Astelarra IIk eta Oyhenardek pauso onez abiatu dute Pro Am Gernika Jai Alai txapelketa
Afizionatuen mailakoen zesta-punta bultzatuko du Gernika Jai Alaik beste urte batez, Pro Am txapelketagaz. Lehen mailako partiduak jokatuko dituzte eguenero, eta garaipenagaz hasi dute bide hori Astelarrak eta Oyhenardek. Javier eta Urangaren aurkako partida irabazi zuten: 15-11, 10-15 eta 5-2.
Martxan da Gernika Jai Alai eskolak antolatzen duen Pro Am Gernika Jai Alai txapelketa. Dania Jai Alaiko eta Euskal Herriko pilotari afizionatu onenekin osatutako lehiaketa hasi da lehenengo pausoak ematen. Joan den eguenean (martxoak 5) abiatu zuten lehiaketa Jai Alai pilotalekuan, eta ekainaren 18an amaituko da, eta lehia irabazten duenak sari berezia izango du: Gernika Jai Alai Grand Slameko prebietan aritzeko postu bat lortuko du. Hala, bide horretan pauso onarekin hasi dira Astelarra II gernikarra eta Oyhenard mauletarra; izan ere, Javier eta Urangaren aurkako partida irabazi zuten joan den eguenean, 15-11, 10-15 eta 5-2ko markagailuagaz.
Hurrengo partiduan, etzi, Arrasatek eta Bereauk Aaron eta Oierdi izango dituzte aurrez aurre.
Izan ere, zortzi bikote ariko dira zein baino zein gehiago txapelketa honetan, bi taldetan banatuta: A taldean ariko dira Astelarra II-Oyhenard, Txanika-Danel, Bixente-Laborde eta Javier-Uranga, eta, B multzoan, Garcia-Aratz, Arrasate-Bereau, Aaron-Oierdi eta Celaya-Argoitia. Eguenero lehiatuko dituzte partidak, astero bat: bikote bakoitzak hiru partida lehiatuko ditu hasierako fasean, nork bere kategorian, eta gero, talde bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira finalaurrekoetara. Sailkapen fase hori maiatzaren 28ra bitartean lehiatuko dute, eta finalaurrekoak ekainaren 4an eta 11an lehiatuko dituzte.
Hala, txapelketagaz, antolatzaileek afizionatuei zein kirolariei “txapelketa gehiago” jokatzeko aukera eskaini gura diete, baita udalerrian afizionatu mailako partida onak sustatu ere: “Profesional mailara sartzeko dauden puntista onenek osatzen dute txapelketa, Daniatik datozenak dira gehienak“. Eta, horien artean, jende gazteari lekua eskaintzea izan dute helburu ere bai. “Beto bilatzen dugu gazteei lehiaketan aritzeko aukera eskaintzea. Badago jende nagusiagoa, baina saiatu gara 30 urtetik beherakoak eta maila oneko jokalariei aukera ematen”, esan dute antolatzaileek. Txapelketa hau jokatzeko aukeraz gain, aurten, Gernika Grand Slameko txapelketaren aurreko lehian parte hartzeko aukera izango du bikote irabazleak, eta hori “ederra” dela uste dute.
Faborito argirik ez duen lehia dela uste dute arduradunek, saiatu baitira maila parea duten bikoteak osatzen. Hala ere, puntista frantsesak “gogor” dabiltzala diote, eta Astelarra IIk eta Oyhenardek osatzen duten bikotea ere “indartsu” ikusten dute. “Saiatu gara maila parekatua bermatzen, eta uste dut edonork irabaz dezakeela txapelketa”.
Iaz erantzun bikaina izan zuen txapelketak, eta aurtengorako ere gauza bera espero dute. Izan ere, Jai Alai frontoia biziz betetzen segitzen dute puntistek, eta txapelketa honetan ariko direnak afizionatuak izan arren, eguenetan frontoira bertaratzeko deia egin dute antolatzaileek: “Partida oso politak ikusten dira, eta herritarrak gerturatzera animatzen ditugu. Maila oneko bikoteek osatzen dute txapelketa eta zesta-puntaz gozatzeko beste aukera bat da hau”.