Diasporako ahotsak, oroimen kolektiborako
Belaunaldiz belaunaldi diaspora osatu duten euskaldunen testigantzak batu ditu Badihardugu Euskara Elkarteak, Euskal Diasporaren Ahotsak egitasmoa tarteko. 100 grabazio ordu baino gehiago bildu dituzte AEBn, euskal diasporako 106 pertsonen testigantzak jasoz, bost estatutan zehar. Diasporako Ahotsak webgunean jarriko dituzte aurten ikusgai.
Argazkia: Badihardugu Euskara Elkartea Euskal Herritik mundu zabalera joandako euskaldunek osatzen dute euskal diaspora, hainbat arrazoi direla eta migratu behar izan dutenek. Euskal komunitatea munduan barreiatuta dago, baina, hemengoen bizipenez harago, kanpokoenenak ere ezagutzeko, euskal diasporako euskaldunen testigantzak batu ditu Euskal Diasporaren Ahotsak egitasmoak: Diasporako Ahotsak webgunea sortu dute. Izan ere, euskalduntasuna bizitzeko hainbat modu daude, Euskal Herrian zein munduan, euskalduna ez baita bakarrik Euskal Herrian bizi, eta hemendik urrun dauden horiengan jarri dute arreta oraingoan.
Euskal Herriko ahozko oroimena bildu eta babesteko egitasmo sozial eta kultural gisa jaio zen 2000. urtean Ahotsak proiektua. Eta apurka-apurka zabaltzen joan da: elkarrizketak egiten, landuz, eta artxibategia bizirik mantentzen segitzen dute, euskara zein herri historia bultzatzen jarritzeko asmoz. Orain, baina, Euskal Diasporaren Ahotsak egitasmoarekin, bi proiektuek “euskararen biziraupena, hizkuntza aniztasuna eta diasporaren memoria zaintzeko” konpromisoa hartu dute, Euskal Herriko historiaren eta nortasunaren “ezinbesteko osagaiak” direlako. Izan ere, Ahotsak egitasmoan bi hamarkada baino gehiago daramatzate Euskal Herriko ahozko ondarea eta euskalkiak batu, zaindu eta zabaltzen, eta, orain, Badihardugu Euskara Elkarteak beste urrats bat gehiago egin du, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Izan ere, ahozko ondarea jasotzean, oroimen historikoa, bizitza ikuskerak eta euskal kosmogonia jasotzen dira.
Belaunaldiz belaunaldi diaspora osatu duten euskaldunen testigantzak batzea da egitasmoaren helburu nagusia, euskal herritarren oroimen kolektiboa sendotzeko. Zehatz-mehatz, haien bizipenak, euskararekin daukaten harremana eta Euskal Herriarekin daukaten lotura izan dira gai nagusiak, baita, migrazioak, euskararen transmisioak eta nortasun hibridoen eraikuntzak baldintzatutako bizitza historiak ere.
Euskal diaspora oso zabala denez, euskaldunengan jarri dute fokua, euskal hiztunengan: “Euskal nortasunari eusteko euskara aukeratu dutenengan jarri dugu fokua”. Hori horrela, hizkuntza herri nortasunaren erdigunean jarrita, hainbat belaunalditako euskaldunak elkarrizketatu dituzte: adinekoez gainera, baita hurrengo belaunaldiak ere, diasporan jaio eta euskara ikasi dutenak. “Batetik, bizitza historiak jasotzen ditugu, euskal familia askoren esperientziak, eta, bestetik, diasporako errealitateak: diasporan euskalduna izatea nolakoa den, zer harreman daukaten euskararekin eta Euskal Herriarekin. Horrez gain, zer ikuspegi daukaten migrazioez, integrazioaz, bizikidetzaz eta hizkuntza zein kultura aniztasunaz ere jaso dugu”.
