Argiteria publikoa berritzeko lehen fasea, martxan
Lehen esku-hatzean "egoera okerrenean" zeuden 90 farola berritu dituzte, LED teknologiara egokituta. Lehen fasea aurrera eramateko aurrekontua 85.676,71 eurokoa izan da, eta Muruetako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak jaso ditu.
Muruetako Udalak urrian osatu zuen 2024-2044 aldian indarrean egongo den Klima-aldaketa Arintzeko eta horretara Egokitzeko Plan Integratua. Orain, planaren barruan eta ingurumenarekiko errespetuan eta udalerriaren garapen jasangarrian aurrera egiteko helburuz, argiteria publikoa berritzeko lehen fasea jarri dute martxan. Lehen esku-hatzean “egoera okerrenean” zeuden 90 farola berritu dituzte.
Julen Karrion Muruetako alkateak nabarmendu duenez, udalerriak hainbat urte daramatzate eraginkortasun energetikoaren arloan ekintzan garatu eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiten: “Gure energia planean, oraingo eta etorkizuneko oinarriak eta konpromisoak finkatzen ditugu. Hor kokatzen da jarduera hau; argiteria publikoa berritzeak argi-eraginkortasuna hobetzen eta energia-kontsumoa murrizten lagunduko digu”. Lehen jarduketan bidegorriko farola berrietan zein ipini dituzten farola berrietan LED argiak jartzea izan du helburu; hori eginda, udalaren asmoa “fase desberdinetan” udalerriko gainontzeko farolen buruak ere LED teknologiara aldatzea da.
Farolak LED teknologiara egokitu eta eguneratzea da, hain zuzen, tokiko energia planean jasota duten ekintza nagusietako bat, eta azaldu dutenez, “hainbat fasetan” egingo dute. Hasteko egoera kaskarrerenean zeuden faroletan ipini dute fokua: “Pantailak hondatuta zituztenak edo gardentasuna galduta zuten farolak ordezkatzea lehenetsi da”. Argiteria publikoa berritzeko lehen fasea aurrera eramateko aurrekontua 85.676,71 eurokoa izan da, eta udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak jaso ditu; 64.000 euro eta 21.481,30 euro, hurrenez hurren.
Aldatu dituzten farolek 80 watteko indukzio-argiak erabiltzen zituzten eta argia angulo zabalean banatzen zuten, “fokalizaziorik barik”. Gainera, ez zuten gaueko potentzia erregulatzea ahalbidetzen. LED teknologiarekin, ostera, argi kutsadura “nabarmen” murriztea aurreikusten dute, energia kontsumo txikiagoarekin argiztapen maila handiagoa bermatzearekin batera: “Far0len buru berriek driver-ak —kontrolatzaileak— dituzte, etorkizunean potentzia erregulatzeko aukera ematen dutenak. Horri esker, gaueko argien intentsitatea egokitu ahal izango da, energia gehiago aurrezteko”, argitu dute udaletik. Era berean, ordezkapenean farolen euskarria mantendu dutela jakinarazi dute, hau da, goialdea, burua soilik aldatu dute.
Klima eta energia plan integratua indarrean egongo den urteetan “herri hainbat arlotan” ekintza ezberdinetak gauzatzea aurreikusten dute udaletik; gainera, emisioak arintzeko, trantsizio energetikorako eta egokitzapen klimatikorako “jarduera zehatzak” finkatuko dituztela aurreratu dute: “Plan integratuaren bidez lortu nahi diren onura nagusien artean daude, besteak beste, energia-kontsumoa eta berotegi-efektuko gasak murriztea“.