Denontzako bizitza "bizigarrien" aldarrikapena
Gernikako Greba Komiteak martxoaren 17ko greba orokorrari dagokion agerraldia egin du, aldarrikapenaren zutabe nagusiak herritarrei argitzeko.
Ver esta publicación en Instagram
Eguraldiak, Gernikako Greba Komitearen agerraldia Merkurio ingurutik Foru Plazako arkupeetara lekualdatzeagatik ere, ez du galarazi herritarrek martxoaren 17ko greba orokorraren inguruko informazioa jasotzerik. Atzo [martxoak 6], 19:30ean, Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitutako grebaren ardatzak eta helburuak zehaztu zituzten.
Azaldu zuten grebarako deialdia ez dela “hutsetik” sortu, azken urteetan emandako bi greba orokorrekiko “zuzeneko lotura” baitu honakoak. Alde batetik, pentsiodunek deitutakoa gogoratu dute; bestetik, Mugimendu Feministak deiturikoa. Martxoaren 17koak “ildo berbera” jarraituko du: “Bizitzak duintzeko beharrizana”. 1.500 euroko gutxieneko soldata izango da oinarrizko helburuetako bat. Izan ere, “kolektibo osoak” daude, egun, kopuru horren azpikoak diren diru sarrerak jasotzen —bost herritarretik bat—. Egoera “are gogorragoa” da zaurgarrienak direnen kasuetan: “Migranteak, gazteak zein emakumeak”.
Hori horrela, “denentzako bizitza bizigarriak” aldarrikatzea izango dute oinarri lanuzteek: “Denok ala ezer ez; denok ala inor ez. Ez da elkartasuna: justizia da“. Adierazi zutenez, enpresen etekinak “gora” doazen bitartean, hainbat eta hainbat herritarrek “dena neurtu” beharra dute beren egunean-eguneangoan: “Erosketak egitea, neguan berogailua piztea edota beraien seme-alabek aukera berdinak eduki ditzaten egin beharreko denetariko sakrifizioak”. Onargarriak “ez direnak” zerrendatzea besterik ez dago, greba orokorraren noranzkoa zehazteko: “Ez da onargarria, bizitza osoa lanean emanda, geure burua zaintzeko bezainbesteko dirurik ez izatea; ez da onargarria milaka herritarrek babesturiko ekimen legegile bi —pentsiodunena eta sindikatuena— eztabaidarako ere onartu ez izana”.
“Gutxieneko errespetua”.
Eguneroko bizitzarako prezioek “gora eta gora” egin duten heinean, azpimarratu dute soldatak ez direla “erritmo berean” hauspotu. Hori gutxi balitz, patronalaren jarrera bidegabea salatu dute: “Patronalak negoziatzeari uko egin dio, beraien irabaziak ukitzea ez omen delako aukera bat, eta, gainera, abstentismoaren mantrarekin datoz orain; lotsagarria da”.
“Patronalak negoziatzeari uko egin dio, beraien irabaziak ukitzea ez omen delako aukera bat, eta, gainera, abstentismoaren mantrarekin datoz orain; lotsagarria da”
Herritarrek “gutxieneko errespetua” merezi duten jakitun, argi eta garbiak dira hilaren 17an aireratuko dituzten eskakizunak. Lehendabizikoa gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izatea da, “eta bide batez soldatak orokorrean igotzea”. Ildo horretatik, kolektiborik prekarizatuenen soldatei erreparatuko diete bereziki, “arrakala matxistak zein arrazistak apaltzeko”.
Beste aldarri nagusietako bat gutxieneko pentsioen zein prestazioen igoera izango da: “Langileok sortzen dugun aberastasuna modu bidezkoagoan banatze aldera eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratu ditzan”. Neurri hori “hemen bizi, lan egin eta erabakitzearen” aldekoa dela nabarmendu dute: “Guztion bizitza duinen alde, berton erabakitzearen alde eta aberastasunaren banaketa justuagoaren alde egingo dugu greba”.