Mundaka Arraun Taldeak hiru bandera lortu ditu Bizkaiko Batel Txapelketan
Sestaoko uretan lehiatutako txapelketatik kimu mailako kategoria mistoko eta emakumezkoen zein gizonezkoen kadete mailako banderekin itzuli dira mundakarrak; Elantxobek, berriz, haur mailako kategoria mixtoko bandera lortu du. Bermeok bigarren bukatu du gizonezkoen absolutu mailako proba.
Argazkia: Bermeo Arraun Argazkia Sestaoko uretan aritu dira asteburuan Mundakako, Elantxobeko eta Bermeoko arraunlariak, bertan lehiatu baita, beste behin, Bizkaiko Batel Txapelketa. Zapatuan [martxoak 28] sailkapen estropadak eginda, atzo [martxoak 29] erabaki ziren banderak; guztira lau izan dira Busturialdeko taldeek eskuratutakoak. Mundaka Arraun Taldearentzat “egun historikoa” izan zen atzokoa, lehen aldiz hiru bandera eskuratu baitzituzten Bizkaiko txapelketan: kimu mailako kategoria mistoko eta emakumezkoen zein gizonezkoen kadete mailakoa. Elantxobek, ostera, haur mailako kategoria mistoko bandera bereganatu zuen.
Mundakarrek 02:31,14 segundoko denboragaz lortu zuten kimu mailako garaipena, lanak Kaikuren (02:36,90) eta Itsasoko Amaren (02:43,28) aurretik. Ondarrutarrek laugarren bukatu zituzten lanak 02:49,45eko denboragaz eta Arkotek itxi zuen sailkapena, 03:11,91koagaz. Emakumezkoen kimu mailan, ostera, Ondarroa izan zen onena: 02:28,59 behar izan zituzten. Atzetik sailkatu ziren Isuntza (02:37,51) eta Elantxobe (02:39,22). Kimu mailako gizonezkoetan, laugarren amaitu zuten elantxobetarrek (02:56,06), bandera irabazlea izan zen Zierbena baino ia 29 segundo gehiago behar izan baitzituzten proba amaitzeko.
Elantxobek ordezkaritza izan zuen haur mailako kategoria mistoan, eta maila ona erakutsita, bigarren denbora onena egin zuten, Itsasoko Amaren (05:30,02) atzetik: Elantxobe Arraun Taldekoek 05:36,14ko denboragaz gelditu zuten erlojua, santurtziarrek baino sei segundo motelago. Isuntzak seigarren amaitu zituen lanak kategoria mistoan (05:45,22), baina emakumezkoetan bandera Lekeitiora eramatea lortu zuten, 05:27,77ko marka ezarrita. Itsasoko Amak (05:34,23) eta Ondarroak (05:35,40) osatu zuten podiuma. Atzetik sartu ziren Arkote (05:57,98), Mundaka (06:00,04), Deusto (06:04,15) eta Elantxobe (07:36,37).
Haur mailako gizonezkoen kategorian lehia estua egon zen arren, deustuarrak izan ziren azkarrenak, 05:15,08ko denboran gelditu baitzuten erlojua, Itsasoko Amak baino 75 ehunen azkarrago. Elantxobekoentzat izan zen hirugarren postua (05:20,62) eta bermeotarrentzat, laugarrena (05:21,88). Isuntza, Zierbena eta Ondarroak osatu zuten sailkapena.
