68 parte hartzaile izango ditu III. Urdaibai Rallyak
Bihartik [martxoak 27] etzira [martxoak 28] lehiatuko dute Busturialdeko automobilismo proba nagusia. Gidari eta kopilotuek "ederto" erantzun diote lehiarako izen emateari. Lau tarte eta zortzi saio kronometratu izango dituzte aurten. Errepide mozketak egongo dira tarteetan. Montorre Herri Eskolan egin dute aurtengo agerraldia.
Argazkia: Urdaibai Motorsport. Bihartik [martxoak 27] etzira [martxoak 28], Busturialdeko errepideak goi mailako automobilismoaren eta motorzaleen topagune bihurtuko dira: III. Urdaibai Rallya ate joka dago. Gidariek zein kopilotuek ederto erantzun diote Urdaibai Motorsporteko antolatzaileen deialdiari, eta aurten 68 auto hartuko ditu eskualdeko probak. Antolakuntza “pozarren” da parte hartzaileen zerrendarekin: batetik, partaideen kopuruari erreparatu diote; bestetik, irteeran egongo den “maila orokorrari”.
Motorrak oraindik piztu ez diren arren, azken urteotan egin modura, taldeko kideek eskolako ume zein gaztetxoekin abiatu zuten aurtengo ekitaldia. Hain zuzen ere, Urdaibai Motorsporteko kideek, urtero, eskualdeko hezkuntza zentro batera hurreratzen dute automobilismoarekiko zaletasuna; lehen bi ekitaldietan, hurrenez hurren, Urretxindorran eta Barrutian zein Barrutialden egon ziren, eta aurten Gautegiz Arteagako Montorre Herri Eskolak hartu du lekukoa. Rally lasterketa baten atzeko lana “gazteenei ikusaraztea” eta kirolarekiko “pasioa eskualde mailan bultzatzea” dira jomugak: “Umeek asko gozatu zuten, eta azalpenak aditasun handiz entzun zituzten; gainera, autoak bertatik bertara ikusteak beti sortu ohi die ilusio berezia”.
Zerbait edukitzekotan, aurtengoak egonkortasunaren eta, bereziki, probaren hazkundearen osagaiak bilduko ditu. Izan ere, azken urteetako gorazko joerari eutsiko diote, eta lasterketa tarte birekin estreinatzetik, aurten lau izatera igaroko da. Gainera, lehiaketa ofizialetan sekula baliatu gabeko tarte bat ere prestatu dute: Muxikako San Roman eta Morgako Eskerika auzuneak lotuko dituena.
Ez hori bakarrik: azken urteotan desagerturik egon den tarte esanguratsuenetako bat, Arrieta eta Busturia bitartekoa, berreskuratu egingo dute. Horri guztiorri Arratzuko Belendiz auzoa Gautegiz Arteagako herrigunearekin lotuko duena eta Gernika-Lumotik Errigoitiko Olabarri auzunerainokoa gehitu behar zaizkio. Lau tarteetatik bina aldiz igaro beharko dira; horrenbestez, zortzi izango dira gidari eta kopilotuen erlojupeko azterketak. Errigoitiko jaitsiera “irristakor bat” kenduta, aurtengo ekitaldia “aitzakiarik gabekoa” izango da: “Oro har, erlojupeko saio guztietako zorua egoera onean dago, eta tarte guztiek eskaintzen dituzten bai auto potenteentzako, bai txiki eta bizkorrentzako aukerak”.

Argazkia: Urdaibai Motorsport.
Bide mozketei buruzkoak.
Pasaerek zenbait errepide moztuaraziko dituzte, probak iraun bitartean. Bide mozketak zapatura mugatuko dira. Barikuan, egiaztapenak eta irteera ekitaldi ofiziala egingo dituzte, alegia, ez da lehiarik egongo. Egiaztapenak Mendatako Elexalden egingo dituzte, 16:15etik aurrera; aparkaleku eremua Astran kokatuko da; irteera ekitaldia, ostera, Gernika-Lumoko Adolfo Urioste kaleak hartuko du. Ekitaldi hori 20:00etan abiatuko dute, DJ Koeten musikak girotuta. Leku eta ordu horiexetan egingo dute zapatuko sari banaketa ekitaldia; Apokhalipsis talde gernika-lumotarrak berotuko du aldartea.
Lehen tarteko estreinako itzuliari 09:16an helduko diote, eta bigarrenari 11:44an. Errepide mozketak 08:15 eta 13:15 artekoak izango dira. Bigarrenean, 09:49an eta 12:17an ekingo diote lehiari, eta errepideak 08:45etik 13:45era artean zarratuta egongo dira. Hirugarren tarteko irteera orduak 15:23 eta 17:18 izango dira; bide mozketa, hala, 14:20 eta 18:35 bitartekoa izango da. Azkenik, laugarren tartea 15:46an eta 17:41an abiatuko du lehen autoak; zati horretarako mozketa 14:45 eta 19:05 arterako iragarrita dago.
Tarte bakoitzeko punturik interesgarrienak edota ikusleentzako erakargarrienak izan daitezkeenak nabarmendu dituzte antolatzaileek. Belendiz eta Gautegiz Arteaga artean, Atxosteko bidegurutzea, Muruetaganeko biribilgunea eta helmuga orduko bihurgune itxia azpimarratu dituzte; San Romandik eta Eskerikara arteko bidean, Muxikako Ugarte auzoko bidegurutzea eta Gerekiz gaina.
Arratsaldeko tarteei dagokienez, Gernika-Lumo eta Olabarri lotuko dituenean, Errigoitiko puntu bi nabarmendu dituzte, ikusleen gozamenerako: Zallobante eta Uria auzuneetako bihurgune zarratuak. Arrietatik Busturira artean, Arrietako herriguneko bidegurutzea eta Busturiko San Kristobalgo helmugaratzea izango dira interesguneak.
Erlojupekoez gain, autoen egoera ikuskatzeko eta gidarien zein kopilotuen arteko hartu-emana bultzatzeko guneak izango direla azaldu dute, biltzeko eremu denek “tabernaren bat edo beste” izango dute inguruan; ildo horretatik, ikusleek autoez bertatik bertara gozatzeko toki egokiak izango dira. Goizeko biltzea 10:00etatik aurrera egingo dute, Errigoitiko Urian. Eguerdikoa 12:45etik aurrera egingo dute, Astran; bigarren hori luzeena izango da, bazkaltzeko aprobetxatuko baitute. Arratsaldeko biltzea 16:00retatik aurrera egingo dute, Busturiko Altamiran.
Julen Aldanaren debuta.
Etxeko taldekideentzat “berezia” izango da hirugarren aldia: Julen Aldana gidariak debuta egingo du, Alize Etxebarria kopilotu eskarmentatuarekin batera. Etxebarriaz gain, Irati Zigaran eta Alazne Goiri kopilotuek osatuko dute Urdaibai Motorsporteko emakumeen ordezkaritza.