-lerroak, eta gaur egun, bere horretan irauten dute. Eta, azpimarratu dute urte horietan Espainiako UCDko gobernua Guernica margoa eramateko asmoekin hasi zenean sortu zela Euskal Herrian Guernica Gernikara ekartzeko aldarri herrikoia; Gernika Batzordea izan zen asmo horren bultzatzaile nagusienetakoa: “Aldi berean, Bizkaiko Batzar Nagusi berrietan Guernica Gernikara ekartzeko eta Gernika-Lumo Bakea eta Kulturaren Hiria bihurtzeko Gernikaren eta eskualdearen garapenerako batzordea osatu zen. Aztertu ziren egitasmoen artean, Guernica jasotzeko museo bat eraikitzeko egin zen nazioarteko konkurtsoa”.
Kontzientziak “askatu” ziren, eta herritarrentzat Picassoren margoa bonbardaketaren gertakizunaren testuingurua eta ondorioak azaldu eta mundura zabaltzeko “aukera bezala” ikusten zela gogoratu dute Gernika Batzordekoek: “Baina, demokraziaren eta giza-kidetzaren balioen defentsan, kanpora begira ere, beste Gernikak salatzeko aukera bezala ikusi zen. Memoria eta internazionalismoa uztartuta, modu banaezinean, presente egon izan dira mugimendu guzti horren historian zehar”.
Salatu dute beraiek “inoiz” ez dutela koadroa “motor ekonomiko gisa” konsideratu. Izan ere, euren iritziz, koadroa lekualdatzeko ezetzaren arrazoi nagusia Madrilentzako Guernica “estatu tresna” da: “Madrilen Guernica estatu tresna da. Sekretu Ofizialen Legea eta 1977ko Amnistia Legea bere horretan mantentzen duen estatuaren ordenarako Guernica Reina Sofiatik kanpo, Euskal Herrian, Gernika-Lumon, izatea onartezina izan daiteke”. Aldiz, herrian, bestelako esanahia du Picassoren koadroak; “motor espiritual eta kultural gisa ulertzen dute: “Interesa benetakoa balitz, Gernikan aspalditik eraikia beharko luke Guernica hartzeko leku bat. Leku hutsa absentzia baten presentzia nabarmenago egiteko; leku isila, bere garrasiaren durundiaz betea, entzun nahi duenak aditu dezan”.
Horregatik, plataformakoen arabera, helburua ezin da izan margoa Bilbora eroatea. Guernica Gernikara aldarrikapenak helburu eta arrazoi “zehatzak izan ditu eta baditu”: Memoria Lekua bere esan nahiekin eta arte lana bere balio sinboliko osoarekin “batzea”. Beraz, azpimarratu dute Guernicari azken bidaia falta zaiola “dagokion tokian betiko” geratzeko: Gernikara bidaia.