Sustabiz Fundazioak Joko eta Kirol Tradizionalen Europako elkartearen administrazio kontseilua hartuko du
2023tik da Sustabiz Fundazioa AEJeST elkarteko kide, eta aurten izango du administrazio kontseilua lehenengoz hartzeko ardura. Hori horrela, nazioarteko jardunaldia, eta, jolas eta kirol autoktonoen jardunaldia egingo dituzte barikutik eta domekara bitartean.
Herri kirolak, pilota eta arrauna sustatzeko sortu zuten Sustabiz Fundazioa Joko eta Kirol Tradizionalen Europako elkartearen (AEJeST) administrazio kontseiluaren anfitrioia izango da barikutik (martxoak 13) domekara (martxoak 15) bitartean, Bilbon. Nazioarteko topaketa izango da, izan ere, elkarte horren parte diren Europako 17 herrialdetako kirol egitasmoen hainbat ordezkari bilduko ditu. “Gure lana eta kirol esentzia tradizionala erakusteko leihoa izango da hitzordua”, adierazi dute Sustabizeko ordezkariek.
2023tik da Sustabiz Fundazioa AEJeST elkarteko kide, eta aurten izango du administrazio kontseilua lehenengoz hartzeko ardura. Hori, “harro” egoteko arrazoitzat dute, hitzorduak balioko baitie Europa mailako beste elkarte batzuekin harremanetan egoteko eta sustapen eta ikerketa proiektuak aurrera eroateko, baita Erasmus+ bezalako programak abian jartzeko ere. “Lankidetza horrek esperientzia baliotsua, etengabeko ikaskuntza prozesua eta goi mailako harremanak eskainiko dizkio fundazioari. Horrek esan gura du begirada guztiak gugan jarrita egongo direla, ez bakarrik gure lanean, baita gure lurraldean ere”, onartu dute. Izan ere, Sustabiz Fundazioak aktiboki parte hartu du Bizkaia 2026 Kirolaren Europako Eskualde izendatzeko prozesuan, ze, ebaluazio prozesu zorrotzean kirol jarduera sustatzeko proiektua aurkeztu zien Sustabiz enpresako arduradunek ACES Europako ordezkaritzako ordezkariei, Bizkaiari aintzatespena emateko.
Sustabizekoek AEJeST elkarteko administrazio kontseilua hartuko dutela-eta, nazioarteko jardunaldia egingo dute barikuan, 12:00etan, Deustuko Unibertsitatean, Identitatea, kultura eta tradizioa jokoaren eta kirolaren bidez izenpean. Bertan, Pere Lavega AEJeSTko presidenteak, Isabel Rubio Deustuko Unibersitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoak, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak eta Bilbao Kiroletako presidenteak, Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendari nagusiak parte hartuko dute, baita ACES Europako ordezkari batek, Philipp Müller-Wirth UNESCOko Kirol ataleko zuzendariak eta Joseba Etxebarria Sustabiz Fundazinoko arduradunak ere.
Nazioarteko konferentzian, Pere Lavega AEJeSTko presidente eta INEFC irakasle katedraduna eta Dani Carballo EHUko arkitektoa izango dira hizlari. Lavegak Gorputz-hezkuntzak amets bat dauka: gizartea kirol joko tradizionalen bidez eraldatzea hitzaldia eskainiko du, eta bere lan profesionalaz (irakaslea eta ikertzailea) eta joko motorrari buruz hitz egingo du, baita joko tradizionalen inguruan ere, Jolas eta Kirol Tradizionaletako Irakasleen eta Ikertzaileen Munduko Sareko presidentea be badelako. Daniel Carballo Ostolaza arkitekturan doktoreak Pilota jokoaren historia eta espazioaren garapena gaia jorratuko du, Plazas con frontón de Euskal Herria liburuaren koordinatzailea ere izan baita.
