Gerren aurkako eta bakearen aldeko mezua, Gernika-Lumotik mundura
87 urte betetzen dira gaur (apirilak 1) 36ko gerra amaitu zenetik urteurrena aprobetxatuta, Gernika-Lumok gerren aurkako eta bakearen aldeko aldarria zabaldu du.
Gaur (apirilak 1) 87 urte betetzen dira 36ko gerra amaitu zenetik. Eta, urteurrena aprobetxatuta, Gernika-Lumok gerren aurkako eta bakearen aldeko aldarria zabaldu du: udaletxeko balkoietan bizitzaren eta nazioarteko zuzenbidearekiko errespetua eskatzen duten bi panel jarri ditu, Gerrarik ez leloa daramatenak.
Hala, Jose Mari Gorroño alkateak azpimarratu du Gernika-Lumo bakearen eta berradiskidetzearen herria dela, eta horregatik, udalerritik mezu argia zabaldu nahi izan dutela: “Gernika-Lumo bakearen eta berradiskidetzearen herria da, eta indarkeriaren aurkako gure gaitzespena adierazi nahi dugu, baita biktimen aldeko babesa sustatu eta balio demokratikoen defentsaren kontzientzia piztu ere”.
Gorroñoren hitzetan, hori egitea garrantzitsua da gaur egungo testuinguruan. Izan ere, alkateak 1937ko apirilaren 26ko Gernikako bonbardaketa gogoratu du, 1654 pertsonatik gora hil zirela esanda, baita herriaren %80 suntsituta eta erreta geratu zela nabarmenduta ere: “Gaur egun munduko hainbat tokitan ikus daitezkeen irudiak Gernikan gertatutakoen antzekoak dira, eta ez da normala hainbeste urte igaro eta gero”.
Bere esanetan, “gerrek desoreka globala” eragiten dute, eta horren ondorioz gosea, pobrezia, exilioa eta heriotza zabaltzen dira munduan zehar. Horren aurrean, Gernikak “oihu bat” bidali nahi izan dute bakearen, berradiskidetzearen eta giza eskubideen defentsaren alde.
