Umeen egunean bilduko dira, estreinakoz
Egun osoko egitaraua aurreikusi du Elai Alai Dantzari Taldeak domekarako, Gernika-Lumoko Umien Eguna opatzeko. Euskal Herriko beste hiru dantza talderekin batera, herriko kaleak musikaz eta dantzaz betetzeko asmoa dute, umeak lehen lerroan jarriz.
Gernika-Lumoko Elai Alai Dantzari Taldeak, herriko haurren gozamena asetzeko helburuz, Gernika-Lumoko Umien Egune antolatu du, estreinakoz. Domekan jarri dute, hala nola, hitzordua, eta aurreratu dute egun osoko egitaraua antolatu dutela horretarako. Bertoko haurrek kanpoko haurrekin harremandu eta euskal giroaz gozatuz herria alaitu nahi du dantza taldeak, eta horretarako Euskal Herriko beste hiru dantza talde gonbidatu dituztela jakinarazi dute.
Domekan, beraz, foru herriko kaleak musikaz eta dantzaz blaituko ditu Elai Alaiek, ze, horrekiko gabezi bat nabari du herrian: “Ezinbestekoa ikusten dugu herrian euskal kulturaren aldeko ekintzak antolatzea eta etxeko txikiei protagonismoa ematea, azkenean, dantzatzen duen herria ez delako inoiz hilko eta hauek izango direlako gure etorkizuna”.
Ospakizunera bertaratzeko deia zabaldu dute antolatzaileek, eta gaineratu dute umeen egunaz gain, martxoaren 28rako erromeria antolatu dutela Europako Herrien Parkean, eta gainera, elkarlanean jardun dutela; Euskal Herria museoaren, Kalapitakaren, Gazteak Kultur Elkartearen eta Elai Alai Dantza Taldearen arteko jardunetik sortutako ekimena izanik, gogoratu dute doan izango dela, eta horra ere jendea animatzeko deia egin dute, domekakoaz gain.
DOMEKAKO EGITARAUA:
- 10:15. Harrera, San Kristobal plazan.
- 10:30. Kalejira, Pasealekura.
- 11:45. Dantzak, kalez kale.
- 13:00. Ekitaldia, Pasealekuan.
- Bazkalostean. Gonbidatuekin agurra.