Olatz Arrizabalaga, bere seigarren txapela janzteko bidean
Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak Emakume Master Cupen Binakako Txapelketaren finala jokatuko dute, Ainhoa Ruiz de Infanteren eta Nora Mendizabalen aurkako finalaurrekoan 22 eta 14 nagusitu ostean.
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak eta Arrate Bergara tuterarra Emakume Master Cupen Binakako Txapelketa patrikaratzeko hautagai nagusiak dira gaur-gaurkoz. Orain arteko partida denak poltsikoan, Arrizabalaga bere pilotari ibilbideko seigarren txapelaren bila abiatzeko prest dago; hilaren 22an Eibarko Astelenan jokatuko dute final handia.
Atzo [martxoak 8], finalaurrekoak jokatu zituzten Aguraingo pilotalekuan. Arrizabalagak eta Bergarak Ainhoa Ruiz de Infante otxandiarra eta Nora Mendizabal andoaindarra eduki zituzten aurrez aurre. Aurkariek frontoiaren ezaugarriak “material mantsoagaz” uztartu zituztela argitu du aurrelari gernika-lumotarrak, eta horrek partiduaren lehen erdian “gogotik lan egitera” behartu zituztela: “Hasieran, geure tokia topatzea kostatu zitzaigun, baina, tantoen joanagaz, partidua dominatzen joan ginen”.
Hasiera hartan, Arrizabalagak ezin izan zuen, beste askotan bezala, partiduan bere erritmoa ezarri; hark akats batzuk egitera eroan zuen, jokaldiak errematatzerakoan. Mendizabalek ezker horma bilatu zuen uneoro, eta 8 eta 11 aurrea hartu zuten. Atsedenaldiaren ostean, baina, norgehiagokren gidalerroa errotik aldatu zen: nagusitasun fisikoa plazaratuz, Arrizabagala 15 tanto biribiltzeko gai izan zen, haietako hiru sakez. Ruiz de Infantek apustu hari eusteko saiakera egin zuen, baina unerik txarrenean egindako falta bik gauzak zialdu zizkion. Atzean, berriz, partidu berdinduagoa jokatu zuten, baina, azken txanpan, Bergarak sedotasun handiagoagaz heldu zion neurketari. 22 eta 14 nagusitu ziren, azkenean, Arrizabalaga eta Bergara.
Olatz Arrizabalaga: “Faboritoak gara denen ahotan, baina nik ez dut oso bestelako presiorik sentitzen”
Elkarrekin bikotea osatuta jokatzen duten bigarren binakakoa da aurtengoa, eta sentsazioak “oso baikorrak” direla azaldu du aurrelariak: “Faboritoak gara denen ahotan, baina nik ez dut oso bestelako presiorik sentitzen. Arrategaz txapela janzteak ilusio berezia egiten dit, uste dut helburu oso lorgarria dela, baina horretarko behar handia egin beharko dugu finalean”.
Hain zuzen, beste finalerdiak argi utzi zuen aurrez aurre izango duten bikotea goi mailakoa izango dela: Alize Sagardui 14 urteko goizuetar gazteak eta egungo atzelaririk boteretsuenak, Enara Gaminde laukiztarrak, 12 eta 22 menperatu zituzten Amaia Aldai dimoztarra eta Miriam Arrillaga aginagarra. Gaminderen potentzia fisikoa, aurrealdera heltzeko eta atzean dominatzeko gaitasuna Sagarduiren joko ausartagaz uztartu zen finalerdian. Aldaik errematerako abagune gutxi izan zituen eta, saiatuagatik ere, ez zuen gura beste jokaldi biribildu, eta zenbait hutsegite ere izan zituen. 11 eta 3ko errenta zabala lortu zuten laukiztarrak eta goizuetarrak, eta azken txanpan alde hura kudeatu baino ez zuten egin behar izan. 22 eta 12ko markagailuarekin lortu zuten finalerako sailkapena.
Gaminde, mehatxu.
Finalari begira, Arrizabalagak argi du Gaminde izango dela aurka edukiko duten arrisku handiena: “Jokoa dinamitatzeko gai da; iaztik egun arte, atzelaririk onena dela sobera frogatu du. Hura jokotik ateratzea ez da batere erraza izango, aurrean ere lan egiteko gai baita, baina Arratek eta biok elkar ondo ulertzen dugula eta hautagaitzari eusteko bezainbesteko bikotea osatzen dugula frogatu dugu”.
“Finlean pilota aurrera eta atzera mugitu beharko dugu, Gaminde ahal beste nekatu, eta Sagardui egoera gaitzetan ipintzen saiatu”
Defentsan “lan ona” egitea gako izango dela nabarmendu du, alde fisikotik eurak aurkariak baino “hobeto” dauden jakitun: “Pilota aurrera eta atzera mugitu beharko dugu, eta Gaminde ahal beste nekatu. Aukerak plazaratzerakoan, Sagardui egoera gaitzetan ipintzen saiatuko gara; txapelketa honetan debuta egiten ari da, eta seguru eskarmentu falta hori ere igarri dezakeela, finala moduko agertoki handi batean”.
Final handiaren ostean, Munduko One Wall Txapelketa lehiatuko du gernika-lumotarrak, Argentinan: “Apirilaren 6tik 12ra artean munduko onenen artean jokatuko dugu. One Wall diziplina ere oso gustuko dut eta, beraz, finalaren osteko hurrengo jomuga bertan ondo aritzea izango da”.