Atunaren balio kate iraunkorrago, bidezkoago eta gardenago batekiko konpromisoa bultzatu du Bermeo Tunak Senatuan
Bermeo Tunako zuzendari Maitane Leizaolak Senatuan aurkeztu du Atunaren Iraunkortasunerako Nazioarteko Adierazpena. Bermeotik bultzatutako ekimenak atunaren balio-kate "iraunkorrago, bidezkoago eta gardenago batekiko" konpromiso globala sustatzea du helburu.
Espainiako Senatuko Arrantza Batzordean izan da gaur (martxoak 10) Maitane Leizaola Bermeo Tuna World Capitaleko zuzendaria, eta bertan aurkeztu du Atunaren Iraunkortasunerako Nazioarteko Adierazpena, zeinak atunaren balio kate “iraunkorrago, bidezkoago eta garbidenago” batetiko konpromiso globala sustatzen duen. Izan ere, adierazpena mundu osoko erakundeak, enpresak, komunitate zientifikoa eta arrantza lurraldeak atunaren sektorea indartzeko sortu dute; alegia, “sektorearen ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren iraunkortasuna indartzeko” printzipio-esparru komun bat mobilizatzeko sortu dute.
Zehaztu dutenez, nazioarteko adierazpena Bermeo Tunak bultzatutako estrategia zabalago baten barruan kokatzen da, sektorearen gobernantza indartzeko, berrikuntza sustatzeko eta atuna-komunitateak garatutako jasangarritasun-eredua nazioartean proiektatzeko helburu duenaren baitan.
“Atunaren balio kateak jasangarritasunaren nazioarteko erreferente bihurtzeko aukera du gaur egun, baldin eta, elkarrekin, arau bateratuak eta gobernantza global orekatuagoa lortzeko gai bagara”, adierazi du gaur Leizaolak. Izan ere, Bermeo Tunako zuzendariak azpimarratu du atun sektorea “garrantzia handiko ekosistema ekonomikoa” dela, 3.532 milioi euroko inpaktu globala eta 47.800 enplegu baino gehiago sortzen dituelako. Eta, uste du, horrek agerian uzten duela kostaldeko lurraldeen eta arrantza komunitateen garapen ekonomikorako eragile gisa duen eginkizuna.
Testuinguru horretan, gaur senatuan aurkeztutako adierazpenak sektorearen “funtsezko hiru dimentsio” indartzea eskatzen du: batetik, ingurumenaren jasangarritasuna, itsas ekosistemen babesa eta baliabideen kudeaketa arduratsua bermatzea funtsezkoa dela deriotzo; bestetik, jasangarritasun soziala, lan baldintza duinak eta arrantza jarduerarekin lotutako komunitateen garapena sustatu behar dela dio; eta, jasangarritasun ekonomikoa, sektorearen bideragarritasuna eta nazioarteko merkatuetan bidezko lehia ziurtatzeari ere egiten dio erreferentzia.
Eredu orekatuagorantz.
Izan ere, Leizaolak ohartarazi du gaur egun atunaren industriak aurre egin behar diela “erregulazio asimetriei” zein “lan eta ingurumen estandarrek markatutako” testuinguruari. “Asimetria eta estandar horiek lehia desleialeko egorak sortzen dituzte ekoizpen eredu arduratsuen alde egiten duten operadoreentzat”, azaldu du. Horregatik, Bermeo Tunatik “eredu justu eta orekatuago” baterantz aurrera egitea defendatu dute, “sektoreko enpresa askok iraunkortasunean egiten duten ahalegina aitortu eta balioesteko”.
Leizaolak nabarmendu du Espainiak —eta bereziki euskal atun ekosistemak— nazioarteko erreferente modura joka dezakeela atunaren balio katearen eraldaketa jasangarrian, “enpresen, erakunde publikoen, ikerketa zentroen eta gizarte zibilaren arteko lankidetzari esker”.
Eta, Bermeo Tunatik, nazioarteko ekimen horrekin bat egiteko gonbidapena egin diete gaur talde parlamentarioei, “atunaren balio kate iraunkorrago, bidezkoago eta merkatuek eta gizarteak aitortuago” duten norabide baterantz aurrera egiteko.