Elantxobeko portuaren baerruko dartsena handitu gura du Eusko Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak lizitaziora atera du Elantxobeko portuaren barruko dartsenaren azalera handitzeko proiektua. Aditzera eman dutenaren arabera, portuaren barrualdean ibilgailuaren trafikoaren antolaketa “hobetzea” eta bertara iristen direnen segurtasuna “indartzea” dira proiektuaren jomuga nagusiak. Bederatzi hilabeteko egikaritze epea aurreratu dute, 960.869,45 euroko oinarrizko aurrekontuagaz. Eskaintzak aurkezteko epea apirilaren 9an amaituko dela azaldu dute eta, behin obrak esleituta, lanak 2026ko irailerako hasiko dituzte. Esku hartzea 2024ko uztailean behin betiko onartutako Elantxobeko Portua Antolatzeko Plan Bereziaren barruan kokaturik dago. Plan horrek portu azpiegituren garapen jasangarrirako eta azpiegitura horiek hiri eta natura ingurunean integratzeko ibilbide orria ezartzen du.
Portuko kalearekin bat datorren Erriberako kaiaren eta ontziolaren dikearen hasiera elkartzen diren eremuaren azalera 300 metro karratu inguru handitzea du xede proiektuak. Espazio horretan, hain zuzen ere, biribilgune txiki bat jarriko dutela adierazi dute, ibilgailuak portuan sartzeko eta ateratzeko maniobrak “erraztuko” dituena eta”zirkulazio arinago zein ordenatuagoa” ahalbidetuko duena.
Elantxobeko kaia “zaku hondoa” dela nabarmendu dute, eta errepidea bertan amaitzeak ibilgailuen “biraketa nahiz maniobra konplexuetarako aukerak” zaildu egiten dituela azpimarratu. Hala, aipatutako biribilgune berriagaz maniobratzeko modua “nabarmen hobetuko” da, eta pilaketak izateko arriskua, berriz, murriztu egingo da, modu horretan “gidarientzako zein oinezkoentzako segurtasuna” bermatuz. Ez hori bakarrik: larrialdi zerbitzuak heliportua dagoen guneraino sartu ahalko dira. Hori “funtsezkoa” da, bereziki, ospitale handietatik “urrun” dauden herrietan “premiazko osasun arreta” emateko.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok azaldu du proiektuak portuetako azpiegiturak kostaldeko udalerrien “egungo beharrizanetara egokitzeko helburuari” jarraitzen diola: “Portuak espazio biziak dira, eta mugikortasun premiei eta herritarrek egunero erabiltzen dituztenei erantzun behar diete. Horrelako jarduerekin, segurtasuna, irisgarritasuna eta portuaren eta udalerriaren arteko harremana hobetzen ditugu “.