Gernika-Palestina Herri Ekimenak nazio mailako mobilizazioa deitu du apirilaren 25erako
Mobilizatzeko, jendartea aktibatzeko eta hitza hartzeko deia egin dute, Euskal Herria "ezin delako besoak gurutzaturik geratu".
Gaur goizean Donostian egin dute agerraldia.Jon Urbe Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrenaren bezperan, Gernikaren herritik, genozidiorik ez, gerrarik ez! lelopean, mobilizazio nazionala egingo dute Donostian; Alderdi Ederren hasiko dute 17:30ean. Beste behin Gernikaren herritik munduari “inpaktu-irudi bat” eskainiko diote, Gernikaren bonbardaketaren basakeria gogoan, genozidioaren eta gerraren kontra ahotsa altxatzeko.
Gernika-Palestina Herri Ekimenak goizean egin du apirilaren 25erako deialdi hori, beste behin, Palestinaren aitortza eta errespetua eskatuz. Palestinan eta mundu osoan zehar egoera “jasanezina” denez, “‘nahikoa da’ esateko ordua” dela adierazi dute. Izan ere, genozidioari ez zaio konponbide politikorik eman, eta horretarako bidea ere ez da eman, Palestina osoan eraso ilegalak ugaritu dira, herritarrentzako ezinbestekoa den laguntza humanitarioa ez da heltzen Gazara eta hori bideratu nahi dutenek “oztopoak baino ez dituzte aurkitzen”.
Ahmed Alhaddad, Nur Abunamus, Naroa Iturri, Ibon Meñika, Nekane Balluerka eta Agus Hernanek egin dute agerraldia, eta gogoratu dute bi urte baino gehiago daramatela Euskal Herritik Palestina babesten eta euskal gizartea aktibatzen eta artikulatzen, eta munduaren egungo egoerak Palestinak jasaten duen genozidioa daukala abiapuntutzat: “Euskal Herrian ere jasaten ari gara ondorioak, herritarrak gara kalteak ordaintzen ditugunak. Gerra kontinente guztietara zabaldu da, nazioarteko legedia etengabe urratzen da, eta indarraren politika gailendu da. Israel Gazan gelditu izan bagenu, ez geundeke horrela. Genozidioa, gerra, biolentzia, mehatxuak, blokeoa, krisi humanitarioa, desplazamenduak, goseteak, bahiketak… naturalizatu dira. Ameriketako Estatu Batuekin batera, inpunitate osoz, biolentzia eta basakeria baliatu dute beren interes geoestrategikoak inposatzeko. Munduaren egoera jasanezinaren erantzule nagusiak dira”. Salaketa irmoa egin dute, gerrek eta genozidioek “ez daukatelako justifikaziorik”.
Beste behin, mobilizatzeko, jendartea aktibatzeko eta hitza hartzeko deia egin dute, Euskal Herria “ezin delako besoak gurutzaturik geratu”, eta horrekin batera, arlo guztietan Israelekin harreman guztiak eteteko eskaria luzatu dute. Azpimarratu dute elkarrizketa eta negoziazioa “ezinbestekoak” direla bakea eta justizia lortzeko, eta horixe aldarrikatuko dute apirilaren 25ean, Donostian: “Gernikaren herritik genozidiorik ez, gerrarik ez! Aldarrikatzen dugu”. Gernika-Palestina Herri Ekimeneko kideen hitzetan, arazoa ez da Palestina, arazoa da gauzak egiteko nazioarteko ordena berria ezinbestekoa dela: “Ezin dute inpunitaterik izan, epaituak izan behar dira”.

Gaur goizean Donostian egin dute agerraldia.Jon Urbe