Eman ditu lehen pausoak 24. Korrikak
Gaur hasi da euskararen aldeko lasterketa Atharratzen, eta Bilbon amaitu bitartean –hilaren 29an–, 'Euskara gara' lelopean, askotariko eragileak elkartuko ditu Korrikak. Lehenengo kilometroa Euskal Irratietako ordezkariek eroan dute. Martxoaren 26 goizaldean eskuz esku ibiliko da lekukoa Busturialdean.
Euskal Irratiek eroan dute lekukoa lehenengo metroetanAEK Euskara gara lelopean abiatu da 24. Korrika. Martxan da txikitasunaren garrantzia erdigunean jarriko duen lasterketa, komunitatearen indarra islatuko duena. Herri oso bat lotzeko eta herri oso bat bizirik sentiarazteko euskararen aldeko ekimen erraldoia da Korrika, eta horren alde hasi dira herritarrak arineketan Atharratzen, 15:30ean. Hala, martxoaren 29an Bilbon amaituko duten ibilbidearen hasierako pausoak emateko ardura eta ohorea izan dute Euskal Irratiek; Ipar Euskal Herriko euskarazko irratiak biltzen dituen sarea da Euskal Irratiak.
Horiena izan da lehenengo kilometroa, eta Euskal Irratietako Irulegiko Irratiko Xarlot Etxeberrik eta Euskal Irratien lehendakari den Ximun Carrerek eraman dute lekukoa lehendabiziko kilometroan, banderolaren atzean beste irratietako ordezkariek segituta. Ze, han izan dira Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegi Irratia, Amikuzeko Irratia eta Antxeta Irratiko langile eta laguntzaileak. Hala, Korrikak Ipar Euskal Herrian euskarazko kazetaritzak euskararen normalizazioan egiten duen lana goraipatu du, “ezinbesteko tresna” gisa ulertzen baitituzte Iparraldekoen egunerokotasunean: “Eskerrik asko euskararen normalizazioan egiten duzuen lanagatik, kalitatezko informazioa eskiniz”.
Euskara guztiontzako aterpe erosoa dela erakutsiko du aurtengo Korrikak, eta, Basaburutik, euskararen egoera “larria” den gunetik, euskararen transmisioa eta erabilpena ez direla eten erakutsi dute, baita euskaraz bizitzeko nahia badagoela ere. Hala, horrelako jai errraldoia helduen aktibazio linguistikorako tresna izatea espero dute bertakoek.
Aurkezpenean, Ipar Euskal Herriko AEKren lehendakari Maider Heguyk eta AEKren Nazio Kontseiluko kide Bixente Calveriek argi adierazi dute zein beharrezkoa den Korrika: “Euskararen aldeko engaiamendua da Korrika, euskara defendatzeko, maitatzeko eta transmisioan segitzeko”. Izan ere, gogoratu dute, 24. Korrikaren atarian, AEK-k lehengo behar berdinak dituela: euskararen aldeko kontzientzia piztea eta AEKren eguneroko lana indartzeko dirua biltzea.

24.Korrikaren hasiera ekitaldia, AtharratzenAEK
Eta, Claveriek aipatu bezala, Korrikaren Atharratzetik Bilborainoko bideak badu zenbait parekotasun euskararekin: “Herri oso bat zeharkatzea, herri oso bat lotzea eta herri oso bat bizirik sentiaraztea”. Euskara gara lelopean, euskara “gure identitatea” dela azpimarratu du: “Euskara gara gu, eta gu gabe ez dago euskararik”.
Korrika hasi aurretik, baina, euskararen egoera larriari ere erreferentzia egin diote Heguyk eta Calveriek. “Ofizialtasun falta, oldarraldi judiziala eta instituzioen atzerapausoa euskararen garapena oztopatzen ari dira. Horregatik, helduen euskalduntzea ardatz nagusi bihurtu behar da, doakoa eta unibertsala izan behar da”, argi adierazi dute. Izan ere, gogoratu dute helduen euskalduntzearen finantziazioa “ezegonkorra eta murritza” dela, eta “doakoa eta unibertsala” izateko bidean, baldintzak behar direla azpimarratu dute: “Euskararen egoera larria da, eta jauzi politiko eta estruktural bat behar da. Euskararen erakunde publikoak iaz adierazi zuen modura, 2050erako, Ipar Euskal Herriko hiztun kopurua %30era iristeko, 40.000 euskaldun gehiago behar dira. AEKn apustua onartzen dugu, baina, horretarako baldintzak beharko dira: lidergo politikoa, hizkuntza politika sendoa eta baliabide errealak“.
Eta, gogoratu dute, Korrika ez dela kilometroak egitea bakarrik, ez dela lekukoa eskutik eskura pasatzea bakarrik: engaiamendua da. “24. Korrikan argi dugu: Euskara gara. Euskara da gure identitatea, euskara gu gara, eta gu gabe ez dago euskararik. Horregatik gaude hemen, gaur eta beti euskara hartzeko, maitatzeko eta transmisioan segitzeko. Iparraldetik hegoaldera egiten dugun bide honek erakutsiko du euskarak ez duela mugarik. Korrikaren erritmoan, ttipi-ttapa, herri bakoitza euskararen plaza bihurtuko da; pertsona bakoitza hizkuntzaren zaindari txiki baina indartsua izango da. Eta argi esaten dugu: hizkuntza hau ez da geldituko. Eramango dugu aurrera, emango diogu bizia: lanean, eskoletan, saretuz lagunartean, musikan, ametsetan… Eta, Bilbon amaitzen denean, ez da azken oihua izango. Ez. Aurtengo Korrika amaitzen denean, berriz hasiko da: ikasgelan, etxean, familia bazkarietan, eta kantu berrietan. Euskara gara, eta hori ez da sekula geldituko”.

