Ernai Bermeo: "Herriko hormak eta kaleak gureak ere badira, eta aldarrikapenez betetzen jarraituko ditugu"
Bermeoko gazteek salatu dute EAJko kideen aldetik "jazartuak" izan direla, eta Bermeoko EH Bilduk gazteek "ahotsa altxatzeko eskubidea dutela" defendatu du.
Ernai Bermeok salatu du “herriko gazteak jazartuak” izan direla EAJko kideen aldetik. Hala adierazi dute gaur (martxoak 28), Bermeoko Goiko plazan egindako agerraldian. Bertan, Bermeoko EH Bilduk herriko gazteek “ahotsa altxatzeko eskubidea” dutela defendatu du.
Izan ere, martxoaren 17ko Hego Euskal Herriko greba orokorrean gertatutakoa aipatu dute gazteek: “Milaka herritarrok kaleak hartu genituen lanbide arteko gutxieneko soldata igotzearen eta hori Euskal Herrian erabakitzearen alde. Era berean, milaka herritan piketeak eta hamaika ekintza antolatu ziren, eta Bermeon ere hala izan zen. Gazteok, gainera, arratsaldeko manifestazioan ekintza desberdinak egin genituen”. Testuinguru horretan, gazteek salatu dute manifestazioaren ostean EAJko zenbait kide “beraien kontra oldartu” zirela.
Gainera, hori “ez zela lehenengo aldia” izan azpimarratu dute: “Herriko gazteak, askotan, EAJko kideen aldetik jazartuak izan gara. Gure propaganda politikoa herrian zehar zabaltzen ibili garenean, argazkiak ateratzen ibili izan dira, ondoren herriko poliziak gu identifikatzeko eta isunak jartzeko. Zer esanik ez, ekintza desberdinak burutzerakoan gure kontrako oldarraldi mediatiko zein judiziala abiarazi nahi izan dute: salaketak jarri nahian, gure argazkiak zabalduz eta, are gehiago, sare sozialetan gure ekintzen inguruko mezuak argitaratuz”.
Egoera horien aurrean Bermeoko gazteak “nazkatuta” daudela adierazi dute, militantzia politikoa “ez dela delitua” nabarmenduta. Horregatik, argi esan dute herriko kaleak aldarrikapenez betetzen segitzeko asmoa dutela: “Bermeoko hormak eta kaleak gureak ere badira, eta aldarrikapenez betetzen jarraituko ditugu. Zuen kriminalizazio saiakeren, jazarpenaren eta erasoen aurrean, guk planto egingo dugu”.

Mobilizazioa, eskubidea.
Agerraldian EH Bilduko kideak ere izan dira, eta horien izenean Nadia Nemeh alkateak esan du gazteek eskubidea dutela mobilizatzeko: “Badute eskubidea elkartzeko, badute eskubidea ahotsa altxatzeko, antolatzeko eta bidezkoa iruditzen zaiena defendatzeko. Eta horrek errespetua eta ardura eskatzen ditu erantzukizun publikoak ditugunon aldetik”.
Gazteen aurkako jazarpena ez dutela onartzen adierazi dute, baina gezurrak ere ez dituztela onartzen azpimarratu dute. “Azken egunetan, nire aurkako adierazpen faltsuak zabaldu dira alkate naizen aldetik, nire lana eta konpromisoa zalantzan jartzeko asmoz. Politikan ez da dena zilegi. Baina are gutxiago gezurretan oinarritutako erasoak”.
Gainera, zenbait ekintza salatzen diren bitartean, beste batzuen aurrean isiltasuna nagusitzen dela nabarmendu du: “Duela hilabete batzuk nire aurkako pintada matxista eta arrazista bat agertu zen. Horren aurrean, ez zen salaketarik egin, ez adierazpenik, ez hasarrea adierazi ere. Hori ere hipokresia da. Eta hori ere onartezina da. Ezin da elkarbizitza erdizka defendatu. Ezin dira eraso batzuk gaitzetsi eta beste batzuen aurrean beste aldera begiratu; are gehiago indarkeria matxista eta arrazista dutenean”.
Hori dela eta, herritarrek “eztabaida politiko zintzoa, errespetuzkoa eta ausarta” merezi dutela dio Nemehk, eta horretan, alkate gisa, “pauso bakar bat ere atzera egin gabe”, lanean jarraituko duela esan du.