Euskal Herrian hasi ziren elkarrizketekin, euskal diasporan bizi izan direnak eta bisitan datozenak elkarrizketatzen. Hala ere, landa lan handiena Ameriketako Estatu Batuetan egin dute: 100 grabazio ordu baino gehiago bildu dituzte, euskal diasporako 106 pertsonen testigantzak eta bizitza ibilbideak. Idoia Etxebarria eta Itziar Sapsoothan Badihardugu elkarteko kideek egin dute lan hori, hilabete eta erdiz, AEBko bost estatutan: Idahon (31), Oregonen (1), Utahn (6), Nevadan (29) eta Kalifornian (39). Guztira, 37 emakume eta 69 gizonezko elkarrizketatu dituzte, eta, esan dutenez, bildutako ikus-entzunezko materiala “oso baliotsua” da: “Jaioterritik urrun dauden testuinguruetan euskarari zelan eutsi dioten eta euskara nola transmititu den ezagutzeko material baliotsua da hau”.
Materiala biltzeaz gain, webgune berri batean argitaratuko dute guztia: dagoeneko, proiektuko lehenengo edukiak kontsultatu daitezke, tartean, elkarrizketatuen biografiak eta bilketa lanaren oinarrizko datuak. Hala, euskal diasporaren parte direnen eta webgune horretan daudenen artean, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko hainbat bizilagun ezagutu daitezke: bertokoak diren baina AEBtara emigratu zuten 41 pertsonaren testigantzak ageri dira; Busturialdeko 20 bizilagunenak eta Lea-Artibai zein Mutrikuko 21enak.
Ondarea, herriaren esku.
Aurten, 50 grabazio ordu lantzea aurreikusi dute elkarteko kideek, eta elkarrizketatutako pertsona askoren bideo pasarteak sarean ikusgai ipiniko dituztela jakinarazi dute. Horrenbestez, webgunearen bidez, Ahotsak egitasmoan horren oinarrizkoak diren hedapen lana eta lan pedagogikoa ahalbidetuko dituzte, “ondare hori guzta herritarren, ikertzaileen eta belaunaldi berrien esku ipiniz”.
Badiharduguko kideek esan dute AEBra egindako bidaia “maratoi baten parekoa” izan dela: “Nekagarria, baina esperientzia oso ederra”. Euskal komunitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, eta “erabat aberasgarria” izan da.
Beste alde batetik, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Ziortza Olanok euskal diasporako ahotsak bertara ekartzearen garrantzia azpimarratu du, euskara diasporan bizirik mantendu delako. Gainera, hizkuntzak komunitatearen “kohesioa eta kultur transmisioa posible” egiten dituela gehitu du, euskal ohiturak eta mundu ikuskera bizirik mantenduz: “Egokitzapen prozesua da; nortasuna garatu egiten da eta testuinguru berrietan integratu, desagertu gabe. AEBn euskara ez da ikur estatikoa, bizirik mantendu duten ondare bizia baizik”.
Busturialdeko elkarrizketatuak:
- Alejandro Homaetxebarria Monasterio: Kortezubi – Idaho.
- Amador Zabalbeaskoa Idoiaga: Ibarrangelu – Kalifornia.
- Ane Miren Ozamiz Alberdi: Gautegiz Arteaga – Nevada.
- Bitorio Sasiain Aiestaran: Bermeo – Idaho.
- Carlos Urriolabeitia Gorroño: Muxika – Idaho.
- Iñaki Mendiola Ordorika: Gernika-Lumo – Idaho.
- Javier Gomeza Arrozpide: Arratzu – Oregon.
- Jesus Lopategi Lauzirika: Muxika – Nevada.
- Jose Uriona Jaio: Muxika – Idaho.
- Jose Zubizarreta Agirre: Gernika-Lumo – Idaho.
- Jose Luis Lejarzegi Inunziaga: Muxika – Idaho.
- Jose Mari Sarasua Lezamiz: Mundaka – Nevada.
- Joseba Txertudi Ikazuriaga: Kortezubi – Idaho.
- Julio Zabala Bernaola: Ereño – Idaho.
- Kepa Txertudi Ikazuriaga: Kortezubi – Utah.
- Lino Zabala Gorriño: Mendata – Idaho.
- Maite Uriagereka Ozamiz: Bermeo – Nevada.
- Mari Carmen Egurrola Albizu: Gernika-Lumo – Idaho.
- Ramon Zugazaga Agirreazpeiti: Gernika-Lumo – Nevada.
- Sabino Beaskoetxea Gabika-Aldekoa: Nabarniz – Idaho.