Telletxea eta Urrutxua gudariak gogoan izan dituzte ibarrangelutarrek
Juan Telletxea Abadia eta Domingo Urrutxua Arano ibarrangelutarrei eta Matxitxakoko Batailan borrokatu ziren marinel guztiei omenaldia egin die Ibarrangeluko Udalak, gaur (martxoak 5), Matxitxakoko Batailaren 89. urteurrenean.
Juan Telletxea Abadia eta Domingo Urrutxua Arano ibarrangelutarrei udalak egindako omenaldia. Ibarrangeluko Udala Juan Telletxea Abadia eta Domingo Urrutxua Arano ibarrangelutarrak eta Matxitxakoko Batailan borrokatu ziren marinel guztiak omendu ditu Ibarrangeluko Udalak, gaur (martxoak 5), Akordan, borroka horren 89. urteurrenean. Urtero moduan, udalak 2008an inauguratutako eskulturaren parean bildu dira, eta lore eskaintza egin diete. “Matxitxakoko Bataila gogoratzeaz gain, herri bakoitzak bere seme kutunenak kontuan hartzeko konpromisoa eta beharra dauka, eta, gaur, Ibarrangelun, Juan Telletxea Abadiaren eta Domingo Urrutxua Aranoren izenak eta itsas armadako marinel eta euren lagun guztienak altxatu gura izan ditugu, gure esker ona adieraziz. Izan ere, herritarrok gogoan eta akorduan ditugu”, adierazi du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak. Eta jakinarazi du Telletxearen familiak eskertu egin diela keinua.
Egindako lanagatik esker ona adierazi nahi izaten diete urtero ibarrangelutarrek gudariei, gizon horiek ahanzturatik berreskuratzeko. Izan ere, Matxitxakoko Bataila Ibarrangeluko historian kokatu gura dute: “Gure errekonozimendu handiena eman nahi diegu, baita batailan parte hartu zuten arrantzale eta marinel guztiei ere. Gertaera hori Ibarrangeluko historian kokatu gura dugu behar den legez, Juan, Domingo eta euren lagun guztietaz arro gaudela ozenki esateko. Adierazi nahi dugu, baita ere, horrenbeste urte pasatu eta gero, egun triste hura gogoratzen dugula, eta Bou ontziko arrantzale guztiei merezi duten duintasuna eta garaipena eman nahi diegula”.

Juan Telletxea Abadia eta Domingo Urrutxua Arano ibarrangelutarrei udalak egindako omenaldia.Ibarrangeluko Udala
Izan ere, Ibarrangeluko alkateak gogoratu du 1937ko martxoaren 5ean “historia hurbileko” pasarte “triste eta, era berean, ausartenetarikoa” gertatu zela. “Zorigaiztoko egun horretan, Bou Nabarra ontzian borroka aritu zen Telletxea eta bere ondoan borrokatu zuten gudari guztien omenez jarri zuen eskultura hau Ibarrangeluko Udalak, bere jaioterria zen Akordan, 2008an”, gogoratu du Ziluagak. Eskultura Elena Solatxi durangarrak egin zuen, baina ez zen egin zuen obra bakarra izan; ze, horrez gain, Telletxearen buruaren eskultura txiki bat ere egin zuen, udaletxeko delegaritza batek hari oparitu ziona. Baina, horren erreplikak Akordan bertan eta udaletxean daude, eta urtero ateratzen dituzte monolitoaren aurrera, ikurrina jartzeagaz batera.
Gogoratu dute, Telletxea 20 urterekin sartu zela Eusko Itsas Gudarostean, 36ko gerra hasita zegoela. Bou Nabarran eman zioten lekua eta Matxitxakoko batailan Canarias gerraontziaren kontra borrokatu zuen, beste 48 marinelekin batera. Hemeretzi izan ziren bertatik bizirik ateratakoak, tartean Telletxea. Batailaren ostean, atxilotu eta Donostiako Ondarretako kartzelara eroan zuten, eta heriotzara kondenatu. Bi urte eman zituen han, Canarias ontziko komandante izandakoak marinelak libre gertatzeko bitartekaritza lana egin zuen arte. Libre geratu eta gero, merkataritzako marinan egin zuen lan erretiroa hartu zuen, 2011n hil zen arte, 94 urte zituela, Asturiaseko San Juan de la Arena herri marinelean. “Telletxearen heriotzak bereziki tristetu gintuen, baina ere berean, indar handiagoz akordatzen gara berataz”, gogoratu dute udal ordezkariek.
Bestalde, batailan parte hartu ez arren, Eusko Itsas Gudarosteko kide izan zen Urrutxua, Bou Bizkaiako marinela. “Marinela eta makinista izan zen, eta Bigarren Mundu Gerran, naziek botatako bonba baten ondorioz hil zen”.
Marinel horien lana aitortuta, gazteei herria defenditzeko “kemena” izan zuten horien “adorea” transmititu gura diete udal ordezkariek: “Irakatsi diezaiogun geure umeei euren herria defenditzeko izan zuten kemena, adorea; beraien gizatasuna gure oroimenean betirako gera dadin”.

Juan Telletxea Abadia eta Domingo Urrutxua Arano ibarrangelutarrei udalak egindako omenaldia.Ibarrangeluko Udala