Kilometro, metro eta zentimetro oro, ama hizkuntzarena
Ez da berehalakoan ahaztuko Busturialdeak 24. Korrikari emandako babes kolosala. Bedaronatik San Pelaiora, herritarrek 'Euskara Direla' frogatu dute, eta beraien eskualdea euskararen arnasgune dela. 02:20ak aldera sartu da euskararen aldeko karabana erraldoia Busturialdera, eta 06:30ean agurtu dute herritarrek; 149 lekuko eroate egon dira aurtengoan.
Euskarak behar ditu kilometroak, behar ditu metroak, behar ditu zentimetroak. Eta zentimetro horietako bakoitza bueltatu diote ama hizkuntzari Busturialdeko herritarrek. Bedaronatik San Pelaio tontorrera, 24. Korrikaren lekukoak gordeleku eta arnasgune egoki askoak topatu ditu eskualdean, eta han-hemengo 149 elkarte, eragile talde, udal, batzorde, norbanako eta lekuko eroalek eskutik eskura garraio eroan dute euskararen babeserako hautua. 02:30ak orduko sartu da euskarren aldeko karabana erraldoia Busturialdean, eta 06:30ak bueltan gurutzatu du Bakiorako muga.
Ekialdetik mendebaldera egin dute bidea korrikalariek, Batzuetan, euripean eta nekez; bizkor eta bizi, beste hainbestetan. Unerik latzenei aurre egiteko, Asier Galarza Garai eta Otsanda Bilbao Arenaza esatariek eman dizkiete animoak lasterkariei. Muxikarrak eta bermeotarrak aldarteari eusteko eginbeharra eduki dute, baina egiteko hori ez zaie latzegi egokitu, Busturialdearen luze-zabalean 24. Korrikak eduki dituen jarraipena zein babesa “oso esanguratsuak” izan baitira, Bilbaoren berbetan. Parte hartzaileek sortu duten giroa “itzela” izan dela aditzera eman du esatariak, eta ibilbide osoan “parte hartze erregularra” egon dela adierazi.
Plaza handia da Korrika. Eta handia da plaza horrek herritarrei eskaintzen dien erakusleihoa, betiere euskararen hauspoa helburu. Hori dela eta, aldarrigune ere izan dira eskualdeko errepide zein kaleak: asko eta askotarikoak izan dira aireratu diren banderak, pankartak eta leloak. Izan Palestinaren, Kubaren, gaztetxeen edota pentsiodunen aldekoak, izan Guggenheim Urdaibai museo makroproiektuaren edota puritzen ari den arrazakeriaren aurkakoak. Busturialdeak herri harroa izaten dirau, eta herritarrek harrotasun horren hamaikatxo lagin opari egin dizkiote munduari, goizaldearen ordu txikitan.
Natxik ereindakoa ureztatzeko.
Aldarri horietatik esanguratsuenetakoa, esanguratsuena ez bada, Natxi Aranburu natxituarrak jaso du. Kulturgintzaren, herrigintzaren eta, funtsean, euskaldunen herriaren alde gerizpean behar egin izan duen norbait egotekotan, Aranburu da hori. Eta Korrika baino zein oholtza hobe legoke, hainbeste emandakoari bueltan apurren bat itzultzeko? Bada, bere sorleku Natxitutik igarotzerakoan, tropelak hamarkadaz hamarkada “herrigintzaren, bertsolaritzaren, nekazaritza burujabearen nahiz ikastola mugimenduaren alde” eginiko lana eskertu dio.
Hain zuzen, Errigoraren lehendakaria, lehendakari izateaz harago, “soldadu soiletan lehenengoa” ere bada. Orburutxo eta Zainzuriñe Errigoraren pertsonaiak albo banatara, “auzolanaren bihotza, herrigintzaren indarra eta euskararen hauspoa” izatea eskertu dio herriak. Beda Ajuriagojeaskoari egindako omenaldia ere ezin bazter utzi: 82 urteko AEKren bultzatzaile muxikarrak bizitza osoa eskaini dio euskararen irakaskuntzari.
Arratzura bidean ere egon da pasadizo ederrik: suhiltzaileek bat egin dute Korrikarekin, lanerako arropak eta kaskoa soinean. Gaurko sua, baina, gaitz da amatatzen, biziak baitira euskararen aldeko suteak Busturialde osoan barreiatu dituen txinpartak. Gernika-Lumoko kaleetan, gogoangarria izan da Lilibertso Bertso Eskolako kideen esku hartzea ere, zelan ez, bertsoaren koordenadetan: Atharratze, Gernika eta Laster Bilbora/euskara herriz herri, lelotik lelora/norbanako zein talde helduz lekukora/eta irrintzi zaharrak umeen ahora/ilargirik gabe ere, gu marean gora.
Mundakarrek ere, Korrikaro bezala, beren lorratza laga dute 24. ekitaldian. Ikurrin eta Nafarroako katedun bandera erraldoiak zabaldu dituzte airean. Mundakako Laminek eta Atorrek, udalerriko pertsonaiarik entzutetsuenek, inauterien osteko lozorrotik esnatu behar izan dute, lekukoa eskutan hartzeko eta4 taldearekin bat egiteko; aratusteak udaberriaren iritsieraren iragarle baldin badira, Korrika euskararen udaberriaren loratzea delako. Bermeon, gutxi izango ziren goizaldean beren etxeetan geratzea erabaki duten herritarrak: kaleek jendetza hartu dute, lepo bete dute espaloi oro, etengabea izan da jaia.
Azken txanpan, izerdia ez da izan korrikalariek isuri duten jario bakarra. Emoziozko anpuluren bat edo beste ere egon da. Gaua amaitzear zela eta goizarren lehen izpiek Gaztelugatxe argitzen hasten zuten unean, Nuntxaku Kultur Elkarteak eta Benito Barrueta Arte Elkarteak bat egin dute, eskuldeko azken kilometroa osatzeko. Bidean eta iritsi berri direnak, inoiz joan ez direnekin eskuz esku. Iragana eta etorkizuna, orainean bilduta. Musika eta artea nahasten dituen mihise sonoroa.
Halaxe agurtu du eskualdeak 24. Korrika, eta halaxe ari da Bilborako bidea egiten. Eta etxe honek ere egin du bide hori. Busturialdeko Hitzaren lantaldeak Gernika-Lumotik Bakiorainoko trantzearen aldapa, jaitsiera eta bihurgune oro bertatik bertara babestu, partekatu eta dastatu du; hala korrika, nola autotik. Egunkari soil batean ez baita kabitzen martxoko goizalde hotz batez Busturialdeak erakutsi duen herriarenganako, herritarrenganako eta bi horien euskarri den euskararenganako maitasuna.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.