Elantxobe, Bermeo eta Badok 13, III. Alakrana Erronkan garaile
Eskuldeko arraun taldeek maila handia uretaratu dute III. Alakrana Erronkan: Bermeok eta Elantxobek banderak altxatu dituzte, hurrenez hurren, gizonezko eta emakumezko nagusien lehietan; etxeko taldea, Mundaka, bigarrena izan da beteranoen estropadan.
Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak. Gogoangarria izan zen zapatuko [martxoak 22] Alakrana Erronkaren III. ekitaldia. Eguraldiagatik dataz aldatu behar izan arren, bigarren saiakerak fruitua eman zuen, eta Mundakako Arraun Taldeak antolatutako arraun arratsaldea ederra besteko lehiatua izan zen. Beterano mistoen eta nagusi mailako gizonezko zein emakumezko estropada lehiatu zituzten. Eskualdeko hiru taldeek maila handia plazaratu zuten eta haietako bik, Elantxobek eta Bermeok, banderak ere altxatu zituzten.
Ipar haize gozoagaz eta olatu handiegirik gabe, 3.350 eta 5.350 metroko estropada guneari aurre egin behar izan zioten parte hartzaileek; beterano mistoek eta emakumezkoek San Antonio hondartzaren parean eduki zuten hasiera eremua, eta gizonezkoek, ostera, Muruetako ontziolan. Hain zuzen, beterano mailan egon zen lehiarik estuena. Badok 13 talde oriotarra faborito nagusia zen, eta hautagaitza hura uretan berretsi zuen, maila handiko garaipena lortuz. Hori bai, etxeko taldeak gauza oso gaitz ipini zizkien gipuzkoarrei, eta lau segundotara helmugaratu ziren. Ñabardurarik txikiena ere “esangura handia” eduki zuen estropadan, eta edozein maniobra “bikain egitea” giltzarri izan zen. Azkenean, Badok 13k 15.06,42an gelditu zuen erlojua. Mundaka A izan zen, irabazleagaz batera, lanak hamasei minutuen langatik behera biribildu ahal izan zituen bakarra; bisonteek 15.10,84ko erregistro “oso lehiakorra” sinatu zuten etxean.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Atzetik ere egon zen lehiarik. Izan ere, beteranoen estropadak erakarri du aurtengo parte hartzerik azpimarragarriena. Hirugarren postua Fortunarentzat (16.11,29) izan zen, Iberiaren (16.18,26) eta Bilboren (16.24,58) aurretik. Ondoren, honakoak sailkatu ziren: Esteirana, seigarren (16.28); Plentzia, zazpigarren (16.32,17); Aizburua, zortzigarren (16.53,71); Mundaka B, bederatzigarren (17.02,36); azkenik, Sestao, hamargarren (17.33,50).
Emakumezkoen nagusi mailan, Elantxobe izan zen parte hartzaile bakarra. Hain zuzen, datozen urteei begira, emakumezkoen esku hartzea “bultzatzen jarraitzea” izan da antolatzaileen helburua: “Aurretiaz talde gehiago izena emanda zeuden, baina data aldaketak kalte egin zigun, martxoan hainbat klubek beste toki batzuetan arraun egitea aurreikusita baitzuten. Hurrengo urteetan, arlo horretan behar egiten segituko dugu”. Elantxobetarrek 18.01,54ko denbora egin zuten.

Gizonezkoen estropadak ere azken orduko hutsegiteak izan zituen, eta hark lehia eskualdeko kluben artean erabakitzera mugatu zuen. Bermeo zen hautagaia, eta ez zuen kale egin: 20.36,93ko denboragaz irabazi zuen proba; Mundaka bigarrena izan zen, 21.12,72koagaz; Elantxobe, hirugarrena, lanak 22.09,90ean osatuta. Antolatzaileek bermeotarren maila nabarmendu dute: “Jakitun gara TKE Ligako maila oso handia dela, baina Bermeok erakutsi zuen aurtengo denboraldian Oriorekin edota gainontzeko klub handiekin parez pare lehiatzeko prest dagoela; Mundakan beren mailaren lagin ederra plazaratu zuten”.
Egonkortzea, jomuga.
Bestalde, arratsalde osoan zein iluntzean Mundakan nabarmendutako “arraun giro atsegina” azpimarratu dute: “Tala jendez bete zen, probez gozatzeko; behin lehia amaituta ere, herrian lagunarteko aldarte itzela egon zen eta, hortaz, dena bikain atera zela esan daiteke. Hurrengo urteari begira, parte hartzea handitzea, talde gehiago erakartzea, emakumezkoen arraunaren bultzadan lanean jarraitzea eta, oro har, Alakrana Erronka taldeen egutegietan finkatzea izango dira bilatu beharreko helburuak”.