Global Sumud Flotilla eta Armenia eta Azerbaijanen arteko bake akordioa aintzatetsiko dituzte Gernika Sariek
1937ko bonbardaketaren 89. urteurrenean, Gaza herritarrei laguntza humanitarioa eroateko eta palestinarren egoera ikusarazteko gizarte ekintza eta Kaukasoko bake akordioa aitortuko dituzte Gernika Sariek.
Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika Sarien aurtengo edizioko aitortuak jakinarazi ditu Gernika-Lumoko Udalak: Global Sumud Flotilla eta Armenia eta Azerbaijanen arteko bake akordioa —Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroak eta Ilham Aliyev azerbaijandar presidenteak ordezkatuta— aintzatetsiko dituzte aurtengo sariek. Sariak emateko ekitaldia apirilaren 26an izango da, Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrenean.
Gernika-Lumoko Udaleko, Alemaniako Pforzheim hiriko, Gernika Gogoratuz Fundazioko, Kultur Etxeko eta Bakearen Museoko ordezkariek osatu dute epaimahaia, eta bi sarituek “bakearen defentsan” egindako ibilbidea nabarmendu dute: “21. edizio honetan, epaimahaiak erabaki du bi ekimen oso desberdin bereiztea, baina biek dute helburu bakearen defentsa”.
Gazako herritarren aldeko ekintza humanitarioko nazioarteko ekimena da Global Sumud Flotilla: hainbat herrialdetatik Gazara laguntza humanitarioa eramatea bilatu zuen ontzidi humanitarioak, baita Gazako palestinarren egoera ikusaraztea ere. “Global Sumud Flotillari saria emateak ekimen zibilak aitortzen ditu, horien garrantzia azpimarratuz”, adierazi dute epaimahaikideek.
Eta, nabarmendu dute, proiektuak nazioarteko ekintzaile eta erakundeak biltzen dituela, zeintzuek indarkeriarik gabeko ekintzak sustatzen dituzten, “lurraldearen blokeoa salatzeko eta nazioarteko zuzenbidearekiko eta giza eskubideekiko errespetua eskatzeko”. Epaimahaikideek uste dute horrelako ekimenek nazioarteko elkartasuna adierazten dutela gatazka testuinguruetan, “herritarren mobilizazioan eta giza duintasunaren defentsan oinarrituta”.
Bestalde, elkarrizketa diplomatikoaren balioa azpimarratu gura izan dute Armeniaren eta Azerbaijanen arteko bake akordioa aitortuz. Izan ere, diotenez, gatazka horrek hainbat hamarkadatan “markatu” du hegoaldeko Kaukasoaren egonkortasuna, “batez ere Nagorno Karabaj eskualdean”. Hala, Pashinianek eta Aliyevek gidatutako ahalegin politikoek bi herrialdeen arteko “harremanak normalizatzeko negoziazio aroa” zabaldu dutela uste dute, hainbat urtez liskar armatuak izan ea gero. “Sariak, hain zuzen ere, bide diplomatikoaren aldeko apustu hori nabarmendu nahi du, gatazka luze eta egonkorrak gainditzeko tresna gisa”, adierazi dute epaimahaikideek.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak Gernika Sarien esanahia azpimarratu du, indarkeriaren oroimenak “markatzen duen” herritik: “Gernikak gerraren izugarrikeria sinbolizatzen du, baina baita bakea memoriatik eta elkarrizketatik eraikitzeko beharra ere. Sari hauek munduko hainbat lekutan norabide horretan aurrera egiteko lan egiten dutenak aintzatetsi nahi dituzte”.
Herri memoriari lotuta.
Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko Gernika Sariak 2005ean sortu zituzten Euskal Herriko eta Alemaniako hainbat erakundek, “bakearekin, memoria historikoarekin eta justizia sozialarekin konprometitutako pertsonak, erakundeak eta ekumenak aitortzeko”. Eta, ordutik gaur arteko sarietan, nazioartean garrantzitsuak diren hainbat pertsona eta kolektibo saritu dituzte sariek, hala nola Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusia, Auzitegi Antropologiako Argentinako Taldea, Jose Mujica Uruguako presidente izandakoa eta Paco Etxeberria antropologoa, Daniel Barenboim, Helena Maleno edota Gervasio Sanchez kazetaria.
Urtero banatzen dituzte sariak Gernikako bonbardaketaren urteurrenean, eta, hori egiten hasi zirenetik, Gernikatik mezu unibertsal bihurtu du bere memoria, udal ordezkarien berbetan: “Bakea defendatzea indarkeriaren aurkako konprimiso kolektibo gisa”.