Gernikako Lekuek Festibala, motorrak berotzeko prest
Martxoaren 26tik 29ra bitartean, Gernikako-Lumoko kale, taberna zein kulturguneak musikaz girotuko ditu Gernikako Lekuek Festibalak. Aurtengo kartel osoa argitara eman dute antolatzaileek, eta gogoratu hala bonuak Internet bidez eros daitezkeela.
Belarrietan betazalik ez lelopean, Gernikako Lekuek Festibala motorra berotzeko prest dago. Hilaren 26tik 29ra bitartean egingo dute Gernika-Lumo musikaren doinuan ipini ohi duen jaialdi autogestionatuaren XIV. ekitaldia, eta antolatzaileek aurtengo kartela argitara eman dute. Euskal Herriaren luze-zabaletik nahiz urrunagotik ere bertaratuko dira aurtengo egitaraua osatuko duten musika taldeak, eta, ohiko legez, zuzeneko musika ez ezik, bestelako adierazpide artistikoentzako tartea ere edukiko dute.
Astra kultur faktoriaz, Iparragirre Rock Elkarteaz eta Kult Parnaso kulturguneaz gain, udalerriko tabernek zein kaleek hartuko dituzte emanaldiak. Horietako asko eta asko doakoak izango dira, eta beste batzuetarako, ostera, txartelak erosi beharko dituzte ikus-entzuleek. Alde horretatik, antolakuntza lantaldeak nabarmendu du egitarau osorako bonuak eskuragarri dituztela, eta herritarrak horiek erostera deitu dituzte; Lekueken web orrialdean daude eskuragarri, 35 euroren truke. Ez hori bakarrik: bonua eta elastikoa batera poltsikoratzeko aukera ere badago, 45 euro ordainduta.
Lekuek, zerbait izatekotan, ezustekoen eta aurkikuntza musikalen plaza da, baina, era berean, artengo aldiak musikari zein talde entzutetsuak hartuko ditu: Mourn talde kataluniarra edota Zuberoatik hurreratuko den Xiberoots lagin bi baino ez dira. Olaia Inziarte eta Janus Lester ere kartelburuen artean daude, baita Manolo Kabezabolo ere. Hain zuzen, punk musikariak jaialdiaren irekiera ofizialaren bezperan Si todavía te kedan dientes es ke no estuviste ahí izena duen eta Jose Alberto Andres Lacastarekin batera ekoitzi duen dokumentala aurkeztuko du, Lizeo antzokian, hilaren 25ean. Proiekzioaren ondoren, berbaldian biltzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek, eta, amaieran, Kabezabolok zuzeneko saio akustikoa emango du.
Eskualdeko ordezkaritza.
Busturialdeko zein inguruko harrobi musikalaren haztegi eta bilgune izatea ere Lekueken funts nagusietako bat den aldetik, eskualdeko musikariek ere dagokien oholtza edukiko dute, tartean, Gaizka Insunza gernika-lumotarrak edota eskualdeko kidez osatutako T.A.P. zein Aposapo taldeek. Horiez gain, Segundo Olaeta Musika Eskolako banda sinfonikoaren emanaldia ere aurreikusita dago.