Onintza Enbeitak jantzi du eskualdeko txapela
Busturialdeko Bertsolari Txapelketa irabazi du Onintza Enbeita bertsolari muxikarrak, Aitor Etxebarriazarragagaz buruz burukoa lehiatu ostean. Itziar Foruriak jantzi zion txapela, eta Lilibertsoren lana azpimarratu zuen txapeldunak.
Busturialdean bertsozaletasuna bizi-bizirik dago, eta hori argi geratu da Busturialdeko Bertsolari Txapelketak iraun duen bitartean. Bertso eskola edo taldeak dira bertsolaritzaren harrobia, eta bertsozaletuek hauspotzen dute bertsoa. Lilibertso bertso eskola eskualdeko harrobia zaintzen duen horietakoa da, eta beste urte betez, bertsolari, bertso ikasle eta bertsozaleak bildu dituen Busturialdeko Txapelketa antolatu du. Joan den zapatuan (martxoak 14) lehiatu zuten finala Astran, eta bertan bildu ziren eskualdeko bersolari edo bertsozale asko eta asko, lagunarteko finalean. Zortzi izan ziren oholtzara igo zirenak, baina Onintza Enbeitak jantzi zuen txapela, berriro, Aitor Etxebarriazarragagaz buruz burukoa lehiatu eta gero.
Eskualdeko txapela bosgarrenez irabazi du Enbeitak, lau aldiz gailendu baita Lilibertsok antolatzen duen txapelketan eta baten eskualdekoa Bizkaiko Txapelketarako sailkatze fasea zenekoan. Beretzat txapelketa “berezia” da, hainbat arrazoirengatik: “Aurten, esaterako, neska berri bik parte hartu dute, eta ederra da, eskualdeko gazteentzako erakusleiho garrantzitsua delako txapelketa”.
Eta, gaztei plaza emateko zein jendea bertsolaritzara hurbiltzeko Lilibertsok egin duen lana aitortu gura izan du Enbeitak. Hala, agurrean ere aipatu zuen bertso eskolakoen lana: Ze ederra dan Lilibertsoren,/ bertsoaren erresuma,/ zueri esker, ez dot galdu nik,/ plazan buru osasuna./ Lehenengo filan, beti itziar,/ entzun deuskuzuz mila bertso txar,/ zuri gure maitasuna./ Gasolinaren gerraren kontra,/ze gauza eskasa gaur luma,/ baina berba bat borrokarako,/ guri gelditzen iakuna./ Nahi dot herri bat nik feminista,/ berdinzalea eta ez klasista,/ Busturialde euskaduna, / da lortu behar duguna.
“Nik uste dut Lilibertsok urte askotan lan garrantzitsua egin duela bertsolaritza Busturialdera zabaltzen. Eta ez bakarrik bertsolariak sortzen. Lilibertsok filosofia hori aldatu du eta sortu ditu bertsozaleak: gozotu du giroa bertsozaleak eroso egoteko, bertsolariak eurak ere eroso egoteko, gai jartzaileak sortzeko, eta epaileak ere bai. Nik uste dut hori dena ez dela kasualitatez gertatzen den zerbait”, onartu du Enbeitak. Eta, bertsolariak bakarrik sortzetik “bertsoaren inguruko giro bat” sortzera Lilibertsok emandako pausoa “garrantzitsua” izan dela azpimarratu du. Esaterako, Jokin Abaitua bertsozale eta artistaren kasua jarri du adibidetzat: bertsozalea da, eta beti dago prest laguntzeko, baina baita berak sortutako lanak irabazleei eskaintzeko ere. “Niretzako sekualkoa da hori. Eta, uste dut, Lilibertso den modukoa izango ez balitz, bertsozaleek ez luketela gaur egun baduten lekua edukiko. Eta nik uste dut hori azpimarratu behar dela. Horregatik diot ederra dela Lilibertsoren bertsoaren erresuma, ze helburua ez da bakarrik bertsolariak sortu eta txapelak irabaztea, ez, helburua da guk kantatzeko plazak izatea. Eta itzela iruditzen zait egin duten lana”, gehitu du Enbeitak.
