Badator herria zuzeneko musikaz eta biziz betetzen duen jaia
Bihartik (martxoak 26) domekara (martxoak 29) bitartean, Gernikako-Lumoko kale, taberna zein kulturguneak musikaz girotuko ditu Gernikako Lekuek Festibalak. Aurten leku berri bategaz dator jaialdia: Gernikako Gaztetxeagaz.
Entzumenari kasu egiteko, eta lekuetan egoteari arreta jartzeko helburuagaz ailegatzen da aurten Gernika-Lumoko Lekuek Festibala. Bihartik (martxoak 26) domekara bitartean egingo dute udalerria musikaren doinuan ipini ohi duen jaialdi autogestionatuaren XIV. ekitaldia. Hala, zuzeneko emanaldiak gozatu bitartean, entzuten dabiltzana ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta horri balioa eman gura izan diote antolatzaileek. Belarrietan betazalik ez lelopean, entzutea jarriko dute erdigunean, lekuetara joatea baino gehiago, entzutea delako garrantzitsuena, baita ikusten ez denari arreta jartzea ere.
Beraz, berriro dator izaera autogestionatua eta komunitarioa oinarri dituen ekimena. Eta, aurten, leku berri batekin dator: Gernikako Gaztetxea. Lehen aldiz gehitu da zirkuitura, eta, horrela, ohiko espazioei —Kult Parnasoari, Astrari eta Iparragirreri— zein herriko tabernei eta lekuei beste gune bat batu zaie.
Jaialdia, ordea, ez da espazio itxietara mugatuko. Kaleak ere protagonismo berezia hartuko du, batez ere asteburuan. Zapatuan eta domekan, terrazetan eta kalean bertan ekintzak antolatuko dituzte, eta txupinazoa ere Pasealekuan egingo dute bihar, domekako azokarekin batera.
Aurtengo txupina Astrako kideek botako dute, 20. urteurrena bete berri duelako. Antolatzaileen hitzetan, Astraren lana “ezinbestekoa” izan da urte hauetan guztietan, eta Lekuek jaialdiaren oinarrietako bat ere badenez, efemeride horren aitortza egin gura izan diote Astrari: “Astraren lana ezinbestekoa da eta izan da orain arte, eta 20. urteurrena izan denez, eta Lekuekentzako espazio hori ezinbestekoa denez, merezi du jaialdian ere horrek bere espazioa izatea”.
Musika eskaintza anitza.
Lekuek jaialdiak beti izan du musika estiloen aniztasuna bere ezaugarri nagusietako bat, eta aurten ere ildo beretik jarraituko du. Egitarauan, punk, hardcore, stoner, cumbia edota kantautore estiloko proposamenak egongo dira, besteak beste. Artisten artean izango dira Campamento Urbano, Kolpeka, Aposapo, RudeLariak, Guadalupe Plata edota Olaia Inziarte.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, Lekuek antolatzen estilo desberdinetako jendea dago, eta hori programazioan ere hori islatzen da. “Azken finean, artistak beraiek ere ibilbide luzea dute, eta askotariko estiloak jorratzen dituztenak hurbilduko dira udalerrira. Eskaintza zabala egongo da, eta publikoak aukera du artista berriak ezagutzeko”, adierazi dute.
Musika baino askoz gehiago da Lekuek. Lekuek ez da musika hutsera mugatzen. Aurtengo egitarauan bestelako jarduerak ere izango dira, hala nola tailerrak, hitzaldiak, azoka eta ipuin-kontalariak. “Lekuek ez da mugatzen kontzertuetara, bai Astran, bai Kult Parnasoan badago beste mota bateko eskaintza kultural bat; beraz, uste dugu Lekueken hori sartzea badela garrantzitsua”, diote. Besteak beste, EHUko Elektronika Departamentuak gitarra bat nola sortu azaltzeko tailerra eskainiko du, eta Bartzelonatik etorriko da Nando Cruz kazetaria, makrojaialdien inguruko ikerketaz hitz egiteko. Gainera, azoka ere egingo dute, artista txikiei ikusgarritasuna emateko asmoz.
Helburua argia da: kultura ulertzeko modu zabal eta alternatibo bat eskaintzea.
Komunitatearen indarra.
