"Euskara eguneroko erabaki bat da, egunero hartzen dugun hautua, egunero aktibatzen dugun konpromisoa"
24. Korrikaren mezuaren egileakAEK Oihana Arana Cardenal, Leire Casamajou Elkegarai, Elene Mengyu Larrinaga Bilbao, Oier Iñurrieta Garmendia, Aitzol Gil de San Vicente Pla, Xalbat Alzugarai Etxeberri eta Beñat Jusue Rosano gazteen hitzek ipini diote ahotsa 24. Korrikari. Eurak dira aurtengo mezuaren egileak, eta euren eskutik ailegatu zen lekukoa atzo eguerdian, Bilboko udaletxe aurrera. Sohüta, Urepele, Tutera, Hendaia, Barakaldo, Gasteiz eta Eskoriatzakoak dira euskal gazteriaren ordezkariek, eta AEKk gazteak lehen lerrora ekartzeko asmoz aukeratu dituenak.
Zorion eta esker oneko berbekin hasi zuten 24. Korrikaren amaierako ekitaldia; egun hauetan lanean ibilitakoak zein euskararen aldeko lasterketan, modu batera edo bestera, parte hartu duten herritarrak zoriondu zituzten, baita horiei guztiei eskerrak eman ere: “Eskerrik asko 24. Korrika horren parte hartzailea eta arrakastatsua egin duzuen euskaltzale guztioi. Herri oso bat bizirik sentiaraziko genuela esan genuen, eta lortu dugu”.
Jarraian, zazpi gazteen artean irakurri zuten lekukoak ondo baino hobeto gorde duen mezua. Euskararen herriaren parte izan eta euskarara hurbiltzeko aldarrikapena zabaldu zuten. Euskara gara lelopean egin du bidea 24. Korrikak, eta komunitatearen ideia azpimarratu dute maitasun eskutitzean: “Euskara gara diogu, ez euskara naiz, eta irudikatzen dugu besoak zabalik dagoen gorputz baten gisa, zeinak leihoak dituen begietan”. Hizkuntzak “eraldaketarako tresnak” dira, eta horixe jaso dute: “Hizkuntzek leku bat ematen digute, bizi gaitezen. Euskarak herri hau eman digu, eta horregatik mintzo gara izateaz, egiteaz. Euskaraz egin egiten da, baina izatea ez da edozein gauza. Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan”.

24. Korrikaren mezuaren egileakAEK
Aurrekoei jasoa urrats berrietan ekarri dute, eta honaino heldu arren, “ez garela iritsi” adierazi zuten, eta elkarrekin aurrera egiteko gonbidapena luzatu du 24. Korrikaren mezuak: “Azalberrituta datoz munstro zaharrak, baina gorputz bat sortu dugu. Askotarikoa, konprometitua, indartsua. Eta gaur hemen badago, egongo da bihar ere. Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude. Aurrera goaz. Bazatoz?”
AEKren izenean, Lurdes Etxezarreta Artabek hartu zuen hitza, eta pizkunde berrirako bidean, gazteei zuzendu zitzaien: “Euskal Herriko gazte euskaldun eta euskaltzale guztiok hartu lekukoa, bagoaz zuekin pizkunde berri batera. Gazte eta ez horren gazte zareten guztioi, euskaltzale eta euskaldun guztioi, baita oraindik ere euskara ikasteko pausoa eman ez duzuenoi, ikasi eta praktikatu, praktikatu eta ikasi”. Euskaltegietako ateak zabalik dituztela gogoratu zien, eta hizkuntzarik ez duen herri bat ez dela herri izango nabarmendu zuen: “Euskara gara bai, euskararen herria gara, eta behin eta berriz esan dugu gure herrian badagoela guztiontzako lekua; berdin dio zein diren azal kolore, jatorri edo euskararekiko ezagutza. Denon artean eraikita egingo dugu gizarte zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, Euskal Herri feminista, antiarrazista eta euskalduna”.
Etxezarretak esan bezala, Euskal Herriaren etorkizuna ezin da utzi borondate hutsaren esku: “Euskara eguneroko erabaki bat da, egunero hartzen dugun hautua, egunero aktibatzen dugun konpromisoa; denon ardura da, herritarrona, eragileena eta instituzioena”. Azpimarratu zuen ordezkari politikoei dagokiela babes juridiko eta politikoa ziurtatzea, baita euskara ikastea doakoa eta irisgarria izatea beharrezkoa dela ere, eta horrekin batera, euskararen ezagutzaren unibersalizazioan urratsak ematea zein erabilerarako espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea: “Ez gara folklorea, euskara gara; Euskal Herri euskalduna da gure gutxieneko hizkuntza eskakizuna”.

Jendetza batu zen atzo BilbonAEK
Euskara babestu, euskaraz hitz egin, euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko aldarria zabalduz amaitu zuten eguerdiko ekitaldia.