Mundakako merkataritza eta ostalaritza "berreskuratu eta indartzea" helburu
Jakes Agirrezabal Iribar Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordea eta Sorne Rubio Arano Mundakako alkatea Mundakako merkatari eta ostalariekin batzartu dira gaur [martxoak 13], beraien egoera ezagutu eta jaso ditzaketen laguntzen inguruko informazioa emateko asmoz. Bilera ostean komertzioak bisitatu dituzte.
Jakes Agirrezabal Iribar Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordea eta Sorne Rubio Arano Mundakako alkatea Mundakako merkatari eta ostalariekin batzartu dira gaur goizean [martxoak 13], beraien negozioak aurrera eramateko dituzten aukerak eta jaso ditzaketen dirulaguntzak azaltzeko helburuagaz. Agirrezabalek merkatariak bertatik bertara ezagutzeko “aukera bikaina” izan dela nabarmendu du.
Rubiok azaldu duenez, Mundaka bezalako herri txikietan sarri “ez da erraza” izaten negozioak aurrera eramatea eta horregatik, udaletik azkenaldian Turismo eta Merkataritza Sailarekin harremanetan egon dira, udalerriko merkataritza eta ostalaritza “nola berreskuratu eta indartu” zehazteko. Sailburuordeak Jaurlaritzatik tokiko merkataritza laguntzeko hainbat dirulaguntza eta ekimen bultzatzen dituztela gogoratu du, beraien “kezka” informazioa hartzaile edo “abantailak lortuko duenari heltzea” izaten dela zehaztuz: “Gaurkoa bezalako bileretan lortzen duguna da merkatari eta ostalariek guri helaraztea nola ikusten dituzten gauzak, ze arazo dituzten, ze erronka… Era berean gure dirulaguntzak beraien helburuei erantzuteko nola hobetu daitezkeen ere esaten digute”.
Hitzordu bikoitza izan dute goizean; ostalaritza eta turismo sektoreko ordezkariekin batu dira lehenengo, eta merkataritza sektorekoekin gero. Izan ere, sektoreen artean harremana badago ere, “errealitateak ezberdinak” direlako. Turismoari dagokionez, bere sailetik “hazkundea kudeatzera” bidean erregularizazioei dagokionez “lan handia” egin dutela zehaztu du, sektorea “ondo doala” nabarmenduta. Batzarrerako deia herriko merkatari eta ostalari guztiei luzatu zien udaletik eta jasotako “erantzunagaz pozik” agertu da alkatea.

Merkataritzan erronkak “askoz ere handiagoak” dira: “Gero eta komertzio gutxiago ditugu herrietan eta gainera aldaketa bat antzematen ari gara: betiko komertzioak zerbitzu puntuak bihurtu dira, eta lehen existitzen ez ziren gauza asko dauzkagu orain gure herrietako fatxadetan”, adierazi du sailburuordeak. Ekintzaileen “profila ere asko aldatu” da. Mundakaren kasuan, etorkin asko dira ekimen proiektuak aurrera eramaten eta kaleak bizirik mantentzen ari direnak: “Etorkin horiengatik ez balitz negozio horiek itxita egongo lirateke”. Edonola ere, bi bilerak “baliagarriak” izan direla esatean bat datoz biak “Informazioa eman eta proposamenak egiteko eskatu diegu; bilera oso onak izan dira”, azpimarratu du Agirrezabalek.
Lehentasun ezberdinak. Merkatari eta ostalariekin egindako bileratik ondorio argi bat atera du sailburuordeak: “Garbi ikusi da lehentasunak ezberdinak direla”. Zehaztu duenez, merkatarien kezka nagusiak eskaria handitu eta “mundakarrak Mundako komertzioekin gehiago inplikatzea” dira, herritarrak “askotan” herritik kanpora doazelako dutela erosketak egitera. Turismoaren sektorean, ostera, lehentasuna “kanpotarrak nola erakarri” jakitea da. “Dinamika ezberdinak dira, eta nik uste dut gure lehentasuna eta fokua merkataritzan dagoela kasu honetan; batetik horiek direlako lan eta beharrizan gehien dutenak eta bestetik, herritarrek eragin handiena izan dezakegun sektorea delako”, azaldu du.
Sailburuordeak “hainbat konpromiso” hartu du ditu gaur Mundakan, esaterako, dirulaguntzen informazio eta dokumentazio guztia “formalki” bidaltzea. Modu berean erronka bat ere mahaigaineratu dute : “Ea denon artean gai garen udatik kanpo ere herria piztu dezakeen proiektu bat aurrera eramateko”. Bide horretan merkatari eta ostalarien proposamenak jaso eta ahal den guztian laguntzeko prest agertu da Agirrezabal.
Bilerak amaituta, sailburuorde eta alkateak herriko hainbat komertzio bisitatu dituzte, bakoitzaren errealitate eta beharrak zuzenean ezagutu ahal izateko. Bertan, Rubiok sailburuordeak finkatutako erronka betetzera bidean “lanean jarraituko dutela” berretsi du, merkatarien proposamenak jasotzean horien aztertu eta bilera berriak deituko dituztela iragartzearekin batera.