Hala, jaialdiaren beste oinarrietako bat parte-hartzea da. Lekuek ez da soilik kontzertu sorta bat, baizik eta herriko eragile eta boluntario askoren elkarlanetik sortutako ekimena da: “Pertsonak eta eragileak hartzen ditu bere gain”. Astran, Kult Parnasoan eta Iparragirren lanean ari diren komunitateak “funtsezkoak” dira jaialdia aurrera ateratzeko. “Lekuek herritarrok egiten dugun jaia da”, diote: “Guztiz autogestionatua da, eta ez dugu diru-laguntzarik jasotzen. Sarreren, bonoen eta barrako diru-sarreren bidez finantzatzen dugu jaialdia. Urteetan lortzen den diru kopuruagaz antolatzen dugu hurrengo jaialdia. Horrek ahalbidetzen du jaialdiaren gurpilak aurrera egitea”.
Ildo horretan, azpimarratu dute publikoaren babesa ezinbestekoa dela jaialdiaren jarraipenerako: “Jende askok urtero errepikatzen du, jakin barik ere zein taldek joko duten. Horrek erakusten du Lekuekek baduela bere filosofia ulertzen duen komunitate sendoa”.
Izan ere, herriari bizia ematen dion jaialdia da Lekuek. 18.000 biztanle inguruko herri batean lau espazio autogestionatu egotea eta halako jaialdi bat antolatzea “harrotasunerako arrazoia” dela nabarmendu dute. “Lekuekek erakusten du badagoela alternatiba bat makrojaialdietatik harago, badagoela komunitate bat, inongo laguntza publiko barik aurrera egiteko gai dena. Lekuekek erakusten du Gernikan urte osoan zehar badagoela kultura eskaintza aberatsa. Izan ere, Gernikan badago kultura underground eta autogestionatua, eta ez bakarrik egun hauetan. Leku horietan urte osoan dago eskaintza aberatsa, zabala. Eta, Lekuek bada urtean zehar espazio horietan dagoen agenda kultural zabala eta anitza goraipatzeko astea, balio duena jendeari erakusteko Gernikako trenbidearen beste aldean badagoela zer egin”.
Eta, gune eta eskaintza hori babestea garrantzitsua da, eta hala egiten dute herritar askok. Ondorioz, sarreren harrerari dagokionez, antolatzaileek azaldu dute salmenta ondo doala, baina oraindik eskuragarri daudela bonoak eta eguneko sarrerak. “Zenbat eta jende gehiago etorri, orduan eta indartsuagoa izango da Lekuek, eta etorkizunean eskaintza handiagoa egiteko aukera egongo da”.
EGITARAUA.
Gaur.
19:00. Manolo Cabezabolori buruzko Si todavia te jedan dientes es ke no estuviste ahi dokumentalaren emanaldi berezia.
Bihar.
18:55. Astraren eskutik, txupin jaurtiketa, Pasealekuan.
19:00. Segundo Olaeta Banda Sinfonikoa, Pasealekuan.
21:00. Mourn, Iparragirren.
Etzi.
17:30. Astra Txikiren tailerra, Pasealekuan.
18:30. La fisica del rock gitarra tailerra, Astran.
19:00. Gotzon Hermosillaren hitzaldia eta Pintxada, Zarata Recordsen.
20:00. Olaia Inziarte, Lizeo Antzokian.
20:00. Lua Matheus eta Rodrigo Mota, Neguetxean.
20:00. Vuelve Ferralla, Aterpen.
20:00. Dj Latigo, Legoien.
21:00. Barrrk eta Caballo Muerte, Kult Parnasoan.
21:00. Dj Irrintzi, Irrintzin.
22:00. Konpost, Zeppelinen.
22:30. Katiuskak, Janus Lester eta Dj Pelma & Luis, Astran.
Zapatua.
12:30. Microfestivales liburu aurkezpena eta solasaldia Nando Cruzeta Koldo Otamendigaz eta Saguxarren emanaldia, Iparragirren.
13:00. Swing Dantza Taldea, San Juan Ibarratik hasita, kalerik kale.
13:00. Broken Brothers Brass Band, Haizea tabernatik hasita, kalerik kale.
16:00. Skanderani, Alain.
17:00. Libera x Ttakin, Kontrakultura x Makabra eta Dj Tranpas, Liberan.
18:00. Akeer, Gaztetxean.
19:00. Kolpeka, Ipar tabernan.
20:00. Aposapo, Nestter Donuts eta Guadalupe Plata, Iparragirren.
22:30. Dj Rudelari, Xiberoots eta Kingjelly, Astran.
Domekan.
12:00. Disko eta arte azoka, Pasealekuan.
13:00. T.A.P., Arranon.
14:00. Taghufi, Pasealekuan.
16:00. Gaizka Insunza, Aterpen.
18:00. Campamento Rumano, Sistema de entretenimiento eta Dj Lekuok, Kult Parnasoan.