Esku pilotaren historian mugarria ezartzeko prest
Olatz Arrizabagalak bere binakako seigarren txapela lortzearren borroka egingo du domekan [martxoak 22], Arrate Bergaragaz batera eta Alize Sagarduiren zein Enara Gaminderen kontra.
Argazkia: Emakume Master Cup. Olatz Arrizabalagak emakumezkoen esku pilotak duen final handien jokatuko du domeka honetan [martxoak 22]: Emakume Master Cupen binakako txapelketarena. Arrate Bergara tuterarragaz batera, txapela seigarrenez janzteagatik borroka egingo du aurrelari gernika-lumotarrak; balentria hori erdiesten historiako lehen pilotaria litzateke —emakumezko zein gizonezkoak barne—. Aurrez aurre, maila handiko arerioak edukiko dituzte, Eibarko Astelena pilotalekuak 12:00etan hartuko duen azken guduan.
Izan ere, Enara Gamindek egungo atzelaririk lehiakorrena dela frogatu du; txapelketa hirugarrenez poltsikoratu asmoz kantxaratuko da laukiztarra. Bere aldamenean, ekitaldi honetako sorpresa nagusia, Alize Sagardui, ariko da. 14 urterekin, txapelketaren maila zein presioari aurre egiteko gai dela bistaratu du goizuetarrak.
Olatz Arrizabalaga: “Gaminde egungo banakako zein binakako txapelduna da; kantxan dagoen guztietan, hautagaitzat jo daiteke”
Emakume Master Cupen hamarkada bateko bidea ospatzeko modu hoberik ez da egongo, beraz. Batetik, Arrizabalagak eta Bergarak lehia osoan beren hautagaitzaren solidotasuna erakutsi dute, jokatutako partidu denak patrikaratuta; bestetik, Sagarduik eta Gamindek behetik gorako dinamika eduki dute, eta unerik erabakigarrienera egoerarik lehiakorrenean iritsiko dira. Gernika-lumotarrak, urteko lehen helburu handiaren atarian, azaldu du txapelketa “gogo handiz” prestatu zuela, eta finalera orain arte “oso gustura jokatzen” iritsiko dela: “Finalari begira, oso motibatuta nago. Ondo jokatzea da lehen helburua, eta, txapela lortuz gero, are hobeto”.
Ligaxkak emandakoari erreparatuta, aitortu du eurak “faboritoagoak” direla, baina, era berean, ez du uste “hain faboritoak” direnik: “Gaminde egungo banakako zein binakako txapelduna da; kantxan dagoen guztietan, hautagaitzat jo daiteke”. Sagardui izango da azken agertokiko zalantza nagusia. Izan ere, nafarrak oinarrizko kategorietan irabaz daitekeen guztia lortua du, baina bere gaztetasuna eta, alde horretatik, finala ez ezagutzeak eragin diezaioke.