Gazako gerra-krimenen inguruko ikerketa ofiziala eskatu dute
Palestinarrentzako Justizia Nazioarteko Zentroak (ICJP), Global 195 Koalizioko abokatu euskaldunekin batera, Gazako gerra krimenei buruzko salaketa bat aurkeztu du, delitu penalen Espainiako Fiskaltzan. Era berean, gerra krimenak ikerketa formal baten bidez aztertzea ere eskatu du.
Palestinarrentzako Justizia Nazioarteko Zentroak (ICJP), Global 195 Koalizioko abokatu euskaldunekin batera, delitu penalen Espainiako Fiskaltzan salaketa bat aurkeztu du, Gazako gerra krimenei buruzkoa. Zentroa abokatu, politikari eta akademikoek osatutako erakunde independentea da, palestinarren eskubideak babesten dituena eta legearen bidez haien eskubideak babesteko helburua duena, eta, nabarmendu du gerra krimenak zigortu egin behar direla Nazioarteko Auzitegi Penalaren (ICC) Estatutuaren arabera, baita, osagarritasun printzipioari jarraiki, Espainiako legearen arabera ere.
Salaketa delitu horien erantzule diren pertsonei zuzenduta dago, eta salaketan zehaztutako gerra krimenek barne hartzen dituzte, besteak beste, hurrengoak: zibilen aurkako eraso indiskriminatuak; zibilen objektu eta ondasunen aurkako eraso indiskriminatuak eta nahita egindakoak; Gazan zibilen gosea borroka metodo gisa nahita erabiltzea; eta, laguntza humanitarioa nahita blokeatzea.
Koalizioak Fiskaltzari eskatu dio susmagarri nagusiak ikertzeko, “Espainiako legearen arabera eta Nazioarteko Auzitegi Penalaren Erroma Estatutuaren menpean Espainiari dagozkion nazioarteko betebeharrak betez”. Era berean, eskumena duten Espainiako agintariei eskatu diete salaketan zehaztutako gerra krimenak ikerketa formal baten bidez aztertzea. “Espainiar Estatuak 1968an Genozidioaren Aurkako Hitzarmena onartu zuen eta nazioarteko lege-betebehar horien arabera genozidio ekintzak modu aktiboan auzipetu eta zigortu behar ditu”, azaldu dute.
Salaketa ICJPren Global 195 Koalizioko kide gisa jarduten duten abokatu euskaldunek prestatu dute, Israelek Gazan egindako gerra krimenen lekuko izan diren 130 pertsona baino gehiagoren testigantzetan oinarrituz. “Material horrek nazioarteko krimen legearen estandarrak betetzen” dituela diote, eta koalizioak espainiar agintariei jakinarazi die “prest” daudela frogra hoeriek euren esku jartzeko, “aztertu eta prozedura judizialetan erabil ditzaten”.
Ekimena Gernika-Palestina Herri Ekimenaren eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren babesagaz eta bultzadagaz aurrera eroan dute, Palestinarekin konpromiso bat kanpainaren baitan eta genozidioaren egileak nazioarteko epaitegien aurrera eroateko helburuz.