'Arte eta Naturaren Bisita Artistiko Gidatua' antolatu dute apirilerako
Ereñoko Udalak Ereño Behatokia: Arte eta Naturaren Bisita Artistiko Gidatua egitasmoa antolatu du apirilerako, udlerriko natur zein kultur ondarea “ikuspegi artistiko batetik” ezagutarazteko asmoz. Hiru saio prestatu dituzte: bi apirilaren 2an izango dira, 11:30ean eta 17:00etan; 4an, ostera, 12:00etan egingo dute. Ekimenak Ereñoko Museoa egingo duten bisitaldia eta udalerriko harrobietan kokaturiko Arte eta Naturaren begiralekura arte ibilbide gidatua barnebilduko ditu.
LePatafisic Cabinet kolektibo artistikoa osatzen duten kide biak, Roberto Garai eta Alberto Palomera, izango dira azalpenak emateko ardura edukiko dutenak, eurak baitira, hain zuzen ere, aipatutako espazio edo proiektuen egileak. Ibilbidean zehar, azaldu dutenez, Garaik eta Palomerak beren obren sormen prozesua azalduko die bertaratzen direnekin, baita “artearen, paisaiaren eta natura ondarearen arteko hartu-emana” ulertzeko argibideak emango dituzte.
Doako bisialdiak izango direla aurreratu dute, baina aldez aurretik izena eman beharko dute interesdunek, ekimenak toki kopuru mugatua edukiko baitu. Izena emateko edota informazio gehigarria eskuratzeko, Turismo Urdaibairen web orrialdera jo beharko dute. Era berean, udal ordezkaritzak herritarrei parte hartzeko deialdia luzatu die, tokiko ondarea hobeto ezagutzeko eta ingurune naturalaren balioa aintzatesteko “aukera paregabea” baita.