Marko Topo jolas hezigarria, udalerria esperientzia interaktibo baten bidez ezagutzeko
Udalerria bisitatzea abentura interaktibo bihurtzen duen Marko Topo hezkuntza proposamena aurkeztu du Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak. Familiek doan eskura dezakete.
Gernika-Lumoko leku ezagunenetako batzuetan —Foru plazan, Jai Alain, Batzarretxean, Bakearen Museoan, esaterako— ibili zen atzo (martxoak 27) pelutxezko maskota atsegina, irribarre iraunkorrekoa eta sator txikiaren itxura duena: Marko Topo satorra da bera, familiek herria beste era batera ezagutzeko pentsatutako jolas hezigarriari izena ematen dion pertsonaia. Udalerria bisitatzea abentura interaktibo bihurtzen duen hezkuntza proposamenaren parte da Marko Topo, izan ere, Turismo Bulegoak prestatutako jokoak leku enblematikoetan probak eta geldialdiak dituen bisita autogidatua egiteko aukera eskaintzen die familiei.
6 eta 12 urte bitartekoei begira prestatutako ekimenaren helburua da familiei udalerria bisitatzeko esperientzia berriak eskaintzea, ze, jolasa oinez, galderei erantzunez eta abentura txiki bat jarraituz osatzen da. Hala, Marko Topo proiektuak “esperientzia interaktibo” bihurtzen du Gernika-Lumo bisitatzea.
Horrelako bisita bat egin gura duten familiek doan jaso ahalko ditu kit txiki bat Turismo Bulegoan, hurrengo objektuak jasotzen dituena: udalerriko mapa, probak osatzeko eranskailuak eta kode bat, telefono mugikorretik edo tabletetik abentura aktibatzeko. Hain zuzen ere, kode hori aktibatzerakoan abiatuko dute jolasa: parte hartzaileek Marko Toporekin eta bere ahizpa Martarekin batera mapan adierazitako puntuak aztertu beharko dituzte, eta herriko historiarekin eta bitxikeriekin lotutako galderak erantzun beharko dituzte. Hala, gainditutako erronka bakoitzak abenturan aurrera egiteko eta liburuxkan eranskailuak jartzen jarraitzeko aukera emango die.
Turismo Bulegoko ordezkariek esan dutenaren arabera, paperean egindako proposamen hauek gero eta ohikoagoak dira hiri eta museoetan, toki bakoitzeko ondarea umeei hurbiltzeko era entretenigarria dela esanda. “Ibilbideari esker, udalerriko hainbat espazio deskubritu daitezke, txikienen arretari eusteko pentsatutako istorio batean parte hartzen den bitartean”, azaldu dute arduradunek.
Ekimenak, gainera, herriak hartzen dituen bisitari askoren profilari erantzuten diola gehitu dute: Turismo Bulegoaren datuen arabera, 2025ean udalerrira iritsi ziren espainiar estatuko bisitarien erdiak baino gehiago familian hurbildu ziren. Eta, jakinarazi dute publiko horrek kultura-proposamen irisgarriak, parte-hartzaileak eta adin desberdinetara egokitutakoak bilatzen dituela: “Herriko kaleetan maskota agertzeak esperientzia hori bizilagunei eta bisitariei hurbiltzea du helburu, eta foru-herriaren historia ezagutzea abentura bat ere izan daitekeela erakusten du”.