Hankak ez ezik, burua: Unax Otegi, Ereñon garaile
Smartlog Nest etxeko Unax Otegik Ereñoko Udala Sari Nagusia irabazi du. Erorketek lasterketaren noranzkoa markatu dute: tarte batez neutralizatuta ibilita, proba gelditzera ere iritsi dira.
Unax Otegi, helmugan. Argazkia: Smartlog Nest. Gogoangarria izan zen zapatuko [martxoak 7] XXIII. Ereñoko Udala Sari Nagusia. Euskaldun Torneoko bigarren proba puntuagarriak koskaz eta errepide bihurgunetsuz jositako 123 kilometroko ibilbidea zuen, baina ezbeharrak hura laburtzera derrigortu zituen antolatzaileak. 150 txirrindulariko tropel handia plazaratu zen Atxoste auzoko irteeran, eta 91 izan ziren Elizaldeko helmuga lerroa zeharkatu zutenak. Zumaiako estreinaldiaren ostean, Ereñoko lasterketa txapelketako lehendabiziko azterketa serioa zen, baina azkenean erdibidean geratu behar izan zen.
Izan ere, erorketak izan dira nagusi aurtengo ekitaldian. Horietako lehenengoa Kanale inguruan gertatu zen; tropelaren zati handi bat lurrera joan zen, eta zenbait ziklistak ondorio larriak pairatu zituzten. Ondorioz, Laidan, proba gelditu zuten, eta zenbait kilometro neutralizaturik egin behar izan zituzten. Berriro lehiari ekinda, erorketa gehiago ere egon ziren, baina txirrindulariek Omako ibarreko bi itzulietara sarrera egin zuten. Errepide estu, gogor eta tekniko hartan, Kern Pharma-Finisher taldea izan zen bere kartak mugitzen estreinakoa: Luis Alberto Lajarinek erasora jo zuen. Atzetik zenbait txirrindularik mugimendu hari erantzun zioten, baina, bat-batean, Oma inguruan gertaturiko beste eroriko batek proba geldiarazi zuen.
Txirrindularien segurtasuna bermatu asmoz, segituan Nabarnizera jotzea eta, Ereñotik pasatuta, azken itzulia bakarrik lehiatzea erabaki zuten. Horrenbestez, lasterketa 32 kilometrotan erabaki behar izan zen. Ziklista askok, egoera hartan, kale edo bale egin behar izan zuten. Asko eta asko izan ziren ihesaldi saiakerak, haietako zenbait nahiko esanguratsuak, kasurako, BBK-Euskadi Fundazio Asier Castilla, Eulen-Amenabarreko Asier Arteaga eta Smartlog Nesteko Unax Otegirena. Tropela, alabaina, ez zegoen iheseko abenturei argi berderik erakusteko prest.

Argazkia: Smartlog Nest.
Alain Suarez izan zen erasoaldi esanguratsua egiten hurrengoa, eta Ereñoko herrigunerainoko bidea egin zuen kantabriarrak. Atzetik, bost laguneko taldetxo bat antolatu zen, jazarpenean. Edozelan ere, saiakerek ez zuten biderik egon. Eatik Natxitura bitarteko Angelutxuko azken mendateak dinamitatu zuen lasterketa. Aimar Galdos izan zen apustua egiten lehena, BBK-Euskadi Fundaziokoa; Otegik ederto erantzun zion, baita Caja Rural-Alea etxeko Finlay Hawkerrek ere. Azkenean, talde murriztu bat iritsi zen gailurrera. Merru auzotik Ereñora arteko errepide gorabeheratsuak egin zituen epaile lanak. Arteagak berriro ihesera jo zuen, eta, jarraian, Otegik bere azken aukera baliatu zuen, hura harrapatzeko. Elizalderako azken maldak erabaki zuen garailea, eta Smartlog Nest taldekoa izan zen bizkorrena.
Unax Otegi: “Lehen urteko ziklista izanik, uste nuen begi gutxiago izango nituela niri begira, eta aukeratxoa aprobetxatzea erabaki dut”
Otegik 47.33an gelditu zuen erlojua. Eulen-Amenabar etxeko Arteaga bigarrena izan zen, segundo bitara helmugaratuta. Denbora berean iritsi zen BBK-Euskadi Fundazioko Marco Martin. 23 urtez azpikoen bere hirugarren proban, garaipen aparta lortu zuen, beraz, Otegik. Podiumera igo orduko, hankekin ez ezik, buruz jokatu zuela adierazi zuen garaileak: “Lehen urteko ziklista izanik, uste nuen begi gutxiago izango nituela niri begira, eta aukeratxoa aprobetxatzea erabaki dut”. Erokikoek “proba guztia” baldintzatu zuen: “Nabarniz hutsetik igo behar izan dugu, hankak gori-gori eginda. Eatik gorakoan, azken mendatean, sentsazio onak izan ditut, eta azken maldetxoetan ere, gogotik sufritu arren, indartsu ibili naiz; azken aldapan nire abiaduragan sinistu, eta garaipena lortu ahal izan dut”.