Gernika-Lumoko EAJk proposatu du liburutegiaren proiektua definitzeko parte-hartze prozesua abiatzea
Jeltzaleen ustez, udalerriarentzat estrategikoa den proiektu batek herritarren "inplikazio zuzena" izan behar du, eta, mozio bidez, udalari Pasealekuko proiektuari buruzko parte-hartze prozesua abian jartzeko eskatu dio.
Gernika-Lumoko EAJk Pasealekuko udal liburutegi berriaren proiektuari buruzko mozio bat aurkeztu du udalean, proiektu horri buruzko parte-hartze prozesua abian jartzea eskatzeko. Jeltzaleek esan dute parte hartze prozesua martxan jartzearen helburua “proiektua behin betiko garatu aurretik” herritarren ekarpenak jasotzea dela, herritarren iritzia “garrantzitsua” baita eurentzat. Ondorioz, esan dute parte hartzea ezin dela “izapide hutsa” izan: “Parte hartze prozesuak tresna eraginkorra izan behar du proiektua hobetzeko eta Gernika-Lumoren etorkizunari eragiten dioten erabakietan asmatzeko”.
Urtarrileko osoko bilkuran prozesu hori martxan jartzeko beharra ikusi zutela gogoratu dute, eta, jakinarazi dute gai hori mahai gainean jarri dutela martxoko Hirigintza Batzordean; hala ere, esan dute udal gobernu taldeak oraindik ez duela zehaztu hori nola bideratuko duten. Jeltzaleen ustez, horrelako proiektu bat “ezin da herritarrei bizkarra emanda” garatu. Ondorioz, gernika-lumotarren iritzia kontuan hartzeko eskatu dute. Hala, mozioaren bidez, udalari proposatu diote prozesu parte hartzaile “zabala” sustatzea, “etorkizuneko liburutegiaren diseinuari eta erabilerei buruzko proposamenak eta hausnarketak jasotzeko”.
Era berean, hori Hirigintza Batzordean lantzea ere proposatu dute, “udaleko talde politiko guztien parte hartzearekin”, garapen partekatua eta adostua bermatzeko helbsuruz. “Pasealekuko liburutegia funtsezko azpiegitura izango da udalerriarentzat, eta, horregatik, herritarren benetako beharrei erantzun behar die eta espazio erabilgarri, dinamiko eta irekia izan behar da”, esan dute EAJko udalerriko ordezkariek.