Zabaldu dute San Juan kaleko arrapala mekanikoaren bigarren tartea
Proiektua bi fasetan aurrera eroan dute, eta 1.349.320 euroko inbertsioa suposatu du. Bi jarduketak amaituta, 73 metroko arrapala mekanikoak bizilagun askoren eguneroko joan-etorriak erraztuko dituela azpimarratu dute udal ordezkariek.
Gernika-Lumoko Udalak joan den zapatuan zabaldu zuen San Juan kaleko arrapala mekanikoaren bigarren tartea, herrigune erdiko malda handienetako batean irisgarritasuna hobetzeko jarduketa amaitutzat emanez. San Juan kale hori da, hain zuzen ere, erdigunean “aldapa handiena” duen horietako bat, %10,6ko malda baitu; hala, herriguneko malda zorrotzenetako hori arintzeko eta osasun etxerako joan-etorria errazteko gauzatu dute obra.
Proiektua bi fasetan aurrera eroan dute, eta 1.349.320 euroko inbertsioa suposatu du. Hain zuzen ere, irailaren amaieran zabaldu zuten Pedro Elejalde eta Iñigo Lopez de Haro kaleak lotzen zituen tartea, eta Iñigo Lopez de Haro Carlos Gangoitigaz lotzen duen tartea da asteburuan ireki dutena, 48 metroko luzera daukana.
Arrapala mekanikoak kontrol automatizatu baten bidez funtzionatzen du, eta kontrol horrek trazaduran zehar banatutako sentsore fotoelektrikoen bidez erregulatzen du arrapala martxan jartzea eta gelditzea; izan ere, fotozelulek erabiltzaileen presentzia detektatzen dute eta mekanismoa aktibatzen dute zuzeneko gainbegiratzearen beharrik gabe, kontsumoa eta eraginkortasuna optimizatuta.
Bi jarduketa horiekin, amaitu dute 73 metroko arrapala, eta horrek bertan bizi diren bizilagun askori eguneroko joan-etorria erraztuko diela adierazi du Jose Mari Gorroño alkateak. Horrez gain, Gernika-Lumoko osasun-zentrorako sarbidea erraztuko duela gehitu du, “bereziki adinekoentzat eta hurbileko anbulatoriora maiz joaten direnentzat”.