Hamalau establezimendu aitortu dituzte euskararen erabilera sustatzeko egindako aurrerapausoengatik
Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako hamalau establezimenduk jaso dute udal ordezkarien aintzatespena, euskararen presentzia eta erabilera indartzeko erakutsitako konpromisoagatik.
Arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako hamalau establezimendu aintzatetsi dituzte herri horietako udal ordezkariek, Eskueran egitasmoaren baitan. Izan ere, egitasmoa 2023an jarri zuten martxan Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako udalek, Behargintza eta Turismo bulegoarekin elkarlanean, tokiko eremu sozioekonomikoetan euskararen presentzia sendotzeko helburuz. Hala, hamalau establezimendu horiei euskararen presentzia eta erabilera indartzeko erakutsitako konpromisoa aitortu zieten astelehenean, Bermeoko Toki Alai tabernan egin zuten sari banaketan. 70 establezimenduk parte hartu zuten, baina gehien nabarmendu zirenak saritu zituzten.
Sarituak honako hauek izan dira:
– Sukarrietan: Toña taberna.
– Mundakan: La Leñera taberna, Donde Alejo barria taberna eta Izarzugaza harategia.
– Bermeon: Toki Alai taberna, T Kimua te denda, Balea kafetegia, Mailur lentzeria, GuZuBio denda, Mertzeria 95, Julita lentzeria, Seine ume eta gazteen moda, Amatxu denda eta Gabilondo farmazia.
Izan ere, ekimenaren helburua da euskararen erabilera sendotzea bereziki merkataritzan, ostalaritzan edota bestelako jardueretan, horretarako hizkuntza praktika ezberdinak sustatuz. Eta, horretarako, hiru ardatz nagusi ditu egitasmoak: euskararen egoera ezagutzea eta hizkuntza praktikoa berriak indartzea; bezero euskaldunek hizkuntza aldatu beharrik ez izatea; eta, baliabide egokiak eskainiz, establezimenduei euskararen erabilera handitzeko tresnak ematea. Horretarako, Euskaraz barra-barra ikurra zabaltzea bilatu dute, ikurraren helburua baita kontsumitzaileak erdigunean jartzea, marka hori duten establezimenduetan bezeroek euskara erabili ahal izatea bermatuta dutelako.
Jakinarazi dutenez, egitasmoak iraun duen bitartean, Ahize-AEK-ko teknikariak establezimenduetara hurbildu dira proiektuaren nondik norakoak azaltzera eta euskararen erabilera sustatzeko neurriak adostera. Horiek azalduta, parte hartu duten negozio askok euskara beren eguneroko jardunean txertatzeko “urratsak” egin dituztela azpimarratu dute, eta udalek konpromiso hori aitortu nahi izan dietela ere bai.
Era berean, diotenez, ekimenak helburu du merkatarien, tabernarien, ostalarien, enpresen eta langileen arteko lankidetza indartzea, baita euskal hornitzaileen eta bezeroen arteko sareak aktibatzea ere. Izan ere, herritarren hizkuntza eskubideak aitortu eta errespetatzea sustatu nahi du, eta euskararekiko motibazioa eta sentsibilizazioa handitu ere bai.
Sustatzaileen arabera, “funtsezkoa” da lanaren garapena euskararekin lotzea: “Eskualdeko errealitate soziolinguistukoa kontuan hartuta, hiru udalerriek uste dute eskualdearen garapen ekonomiko eta soziala euskararen bidez ere eraiki behar dela”. Haien esanetan, “euskarak balio erantsia” ematen dio lan munduari, eta eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko “ezinbestekoa” da erakundeen, enpresen eta gizarte eragileen arteko lankidetza, baita herritarren parte hartze aktiboa ere, “euskaraz eginez”.
Hala, aintzatespenagaz, erakundeek berretsi egiten dute tokiko enpresek eta establezimenduek zeregin “garrantzitsua” dutela euskararen normalizazioan. Horregatik aitortu dituzte bide horretan establezimenduek emandako pausoak.