Zarrabentako ehun urteko eukaliptoa neurtzeko bilduko dira
Zapatuan (martxoak 21) 12:30ean jarri dute mendatarrek hitzordua Zarrabarri Elkartean, Mari Tere Agirreren ehun urteko eukaliptoaren neurriak jakitera emateko. Ostean, mokadutxoan bilduko dira guztiak Zarrabentako txokoan.
Mendatar bi, neurtuko duten eukaliptoa inguratzen.Jose Undabarrena Mendatan hitzordu berezia finkatu dute zapaturako (martxoak 21). Izan ere, Mendatako Zarrabenta auzoan 100 urte inguru dituen eukalipto bat dago, ustez Mari Tere Agirre mendatarrarena dena. Ba, zapatuan bertan eukaliptu hori neurtzeko bilduko dira zenbait herritar, aditzera eman dutenez. Benjamin Erleaga izango da zuhaitzaren neurketaren protagonista, bera izango baita neurtuko duena.
Zarrabarri Elkartean elkartuko dira interesdun guztiak, 12:30ean, eta azaldu dute handik zuhaitza dagoen tokira arte oinezko txangotxoa egingo dutela: “Guztiok batera joango gara oinez eukaliptura heldu arte. 5 minutu inguruko txangoa izango da oinezean, eta errepide ertzetik joango gara. Aldaparik gabeko bide erraza da”. Neurketa bera, ordea, 13:00ak aldera izango dela aurreratu dute.
Horrez gain, Erleagak neurria esan bitartean, ustezko neurriaren inguruko apusturen bat zein beste egiteko aukera ere izango dela nabarmendu dute, beti ere “giro lagunkoiean”. Behin neurria dakiten, gainera, Zarrabentako txokora bueltatuko dira bertaratzen diren guztiak, eta esan dute han pintxoak eta edariak egongo direla denentzat.
Gauzak horrela, zapatuan Mendatara animatzeko deia zabaldu dute herritarrek, herrian hain esanguratsua den eukaliptoaren inguruko etengabeko zalantza horiek argitzeko “hitzordu ezin hobea” izango baita, eta gainera gero mokadutxoa ere izango baita.