Udal langileek beraien aldarrikapenak berretsi dituzte
Gernika-Lumoko udal langileek negoziazio mahaia eskatu dute berriro, elkarretaratzean, eta hurrengo elkarretaratzea iragarri dute: astelehenean (martxoak 23), 11:00etan, Merkurion.
Gernika-Lumoko udal langileek beraien eskubideen aldeko borrokan segitzen dute. Hala, astelehenean, 40 langile inguru elkarretaratzean bildu ziren berriro, udaletxe aurrean, ELA, LAB eta P.L.E.S. sindikatuek deituta. Hurrengo elkarretaratzea ere iragarri dute: astelehenean (martxoak 23), 11:00etan, Merkurion.
Bertan, orain arteko aldarrikapenak berretsi zituzten. Alegia, negoziazio mahaia aktibatzea eskatu zuten, “Eudel ez dela beraienak diren gaiak negoziatzera hurbilduko” esanda. Horrez gain, lanpostuen zerrenda eguneratua adostea eta “funtsezko gaien negoziazioa” aurrera eroatea eskatu zuten; besteren artean, lanpostuak betetzea, lanpostuen balorazioa egitea, barne-sustapena, lan eskaintza publikoak, erretiroak edota zerbitzuen antolaketa aipatu zituzten. Eta, langileekiko “errespetuzko tratua” izatea ere azpimarratu zuten.
Jakinarazi zuten, hurrengo asteetan, langileen artean eman beharreko pausoen inguruan hausnartuko dutela, egindakoa baloratu eta aurrera begirakoak aztertzeko. Eta, gehitu zuten, aste honetan sindikatuak “oposizio talde politiko biekin bilduko direla”, egungo egoera aztertzeko.