"Amaiera"
Leire Lekuona Elizondo idazle bermeotarrak bere ‘Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa’ ipuin liburua oparitu digu Hitzan plazaratzeko. Kapituluka eta barikuro, gure orrialdeetan irakurriko duzue. Gozatu!
Askotan, atzerantz begiratzen dut orain, eta gogora ekartzen ditut bizi izan nituen momentu ederrak. Lehorrean izandako bizipena maitasunez betetako oparia izan zen niretzat. Ez naiz damutzen bertan bizi izandakoaz, ez eta uretara emandako saltoaz ere. Harro egon naiz ikusi izan zaituztedan bakoitzean, beti egon izan bainaiz zuen alboan, zelatari.
Ez dut tristurarako denbora askorik. Gatzak zauriak osatzen dituela ikasi nuen lur gainean. Baina zauriak mota askotakoak dira, eta ez dakit ur hauek barnekoak sendatuko dizkidan. Oraingoz, itsasoak gorputza laztandu besterik ez dit egiten, baina nik nahiago nuke zure esku beroen laztanak izango balira.
Han nintzenean, begiak itxi eta itsasoaren soinu geldoa etortzen zitzaidan gogora. Orain, ostera, zuen barre-algarak entzuten ditut, zuen ahotsak, eta hainbatetan kontatutako mila istorioak. Eta horiek denak eramaten ditut beti bihotzean, berriro nire lagun diren bale, itsas otso eta izurdeekin jolasten naizen bakoitzean.
Orain, ordea, joana zara zeruko mundu ezezagun horretara. Beste asko ere etorri dira handik. Denbora aurrera etengabe doan gurpil margolaria da, eta jaioz geroztik haren mende bizi behar izan duzu. Ez ote naiz ni ere, itsasoko betikotasunaren leinukoa naizen arren, denboraren joan eta etorri amaigabearen atzaparretan jausi? Zahartzaroaren ziztadak nabaritzen baititut gorputzean, lehen ez bezala. Zurituz doakit ilea, begirada zorrotza galdua daukat, eta ezkatak aspaldi ez zaizkit berrizten.
Ez naiz inoiz jaio eta ez naiz inoiz hilko, baina banoa, gutxika-gutxika, zugandik urruntzen. Nekatua eta logale naiz. Ez nigatik negar egin, begiak itxi besterik ez dut egingo. Betiko izango nauzu zurekin, nire hazia utzi baitut lurrean.
Agur nire maitea, agur seme. Agur Euskal Herriko kostalde eder hori. Ilargiaren deiari jarraituz, berarekin batuko naiz ur sakonean gordetako toki ezkutuan, gauerdiko doinua dantzatzera.
Ni lamina bainaiz, euskaldunek Xixili deitzen duten lamina zaharkitua. Betiko gogoratuko dutena.