Korrikaren itsasoak gazte euskaltzaleen olatua ere izango du
Hilaren 19tik 29ra egingo den 24. Korrikaren harira, Gazte Euskaltzalen Sareak (GES) hura babesteko eta sustatzeko Gazte Olatua dinamika abian ipini du, “gazteak erdigunean jartzeko eta Korrikan aktiboki parte hartzeko proposamenez”. Gaur-gaurkoz, dinamika hori abiada bete-betean da Euskal Herriaren luze-zabaleko udalerrietan, eta badu elementu bereizgarri bat: gazte zapia.
Gazte euskaltzaleek, atzo [martxoak 6] Astra kultur faktorian eginiko agerraldian, azaldu zuten zapi gorri hori, Korrika “martxan den bitartean”, elementu funtsezko izango dela. Dinamikaren parte dira, hain zuzen, eskualdeko gazte euskaltzaleen sarea osatzen duten Mobidu zein Etxalak taldeak. Hortaz, gazte orori abian dauden egitarauetan eta Korrikan bertan “parte hartzeko” nahiz zapia “jantzita eroateko” deialdia luzatu diete.
Horrez gain, 24. ekitaldiaren irteerari zein helmugari erreparatzen diote: Atharratzeri eta Bilbori. “Bai batean, bai bestean, ezinbestekoa izango da gazteen presentzia; hain zuzen ere, gazteen ardura izango da Gazte Olatua ikusaraztea. Arretagune nagusia Bizkaiko hiriburua izango da: “Bertan amaituko da Korrika, eta, beraz, gazte euskaltzaleen indar erakustaldia inon baino handiago izan behar da han”.
Hala, Bilbon bertan egingo duten egitaraua ere aurkeztu zuten Astran: “10:30ean, Casillan gazte euskaltzeon olatua sortuko dugu: gazte guztiok batera sartuko gara Korrikara, guztiok zapia soinean dugula; 13:30ean, Hots Kolektiboa Elektrotxarangak poteo aldartea girotuko du”. Babeserako eta esku hartze aktiborako deialia eginez biribildu zuten agerraldia: “Gazte euskaltzale, badakizu: antolatu zure herri eta auzoan, eraman zapia eta batu zaitez Gazte Olatura, gazteok ere euskara garelako“.