21.000 zuhaitzen bila, denboraldiko azken landaketan
Lurgaia Fundazioak Mendatako Berrekondon egingo du, apirilaren 2an, denboraldiko azkenengo zuhaitz landaketa. Izen ematea bihar [martxoak 26] amaituko da.
Negua atzean uzteagaz eta udaberria bertaratzeagaz batera, Lurgaia Fundazioak denboraldiko azkenengo landaketa egingo du apirilaren 2an. Mendatako Berrekondo inguruan egingo dute, 09:30ean hasita. Aurtengo denboraldian 20.000 zuhaitz landatu ondoren, “21.000 landaketen bila” joateko deia luzatu diete herritarrei. Izen ematea Internet bidez egin beharko dute interesdunek, eta epemuga bihar [martxoak 26] izango da.
Apirilaren 2an, 09:30ean ipini dute hitzordua, Muxikako Ariatzako 1845 autobus geltokiaren aldameneko aparkaleku gunean. Bertan, parte hartzaileak autoetan antolatuko dira, Berrekondora joateko. Antolatzaileek ura eta jateko zer edo zer eroateko gomendatu dute, baita praka luzea janzteko ere; horrez gain, mendiko botak eta uretarako arropa edo aterkia ere komenigarriak izan daitezkeela ohartarazi dute. Izena eman ostean, antolakuntzak baieztapena bidaliko duela azaldu dute.