Hileon bukatuko dituzte Iparragirre kaleko eta Txibitxiagako 76 etxebizitzen lehen birgaitzeak
Zortzi milioi euroko eta lau jarduketa ildoko hiri berroneratze eta birgaitze prozesu osoa urrian amaituko dute. Bermeo gune tentsionatu izendatzea eskatu du udalak. Udala eta Visesa lanean ari dira, Kaltzadape kalean alokairu orokorreko 52 BOE eraikitzea sinatzeko.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso Gonzalezek eta udal taldeko zinegotzi Miren Gabantxo Uriagerekak Iparragirre kaleko eta Txibitxiaga taldeko eraikin multzoa bisitatu dute gaur [martxoak 4], hiri berroneratzeko obren aurrerapena egiaztatu asmoz. Lan horiek Kurtzio, Zarragoitxi eta Itxasbegi auzuneen esparruan kokaturik daude, eta zazpi eraikinetako 76 etxebizitzatan ari dira egiten aipatutako berroneratze eta birgaitze prozesua.
Proiektu horretara bideratutako inbertsioa 8.069.676,29 eurokoa da, eta lau jarduketa ildotan oinarrituta egiten ari dira: Bizitegi eraikinen birgaitzea, Hurbiltasuna Kudeatzeko Bulego Teknikoa (Opengela), Berrurbanizazioa eta Egokitzapen paisajistikorako esku hartzeak. Jaurlaritzak, Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planeko laguntzaren zein beste diru funts batzuen bitartez, 6.082.879,99 eurorekin babestu du proiektua —aurrekontuaren %75—, eta udalak 163.239,99 euroko ekarpena egin du; etxebizitzen jabeek, hala, 1.823.557,14 euro hartu dituzte beren gain, eraikinak birgaitzeko.

Proiektuaren ardatza zazpi etxebizitza blokeen birgaitze integrala da, borrexek hartu baitu aurrekontuaren zatirik esanguratsuena; %63 Jaurlaritzak ordaindu du, eta %37, aldiz, tokiko bizilagunek. Besteren artean, beheko solairuetako hezetasun, iragazketa zein kapilaritate arazoak konpontzea izan da lanik esanguratsuena, baita fatxadetan, estalkietan nahiz egituretan esku hartzea ere. Ez hori bakarrik: eraikinen inguratzailearen gainean jardun dute.
Alderdi energetikoari dagokionez, Passivhaus estandarrari erreparatu diote: energia eskaria ahalik eta gehien murriztea, beste sistema batzuk txertatu orduko. Itxasok aditzera eman zuen “%60tik gorako hobekuntza energetikoa” suposatuko duela aldaketak, eraikinak “G kalifikazio energetikotik E kalifikaziora” pasatuko baitira. Emaitzak, energiaren ongintzaren aldetik ez ezik, bizi kalitatearen ikuspegitik ere “onuragarriak” izango dira; panel fotovoltaikoak ere ipini dituzte.
Adin zein egoera guztietako bizilagunen irisgarritasunak esangura berezia du egitasmo osoaren barruan. Sailburuaren berbetan, igogailuak instalatzen eta atariak egokitzen ari dira, oztopo akitektonikoak “ahalik eta gutxienak” izan daitezen. Alde horretatik, Txibitxiaga taldeko zein Itxasbegi kaleko eraikinetara iristeko igogailua nabarmentzen da.