Gero, Lavegak gidatutako mahai-ingurua hasiko da, Joko eta Kirol Tradizionalak Europan. Sareko lana, Gorputz Hezkuntzako eta Kiroleko profesionalentzat giltzarria izenburupean aurrera eroango dutena, etra honakoak izango dira hizlariak: José Ángel Hoyos AEJeSTko presidenteorde ekonomikoa eta Bolos Cantabria Fundazinoko arduraduna; Paolo Avigo JT AEJeST Dokumentazino eta Aintzatespenen presidenteordea eta AGAko presidentea; eta Etxebarria Sustabiz Fundazinoko zuzendaria.
Hori horrela, jardunaldian, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Lehen Hezkuntzako gradu bikoitzeko ikasleek euskal kirol tradizionalei buruzko ezagutza jasotzeko aukera izango dute.
Jolas eta kirol autoktonoen jardunaldia
Bizkaia ofizialki izendatu dute Kirolaren Europako Eskualde modura aurten. Izan ere, Sustabizekoek esan dutenez, ACES Europek balioan jarri du Bizkaiak kirolaren balioekin daukan konpromisoa, eta nabarmendu du gizarteratzeko, ondoizatea hobetzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko tresna legez kirolak daukan eginkizuna. “Kirolaren Europako Eskualde izendatzea bultzada erabakigarria izango da lurraldean kirol-jarduera indartzeko eta Bizkaiko kirolaren eta ondoizatearen eredua nazinoartean proiektatzeko”, esan dute fundazioko ordezkariek.
Hori horrela, AEJeSTen Europako topaketaren barruan, domeka goizean, Bilboko Emakumeen Plazan Munduko kirolak jardunaldia egitea erabaki dute: “Bilbon eta Bizkaian dauden migrazio komunitateetako joko eta kirol autoktonoen jardunaldia izango da”. Jakinarazi dutenez, helburua kulturartekotasuna eta espazioa partekatzearen aberastasuna buktzatzea da, jolas eta kirol tradizional desberdinekin elkarreragiteko.
Ekitaldi horretan Euskal Herriko kirol eta joko tradizionalak ikusaraziko dituzte, baita Kamerun, Aljeria, Maroko, Bolivia edo Asturiasekoak ere. “Helburua da kulturartekotasuna, kohesioa eta lankidetza sustatzea, jolas eta kirol tradizionalak praktikatuz eta horrek ikusaraziz”, azaldu dute. Ekitaldia erakustaldi modukoa izango da, baina parte hartzeko aukera ere egongo dela gehitu dute, bertaratutako ikusleek probatu ahal izateko.
Esan dutenez, Sustabiz Fundazioak aizkolaritza erakustaldi berezia eskainiko du, diziplina horren egungo modalitatea nondik datorren ondoen erakusten duen diziplinagaz: enborra bertikalean moztuta, alegia, 5 metroko altueran dagoela. Horiez gain, baina Asturiasko 6 Conceyos Elkarteak ere parte hartuko du euskal trontzarekiko antza daukan diziplina erakutsiz; hori bai, joko asturiarrak izaera ludikoagoa dauka. Eta, Bilboko Esperantza Pilota Klubak joko zuzenaren bitartez antzinako pilota modalitate bat berreskuratuko du: pasaka.
Bestalde, Kamerundar elkarteak Kamerungo borrokaren erakustaldia eskainiko du, eta berdintasunaren alde egiten duten lana erakutsiko dute, Kamerunen kirol honetan parte hartzea debekatuta duten emakumeei ateak zabalduz. “Kamerungo
Agiantza elkarteak, bestalde, desabantaila sozialei buruzko ezagutzak sortzea eta gizarteari itzultzea du helburu, eta, ondorioz, talde honek Aljeria, Maroko eta Boliviako jokoak ikusgai jarriko ditu: “Helburua espazio ludiko eta parte-hartzaile bat sortzea da, kirolaren bidez kulturen arteko alkarbizitza sustetako”.