Tarte berri bat izango du III. Urdaibai Rallyak
Hilaren 27an eta 28an lehiatuko dute Urdaibai Rallyaren III. ekitaldia. Gaur [martxoak 7] egin dute aurkezpena saioa, Gametxon. Hiru tarte izatetik laura igaroko dira, eta horietako bat "guztiz berria" izango da.
Ver esta publicación en Instagram
Busturialdeko nahiz inguruko motorzaleak zortez daude. Martxoa heltzeagaz batera, ate joka dago Urdaibai Rallya. Eskualdeko automobilismo proba nagusiaren III. ekitaldiak bertoko errepideak zeharkatuko ditu hilaren 27a eta 28a bitartean. Gaur [martxoak 7] egin dute aurtengo aldiaren aurkezpen agerraldi ofiziala, Ibarrangeluko Gametxo auzunean. Aurkezpen saioan egon dira Urdaibai Motorsport talde antolatzaileko kideak, baita ekimena babestuko duten udaletako ordezkariak eta Bizkaiko Automobilismo Federazioko lehendakari Ricardo Perez ere, inguruko zale eta jarraitzaileez gain.
Hirugarren ekitaldian, rallyak azken urteko goranzko joerari eutsiko dio; hazkundearen urtea izango da, tarte gehiago eta berritasunak txertatuko baitizkiote egitasmoari. Hasteko, urtero legez, automobilismoaren kultura herritartzeko eta gaztetxoenei hurreratzeko helburua izango du antolakuntzak. Hain zuzen ere, eskualdeko herri eskoletara eroaten dituzte autoak; lehen bi aldietan, hurrenez hurren, Urretxindorran eta Barrutian zein Barrutialden egon ziren. Aurten, Gautegiz Arteagako Montorrera joko dute, hilaren 13an. Eneko Fuentes Urdaibai Motorsporteko presidenteak “garrantzitsutzat” jo du eskoletara joatea: “Ume nahiz gazteei rallyaren inguruko dena bertatik bertara erakusteko aukera aparta da, eta automobilismoarkeiko sentitzen dugun pasioa transmititzekoa ere bai”.
Lau tarteei bina itzuli emango zaie, osotara, zortzi azterketa kronometratu eginez
Lehiara jota, lehen ekitaldian bi tarte eduki zituen rallyak, eta iaz, ostera, hiru. Aurten, are gehiago haziko da konpetizioa: lau tarte edukiko ditu Euskadiko Rally Txapelketarako, 206 Koparako eta Euskadiko Junior Txapelketarako puntuagarria izango den probak. Bina egingo dituzte goizez zein arratsaldez, bakoitzari itzuli bi eginez; beraz, zortzi azterketa kronometratu izango dira guztira.

Aurtengo tarteak.
Lehendabizikoak Arratzuko Belendiz auzoa eta Gautegiz Arteaga lotuko ditu, 14 kilometroko ibilbideagaz; autoek Nabarnizera igoera egingo dute, handik Ereñora jotzeko. Atxostetik Muruetaganera eta bertatik Gautegiz Arteagara iritsiko dira. 09:16an hasiko da lehen parte hartzailea. Iazko “ondo funtzionatu” zuen ibilbidearen tarte bati eutsi egingo diote, hortaz, aurtengoan. Goizeko bigarren tartea izango da aurtengo “berrikuntza nagusia”: orain arte “sekula egin gabeko ibilbidea” diseinatu dute, Muxikako San Roman eta Morgako Eskerika auzoen artean, Gerekizen barrena; 9 kilometro edukiko ditu, eta 09:49an ekingo diote.
Arrieta eta Busturia arteko “aspaldiko tartea” berreskuratuko dute
Arratsaldeko bi ibilbideei dagokienez, lehenak Gernika-Lumo eta Errigoitiko Olabarri lotuko ditu. Lumora ohiko igoera egingo dute lehenik, handik Bastegieta eta Zallobante auzoetara jotzeko. Errigoitiko Uria auzoan, eskumatarako bidea helduko dute, Olabarriraino. Tarte horrek 10 kilometro edukiko ditu, eta lehen kotxea 15:23an abiatuko da. Laugarren tartea Olabarritik oso hurre hasiko dute: Jainko inguruan. Arrietako gune hori Busturiagaz lotuko du 11 kilometroko tarteak, 15:46an hasita. Azken tarte hori “aspaldikoa” dela adierazi dute, eta aurten “lehiara bueltatuko dela”.
Bestalde, Mendatari egokituko zaio aurten, hilaren 27an, egiztapen gune izatea. 16:15etik aurrera, parte hartzaileek bertan egin beharko dituzte lehiatzeko beharrezkoak diren egiaztapen guztiak, eta handik Gernika-Lumorako bidea hartuko dute: aparkaleku parke ofiziala Astrak hartuko duen arren, irteera ekitaldia Adolfo Urioste kalean, Merkurio inguruan, egingo dute. “Iaz egundoko giroa sortu zen inguru horretan, eta aurten ere halaxe izatea espero dugu”. 20:00retan hasiko den ekitaldia, gainera, DJ Koetek girotuko duela aurreratu dute. Zapatuan, lehiakide denek helmuga harrapaturik, sari banaketa ekitaldia egingo dute. Hori ere Merkurion eta 20:00retan izango da, baina “beste berritasun bat” edukiko du: “Apokhalipsis talde gernika-lumotarrak zuzeneko kontzertua emango du, momentua girotzeko”.