Gainera, azpimarratu du aurten Eider Fernandezek eta Helene Yergak lehenengoz parte hartu dutela, eta horrek “gune segurua” aurkitu dutela esan gura duela: “Beraiek parte hartzeak esan nahi du egon dela konfiantza bat, edo sentitu direla eroso baietz esateko. Hori ez da derrepentean sortzen. Ze, batzuetan, sektore hegemonikoan ez gaudenok parte hartzeko zailtasunak izaten ditugu. Gainera, badakigu badaudela beste batzuk aukeraren zain daudenak, euren adinagatik ezin izan dutenak parte hartu. Eta, gazte horiek eroso sentitzea ez da gure meritu pertsonala, hori da Lilibertsoren meritu kolektiboa”.
Zortzi ahots.
Enbeita eta Etxebarriazarragaz batera, Mikel Retolaza, Asier Galarza, Janire Arrizabalaga, Koldo Muñiz, Lurdes Ondaro eta Beñat Bilbao egon ziren oholtzan. Gaurkotasunezko gaiak, hurbilekoak naiz urrunagokoak, seriotasunez zein umorez landu zituzten; besteren artean, Palestinaren egoera, Guggenheim Urdaibai proiektuaren 40 milioi euroak, gaur egungo jolasak edota Korrikaz aritu ziren bertsotan, eta Hitzako langileen lana ere bete zuten bertsolariek.
Lehen zatiko bertsoaldiaren ostean, Retolazak, Enbeitak, Etxebarriazarragak eta Galarzak lortu zituzten puntu gehien, eta laurak sailkatu ziren bigarren fasera. Ostean, aldiz, buruz burukotik kanpo geratu ziren Galarza eta Retolaza.
Enbeitak dio saioa “arina” izan zela, “polita”, eta Bizkaiko txapelketako buruz burukoa errepikatu zuten arren, Etxebarriazarragagaz lehia “sanoa” dutela: “Lehia sanoa dugu, barre egiteko edo txisteak botateko modukoa. Baina, saioa, orokorrean, polita izan zen. Zortziko bertso saioak astunak dira, eta asmatu zuten 8-4-2 formularekin”. Hiru fasetako finala “zailagoa” dela bertsolarientzat dio, denek ez baitute bakarkakoa botatzeko aukerarik, baina publikoarentzako “oso dinamikoa” izan zela uste du.
Eta publikoak erantzun zuen, ia 200 lagun bildu baitziren Astran: “Beti aritzen gara berbetan ea formatua aldatu behar den edo beste formatu bat topatu behar den jendea plazaratzeko, baina gero konturatzen gara formatuak funtzionatzen duela. Ia 200 lagun egotea asko da. Sekulako lorpena da euskara hutsez den sorkuntza diziplina batera 200 lagun etortzea. Askotan ez gara konturatzen, baina egiten ditugu gauza txiki asko herri txiki askotan, eta jendeak erantzuten du. Jendea prest dago euskara hutsez eta gure kulturari erabat lotutako diziplina babesteko”.
Hala, egin beharrekoak egin ostean, Itziar Foruria bertsozaleak jantzi zion txapela muxikarrari. Izan ere, Lilibertsok aitortza bat egin nahi izan zion bertsoa bizirik mantentzeko horren beharrezkoa den bertsozalearen figurari. Horregatik, txapel jartzaile moduan, Foruria eskualdeko “bertsozale fina” aukeratu zuten: “Ohore handia da guretzat beheko aulkietatik oholtzako bidea eginaraztea horrenbeste urtetan herri mailako, Busturialdeko zein Euskal Herriko hainbat saiotan bertsolariei babesa adierazi dion Foruriari. Eskerrik asko Lilibertsoren aldetik. Zure moduko zale fidelak presentzia asko du egotetik harago ere. Saioz saio, bertsoz bertso, bertsolariak jarraitu eta indartsu animatzen dituzuenok barik ez luke aurrera egingo bertsolaritzak. Bertsoak bertso izateko, entzuleak behar ditu, eta euskara bultzatzeko euskaltzaleak ere ezinbestekoak zaizkigu. Eskerrik asko Itziar, zu zara eta horren adibide fidela”. Horrez gain, buruz burukora iritsi ziren bi bertsolariek Jokin Abaitua artista gernika-lumotarrak txapelketarako beren beregi egindako oroigarria eroan zuten etxera.
Astra bete egin zuen eskualdeko txapelketako finalak, eta “sekulako saioagaz” agurtu dutela aurtengo lehia esan dute Lilibertsoko antolatzaileek: “Zorionak Onintza eta Aitor, buruz buruko itzela egin zenduen. Eta eskerrik asko hurbildu zineten guztioi”.
ARGAZKIAK: TXEBI ARRIAGA.