Jendetza elkartu da AtharratzenAEK
Basaburuko euskalgintzaren izenean, Oihana Larrandaburu Sohutako ikastolako zuzendariak hartu du hitza ekitaldian. Euskarak “behar duen lekua hartu behar duela” azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie belaunaldiz belaunaldi euskararen alde “inurri” lana egiten ibili diren guztiei, “haiei esker euskara garelako”. “Ez dezagun ahaztu, aurretik, debekuz debeku, borrokaz borroka, hainbeste jendek egin duen lana. Asko dira euskararen alde borrokatu direnak. Duela 40 urte abiatu zen Korrika bertatik, eta ekainean bertatik hasiko zela jakin genuenean, izugarriko poza eta harrotasuna sentitu genituen”, onartu du.
Eta, gehitu du Xiberoko txokoetan sekulan ezagutu ez duten Korrika kulturala “aberatsa eta anitza” izan dela egunotan: “Denak euskaldun gara, euskara gara. Euskal Herriaren argiak euskara zeharka dezala, ekialdetik mendebaldera, Atharratzetik Bilbora”.
Gure Eskuren deia.
Gure Eskuk “ikurren uholdea” sortuko du Korrikak iraun bitartean. Plataformak “herri harrotasuna” erakutsi gura du Korrikak irauten dituen egunetan, eta, horretarako, ikurrinak kalera ateratzeko deia egin du: “Ikurren uholdea sortuko dugu 11 egunetan, Korrikak gure errepideak zeharkatuko dituen bitartean”.
Euskararen aldeko lasterketak 2.180 kilometro egingo ditu guztira, 3.436 lekuko hartze inguru izango ditu, eta 460 herri ingurutatik igaroko da; hala, martxoaren 25ean eta martxoaren 26 goizaldean zeharkatuko ditu Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdea, hurrenez hurren. Eta, Korrikaren etorrerarako girotzen hasteko ordua heltzeko gogotsu daude herritarrak, denetariko ekintzak antolatu baitituzte hurrengo egunetarako.
Eta, Korrika ailegatzen denean, lasterketako irudiak jasotzeko deia ere egin dute. Izan ere, Mirokutana ekoiztetxea eta AEK-Korrika euskaren iragana, oraina eta etorkizuna ardatz izango dituen Jalgi hadi dokumentala grabatzen ari dira.

24.Korrikaren hasierako metroakAEK
Eta, oraingoan, jendeari ikus-entzunezkoaren protagonista izateko gonbidapena egin diote. Izan ere, dokumentalaren sortzaileek Korrikaren indarra eta emozioa zuzenean jaso gura dute. Horretarako, lasterketa bera grabatuko dute eta herritarrei beraien bideoak grabatzeko eta bidaltzeko deia egin diete, bi ekimenen bidez: batetik, Korrikaren makilaren bidez, eta, bestetik, bide testigantzen bitartez.
Korrika makila —kamera bat duen makila— Korrikako lekukoarekin batera ibiliko da hainbat herritan, eta parte hartzaileei kamera eskuz esku pasatzeko deia egin diete, “Korrikan bizi duten emozioa eta giroa grabatzeko”.
Bestalde, ekimenak herritarrei beraien bide testigantzak bidaltzeko aukera ere ematen die: kanal bat zabaldu dute, eta parte hartzaileek bideo batean kontatu dezakete eurentzat euskara eta Korrika zer diren. Esan dutenez, grabaketa horiek Korrikan bertan, aurretik edo nahi den unean egin daitezke, horien bidez Mirokutana ekoiztetxeak Euskal Herri osoko testigantzekin mapa kolektibo bat osatzeko. Hala, grabatutako bideoak https://jalgihadi.wetransfer.com/ helbidera botatzeko eskatu dute.
Proiektua aurreko ikasturtetik dago martxan eta helburua da 2027ko Zinemaldian aurkeztea.