Kolon eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarrak %30 handitzen du biziraupena
Maiatzaren 31 da Koloneko Minbizia Prebenitzeko Eguna, eta, egun horren bueltan, Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko mahaia jarri zuten atzo (martxoak 25), Taraskan. Herritarrei proba egiteko deia luzatu diete.
Argazkia: Bermeoko Udala Koloneko Minbizia Prebenitzeko Eguna da martxoaren 31, eta egun horren harira, Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak informazio mahaia jarri zuen atzo (martxoak 25), Taraskan, “herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko helburuz”. Izan ere, jakinarazi dute detekzio goiztiarreko programen arrakasta “herritarren parte hartzearen” araberakoa dela: “Karta irekitzeak eta proba egiteak tratamendu errazaren edo konplexuaren arteko aldean eragin dezakeela ulertaraztea bilatu genuen atzo”. Eta hori aintzat hartuta, herritarrei ere proba egiteko eskatu diete.
Izan ere, gogoratu dute kolon eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarrak %30 handitzen duela biziraupena. Ze, gaur egun, kolon eta ondesteko minbiziaren intzidentzia “handia” da: bigarren postuan dago, bai gizonezkoegan, bai emakumezkoengan. Bi sexuen kasuak kontutan hartuz gero, lehenengo postuan kokatzen da.
Osakidetzaren arabera, 2024an 2.085 kasu berri diagnostikatu zituzten Bizkai, Araba eta Gipuzkoan: 1.154 gizonezkoetan eta 931 emakumeetan. “Gaixotasuna garaiz detektatuz gero, hamar pertsonatik, bederatzik bizirik iraun dezaketen arren, oraindik 190.000 pertsona baino gehiagok ez dute parte hartzen Osakidetzaren kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programan, eta gaixotasun hori garatzeko arriskua handitzen da”.
Herritarrek baheketan parte hartzea bultzatzea dute erronka elkartekoek. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa 50 eta 74 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago, eta eginkarietan ezkutatutako odolaren testa egitean datza: etxean egin daitekeen proba ez inbaditzailea da, gorozkietan ikusten ez den odolaren presentzia zehazten duena. Helburua da gaixotasuna aurreratuago egon arte detektatuko ez liratekeen lesioak detektatzea, “tratatzeko eta sendatzeko aukera gehiago izateko”.
Osakidetzaren arabera, programaren esparruan, 50 eta 74 urte bitarteko 350.000 pertsona gonbidatzen dira urtero batez beste, hau da, %100eko inplementazioa. Hala ere, gonbidatutako horien %73k parte hartzen dute, bataz beste. Bermeoren kasuan, Osakidetzak lortutako azken datuen arabera, 2023an, herritarren %69,3k egin zuten proba, eta kasuen %4,7 positiboak izan ziren.
Errealitate horren aurrean, Minbiziaren Aurkako Elkarteak dei egiten die herritarrei kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa programan parte hartzera, “funtsezko tresna baita gaixotasun horren detekzio goiztiarrerako eta hilkortasuna murrizteko: “Urtero, milaka bizitza alda daitezke keinu erraz bati esker: programan parte hartuz. Gaur egun, badakigu funtzionatzen duela. Proba egiteak laguntzen du minbizi aurreko lesioak detektatzen, tumoreak hasierako faseetan diagnostikatzen eta biziraupena nabarmen handitzen”.