Korrika kulturalak hitzorduak zehaztu ditu
Bermeotarrek Motx pailazoaren ikuskizun berriaren estreinaldiagaz beteko dute Korrika kulturala; Gernika-Lumotarrek, berriz, Seber Altube Ikastolak eta Seberbaz euskara taldeak antolatutako Erein eta Erain ekimenagaz. Bietan egongo dira petoak salgai.
Korrika hurbiltzen doan heinean, Korrika kulturalari tokia egiten ari dira zenbait herri. Horren erakusle izango dira gaurko zehaztutako bi hitzorduak: Bermeon, Motx pailazoaren Oroitzapen ederrak ikuskizunaz gozatuko dute Kafe Antzokian, 18:00etan.
Gernika-Lumon, bestalde, Seber Altube Ikastolak eta Seberbaz euskara taldeak antolatuta, Erein eta Erain euskarari ekimenean bilduko dira gaur, 19:00etatik aurrera, Astran. Euskaraz bizitzeko eta euskara bizi dadin, mugimendua sortu nahi izan dute, eta mahai ingurua eta bakarrizketak prestatu dituzte horretarako. Hala, Sakatu ala tiretu? mahai inguruan Ibai Urrutia Berbalaguneko kideak parte hartuko du, Aintzina Monasterio Busturialdeko Hitzako kazetariagaz, Mikel Retolaza Lilibertsoko bertsolariaz, Peru Enbeita Mobidu taldeko kideagaz eta Leire Lagunilla Seber Altubeko kideagaz batera. Bakarrizketak ere egongo dira: Asier Galarza eta Jokin Ansotegi ariko dira bakarrizketak eskaintzen.
Bietan ala bietan egogno dira Korrikako petoak salgai, adierazi dutenez.