Ke-detektagailuen inguruko saio informatiboa egin dute Ibarrangelun
Argazkia: Ibarrangeluko Udala. Busturialdeko 2.450 etxetan baino gehiagotan ke-detektagailuak jarriko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen, Busturialdeko Udalen eta Gurutze Gorriaren laguntzagaz. Kortezubin aurkeztu zuten kanpaina iragan martitzenean [martxoak 3], eta eguenan [martxoak 5] horren inguruko informazio saioa egin zuten Ibarrangelun.
Aurreratu dutenez, Busturialdean zehar sei hitzaldi emango dira, eta lehenengoa Ibarrangeluk hartu zuen. Esan dute Ibarrangeluko, Eako eta Elantxobeko herritarrak bertaratu zirela, eta “harrera ona” izan zuela hitzaldiak: “Arratzuko suhiltzaileen parkeko suhiltzaile batek gidatu zuen hitzaldia, eta galdera batzuk erantzun ere egin zituen; ke-detektagailua non eta zelan kokatu, horien iraupena, eta sutearen aurrean nola jokatu, esaterako”.
Gauzak horrela, aipatutako hiru udaletxeek ke-detektagailuak eskuratzeko epea zabaldu zuten eguenan bertan, eta Ibarrangeluko Udalak jakinarazi duenez, ke-detektagailuak eskuratu nahi dituztenak udaletxetik pasatu daitezke, apuntatzera. “Gailuak eskuratzeko Ibarrangelun erroldatuta egon beharko da, eta apuntatzeko epea martxoaren 16an amaituko da”, gaineratu dute udal ordezkariek.