Hiru lasterketa, hiru urre eta errekor bat
Inma Ruiz atleta gernika-lumotarrak hiru urrezko domina poltsikoratu ditu asteburuan, pista estaliko master mailako Espainiako Txapelketan.
Argazkia: Inma Ruiz. Inma Ruizek iragan asteburuan egin zuen debuta F65 adin taldean, non eta goi mailako atletarik puntakoenen artean: Espainiako Txapelketan. 65 eta 69 urte bitartekoetan debuta egin ez ezik, pista estaliko master mailako txapelketa horretan lehiatu zituen hiru probetan nahieran nagusitu zen atleta gernika-lumotarra, eta, erabateko dominantziaz, hiru urrezko domina poltsikoratu ahal izan zituen.

Argazkia: Inma Ruiz.
Ruizek 400, 800 eta 1.500 metroko lasterketetan parte hartu zuen; hurrenez hurren, 01.18,99ko, 02.53,47ko eta 05.54,81eko markak ezrri zituen. Hiruretan estrategia berbera jarraitu zuen: “Hasieratik aurrea hartzea”. Ondorioz, gainontzeko parte hartzaileekiko “alde nabarmenagaz” irabazi zituen probak. 400 metroko lehian, gainera, Espainiako errekor berria ezarri zuen Ruizek. Edozelan ere, gernika-lumotarra ez da “batere gustura” geratu lehiaketan zehar edukitako sentsazioekin: “Iaz, data hauen bueltan, gaixorik lehiatu behar izan nuen, eta aurten, berriz, hankan kontraktura bategaz; txapelketa baino lau egun lehenagora arte, ez nekien parte hartu ahal izango nuen. Ez dut gustura lasterka egin eta denbora erregistroak ez dira nire ustez distiratsuenak izan, baina, halere, garaipen oso nabarmenak lortu ditut”.
Ruizek, martxo amaiera eta apiril hasiera artean, Europako Txapelketa lehiatu du Polonian
Hain zuzen ere, azken asteotako “entrenamendu gogorren emaitza” da aipatutok kontraktura, Ruizek helburu handiak baititu ortzimugan: “Hilaren 31n eta apirilaren 2an, pista estaliko Europako Txapelketa lehiatuko dut, Torún herrian [Polonia] , eta lehiaketa horretarako buru-belarri lanean nabil, horrexegatik kargatu zait hanka. Orain prestakuntzaren erritmoa apur bat apaldu beharko dut, guztiz berreskuratzeko”. Martxoaren 31n, 800 metroko proban parte hartuko du Ruizek; apirilaren 2an, ostera, 1.500 metrokoan.