Gorputza ezagutzeko tartea hartu dute Berbalagunek
Gentza Madariagaren gidaritzapean, yogari buruzko jakin beharreko oinarrizko jakintzak ezagutu dituzte Gernika-Lumoko berbalagunek, yoga saioan.
Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatuta, yoga saioa izan zuten berbalagunek joan den barikuan (martxoak 6), Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Gentza Madariagaren gidaritzapean, yogari buruzko jakin beharreko oinarrizko jakintzak ezagutu zituzten parte hartzaileek, baita horiek praktikan jarri ere.
Izan ere, ikastaroaren lehen zatian, solasaldi “entretenigarria” izan zuten, parte hartzaileek beraien esperientziak kontatu baitzituzten, baita zalantzak adierazi ere. Horrek “giro atsegina” eta “lagunartekoa” sortu zuela ondorioztatu dute antolatzaileek, “lotsa kentzeko” baliagarria izan zena.
Ondoren, yoga mota ezberdinetan jarri zuten arreta, horien ezaugarri nagusiak ezagutzeaz gainera: “Izan ere, askotan, norbanakoaren helburuaren arabera, teknika bat edo beste bat erabil daiteke yogan. Eta hori ikasi dugu”. Eta, behin jakintzak partekatuta, alde praktikoari heldu zioten: horretarako, esterak lurrean jarri, arnasketa kontrolatu eta jarrera ezberdinak izanda, bakoitzaren gorputzeko hainbat txoko aurkitu zituzten parte hartzaileek.
Bertaratutakoek saioaren “balorazio oso positiboa” egin zuten, “oso gustura” egon baitziren Madariagarekin zein gainontzekoekin. Gainera, Berbalagunekoek esan dutenez, batzuentzat yogako hastapen saioa izan zen, eta etorkizunean probatzeko “irrikaz” geratu ziren.