Kadete mailan emaitza izugarriak lortu zituen Mundaka Arraun Taldeak; izan ere, emakumezkoen kategorian heldu zen mundakarren bigarren bandera. Bigarren ziabogan Ondarroa aurretik bazuten ere, azken luzean aurrea hartu eta 07:47,93kko denboran gelditu zuten kronoa arraunlariek, ondarrutarrei ia 3 segundoko tartea aterata. Isuntzak hirugarren amaitu zuen, ia 11 segundora. Gizonezkoen tandari dagokionez, lehia guztiz estua izan; halere, mundakarrak banderagaz itzuli ziren etxera, 07.03,73ko denboragaz. Deustuarrek 34 ehunen gehiago behar izan zituzten eta podiuma itxi zuen Isuntzak, berriz, 5 segundo gehiago.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Gazte mailako emakumeen proba laugarren bukatu zuten mundakarrek, estropadaren jaun eta jabe izan zen Ondarroak ezarritako denboratik (10:17,14) urrun: 10:43,31 behar izan zituzten estropada amaitzeko. Emakumezkoetan bezala, haur mailako gizonezkoetan ere Ondarroa nagusitu zen (09:25,43), laugarrenak izan ziren Mundaka Arraun Taldekoek baino 13 segundo azkarrago gelditu baitzuten kronoa (09:38,50).
Mundakarrek 23 urte azpiko kategoria ere lehiatu zuten, baina ezin izan zuten Zierbenak (09:24,86) ezarritako erritmoa jarraitu. Hala, hirugarren amaitu zuten txapelketa, Deusturen atzetik, 09:37,52ko marka ezarrita. Isuntza (09:39,06) eta Portugalete (09:46,17) izan ziren laugarren eta bosgarrenak, hurrenez hurren.
Absolutu mailako emakumezkoen kategoria izan zen Busturialdeko ordezkaritza izan ez zuen proba bakarra. Horretan, Kaiku nagusitu zen estropada 10:14,66ko denboran amaituta. Deusto (10:16,21), Isuntza (10:22,79), Ondarroa (10:34, 80) eta Portugaletek (11:29,68) osatu zuten sailkapena.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak
Gizonezko absolutu mailan, berriz, Bermeok bigarren postuan amaitu zuen estropada; Galipoek ezarritako 09:06,29ko denbora baino bost segundo gehiago (09:11,53) behar izan zituzten estropada amaitzeko.
“Eskualdearen garaipena”.
Mundaka Arraun Taldeko entrenatzaile Sabino Astigarragak atzokoa harrobiarentzat “egun polita” izan zela nabarmendu du, azken urteetako lanaren fruitua jaso baitute: “Eskualdeko gazteek osatutako ontziak dira, Bermeoko, Mundakako, Gernika-Lumoko… oro har Busturialdeko gazteak daude. Eskualdearen garaipena da”. Izan ere, hiru banderen lorpena “Mundako Arraun Taldearen ideiaren garaipena” ere badela deritzo, Busturialdeko taldeak batu eta elkarlanean jardutea helburua duena.
Halere, oraindik badagoela zer egin azpimarratu du. Astigarragaren ustez, atzoko bistaratutakoari jarraipena ematea dagokio arraun taldeari, “lanaren emaitza” delako: “Atzokoak ez du gehiago egingo dugula esan nahi, baina lanean jarraitu behar dugu, jarraipena eman behar diogu, denok dakigulako arrauna ziklikoa dela. Lan egiteak ez ditu beti emaitza onak bermatzen, baina lan ezak porrota dakar beti. Gu ondo gabiltza lanean, eskualdeko taldeak elkarrekin lan egiteko ideia txertatuz”. Izan ere, eskualdeko lan bateratuak eraman duela Astigarraga Mundakako entrenatzaile lanetan jardutera: “Bestela ez nintzen etorriko. Eskualdeko lana egitera etorri naiz”.
Zapatuko sailkapen estropadan parte hartu zuten ontzi guztiak sailkatu zituzten mundakarrek banderen lehiara, eta hiru urrezko dominagaz, brontzezko bategaz eta bi laugarren postugaz itzuli ziren etxera. Denetaz harro egonik ere, gazte mailako laugarren postuak “pena apur batekin” bizi izan zituen entrenatzaileak, “lan txukuna” egiten ari direlako.
Bizkaiko Txapelketa igarota, Euskadiko Batel Txapelketara begira lanean jarraituko dute mundakarrek. “Zailagoa” izango denaren jakitun, ilusioa bere horretan mantentzen dute arraunlariek.