Olatz Arrizabalaga: "Pena bat da finala galdu izana, baina gustura gelditu naiz egindako lanarekin"
Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak 17-22 galdu dute Alize Sagardui eta Enara Gaminderen aurkako Binakako Txapelketa Nagusiko finala. Gernikarrak ezin izan du seigarren txapela jantzi.
Momentuz ez. Olatz Arrizbalagak ez du Binakako Txalpelketa Nagusiko seigarren txapelik jantzi. Izan ere, Arrate Bergararekin batera Alize Sagardui eta Enara Gaminderen aurkako finala irabaziko balu, binakakoan seigarren txapela eskuratuko lukeen. Baina bost tantoren aldeagaz galdu zuten finalak berak eta Bergarak: 17-22. Beraz, binakako seigarren txapela janztearen ametsak beste urtebetez itxaron behako du. Bestalde, domekakoarekin, hiru Binakako txapel jantzi ditu Gamindek eta, inolako zalantzarik bazen, egungo pilotaririk onena dela berretsi zuen.
Markarik ez zen izan atzokoan, baina bai final “eder eta gogor” bat, Eibarko Astelehenan lehiatutakoa, frontoi industrial bete-betean. Finala “gogorra eta luzea” izan zela onartu du Arrizabalagak, baina gustura gelditu zela ere aitortu du: “Nahiko gustura gelditu nintzen egin nuen lanarekin. Pena bat izan zen finala galtzea, hobeto joka genezakeelako, baina asko gozatu dudan txapeleta izan da. Nire helburuetako bat finalaz gozatzea zen eta lortu nuen”.
Iazko arantza ateratzeko asmoz ziren pilotari gernika-lumotarra eta Bergara, izan ere partida guztiak irabazita eta txapelketa perfektua eginda heldu ziren finalera. Baina egunik erabakigarrienean Gaminde izugarri batekin egin zuten topo. “Txapelketa guztian zehar galdu dugun partida bakarra finalekoa izan da. Tarte txar txiki bat izan genuen, finalak lehiatzea ez baita batere erraza, baina, joan den urtekoarekin alderatuta uste dut sekulako txapelketa egin dugula, kristoren maila erakutsi dugula eta iazkoa baino koxka bat gorago gaudela. Uste dut joan den urtean baino lan gehiago egin behar izan dutela aurkariek aurten guri irabazteko, eta alde horrekin geldituko naiz”, onartu du Arrizabalagak.

Eta hala izan zen. Lehen bi tantoetan Gamindek ezkerrez arrimatutako bi pilota eraman gabe utzi zituen arren, Laukizkoak jarritako erritmoan jokatu zuten finala eta binakako berdinketatik aurrera, gorriak beti aurretik joan ziren markagailuan. 14 urterekin, Sagarduik ez zuen urduritasunik nabaritu, ondo ulertu zuen garaipena atzean zegoela eta oso partida serioa jokatu zuen, eskuin eskua apur bat mindu zaion arren.
Bere eskuinarekin partida hautsi zuen Laukizkoak (20-10) bere pilotalekurik kuttunenetako batean, Bergarari sufrikario bat sortaraziz. “Momentu horretan asko urrundu ziren. Hasieran gu aurretik hasi ginen, baina erdi partean beraiek tarte oso handia hartu zuten, eta erreakzionatu genuenerako edo hobeto jokatzen hasi ginenerako hamar tarteko aldea zegoen markagailuan, eta hamar tantoko alde horregaz, 21-11tik 21-22ra igarotzea oso zaila da, are gehiago kale edo balera jokatuta”, azaldu du aurrelari gernikarrak. Lortu zuen sei tanto segidan egitea, aurreko koadroetan, baina aitortu du tartea “handiegia” zela dagoenerako.
Baina partida atzean erabaki zen: “Nik hasieran ez nuen pilotakada askorik jo. Uste dut lau pilotarietatik pilotakada gutxien nik jo nituela, ze Enarak nire gainetik oso errez igarotzen zuen pilota, eta oso atzetik hasi behar nintzen erasoan. Eta, defetsatik partida bat irabaztea ez da erraza izaten. Beste urte edo partida batzuetan ere tokatu izan zait horrela jokatzea, eta oraingoan, amaiera partean lortu dut partidaren batuta hartzea, baina beranduegi zen eta ez zen nahikoa izan”.
Hala ere, amaierara arte borrokatu zuten. Arriskuak hartuz, sake-errematean asmatuta, partidaren azken txanpan markagailua estutzea lortu zuen Arrizabalagak, partida lau tantora hurbilduz (21-17). Goraipatzekoa da azken unera arte borrokan jarraitu izana eta partida amaieran partida estutzea: “Amaierara arte borrokatzea zen helburua. Gainera, jokoz oso ondo ikusten nuen nire burua, jolasteko gogotsu nengoen, asko gozatzen, eta, ateratzen zena ateratzen zela, aurrera egitea erabaki nuen. Eta lortu nituen tanto on batzuk, estutu genituen aurkariak apurbat”.

Txapelketaren balorazio “ona” egin du, beraz, Arrizabalagak. Onartu du seigarren txapel hori lortu nahi duela, txapelketa “polita” delako. “Seigarren txapela lortzea bada nire helburuetako bat. Baina ikusita eskuetatik oso ondo nagoela, joko ona egiten nabilela eta apurbat gorantz egin dudala, badakit txapel horren inguruan ibiliko naizela etorkizunean ere bai. Aurten ez da izan, iaz ez zen izan, baina hurrengo urtean berriro borrokatuko dugu, ze, badakit nabilen moduan jarraituz gero, hor egoteko aukerak izango ditudala”, onartu du, eta etorkizuneko erronka horrekin “gogotsu” agertu da.
Hala ere, ez da lortzeko erronka erraza izango, lehiakortasuna “asko handitu” baita azken urteetan. “Aurtengo txapelketa nahiko gogorra izan da. Zazpi bikote parekatu aritu gara, eta oso partida gogorrak izan dira. Azken jardunaldira arte ez da jakin nor sailkatuko zen finalera, edozein sailka zitekeelako. Gu oso ondo ibili gara, baina kostatu zaigu partida batzuk aurrera eroatea. Beraz, poztekoa da maila gero eta gorago doala ikustea. Seinale ona da pilotarentzat”, dio.
Orain, deskantsua hartuko du, baina ez asko; izan ere, Aste Santuan Munduko Txapelketan parte hartuko du Argentinan.