Bigarren zutabea Opengela edo Hurbiltasuna Kudeatzeko Bulego Teknikoa da. Jaurlaritzaren 305.200 euroko diru saila lagun, laguntza integralerako gune teknikoa da, zalantza “tekniko zein administratiboak” argitzera datorrena; komunitateen, administrazioaren eta talde teknikoen arteko hartu-emana koordinatuko du. Hala Nemehk, nola Itxasok, bulego horren esangura azpimarratu dute: “Hiri berroneratzearen erronka konplexua da, eta eragileen arteko denbora, koordinazioa eta konfiantza eskatzen ditu; Opengela erronka horrentzako erantzun publikoa da”.
Espazio publikoa berritzeaz.
Hirugarren lan ildoak auzoko espazio publikoa berritzea du xede, 2.676.727,75 euroko babesarekin. Birgaitutako eraikinen inguruneak mugikortasun, irisgarritasun eta hiri kalitateari dagozkien berme guztiak betetzea izango da jomuga. Besteak beste, asfaltatze berria, zoladura irristagaitzeko ibilbide irisgarriak sortzea, hiri altzarien berriztapena, narriatutako urbanizazioa eraistea eta kutxatilen estalkiak ordeztea dituzte begipuntuan. Funtsean, hobekuntza eraikinen barrualdera “bakarrik ez mugatzea” bilatuko dute, alegia, “eremu osoa eraldatzea, hiri kohesioa eta irisgarritasun unibertsala sendotzeko”.
25.000 euroko inbertsioarekin, paisaiaren egokitzapenera bideratuko dute azkenengo fase edo ildoa. Auzoa herrigunearen eta naturaren arteko ertzean kokatuta egonik, “testuinguru horrekin bat” etorriko diren materialak nahiz soluzioak baliatuko dituztela iragarri dituzte, esku hartzea “naturan integratu dadin”.
Konponketa zein egokitzapen horiekin guztiekin, birgaitze bilakabideak “prozesu soziala izatea” ere helburu du: “Alor teknikoaz harago, birgaitzea antolamenduari eta alde ekonomikoari eragiten dion prozedura ere bada; zerikusi zuzena dauka erabaki kolektiboak hartzeko moldearekin eta prozesu konplexuei denboran eusteko moduarekin”. Horrenbestez, politika publiko “eraginkorrak” sustatzeko asmoa dute, Opengela programa tarteko.
Nadia Nemeh: “Bermeorentzat hobekuntza handia izango da. Gainera, auzotarrak parte hartzaile zuzen izan dira, eta ahalduntze prozesua jaso dute. Udala oso pozik dago herritarren esku hartze horrekin”
Nemehk, gainera, auzotarren elkarlanerako grina “balioan jarri eta eskertu” egin behar dela nabarmendu zuen. Proiektua, urigintzaz eta berroneratzeaz harago, “arimadun egitasmoa” dela adierazi zuen alkateak: “Bermeorentzat hobekuntza handia izango da. Gainera, auzotarrak parte hartzaile zuzen izan dira, eta ahalduntze prozesua jaso dute. Udala oso pozik dago herritarren esku hartze horrekin”.
Itxasok Bermeoko prozesua “Euskal Herriko gaitzenetakoa” izan dela azpimarratu zuen: “Operazio kirurgikoa izaten ari da, baina inbertsioak eta esfortzuak merezi du, hainbat arlo hobetuko baitira”.

Bestalde, azaldu dute udala eta Visesa sozietate publikoa hitzarmena “ahalik eta azkarren” sinatzekotan daudela, UE-21.2 unitateari atxikitako 18. partzela doan lagateko. Kaltzadape kaleko orube hori, hain zuzen ere, udalaren titulartasunekoa da; bertan araubide orokorreko babes ofizialeko 52 etxebizitza eraikiko dituzte. Hala, etxebizitza babestuen parkea handitzeko “tokiko estrategia” indartuko dute.
Gune tentsionatua.
Iragan egueneko osoko bilkuran aurreratu legez, udalak Bermeo etxebizitza merkatu tentsionatuko eremu izendatzea eskatuko du. 2018tik 2023ra, alokariuen batez besteko prezioak %20,2 gora egin du udalerrian. EH Bilduk eta Guzanek aldeko botoak eman zituzten, ez, ostera, EAJk; jeltzaleek aintzatetsi zuten neurri hori “ez dagoela behar bezala justifikatuta”.
Denis Itxaso: “Jaurlaritzak babesa emango dio Bermeori, behin eremu tentsionatu izendatuta, neurrik har daitezen”
Itxasok, herritarrek etxebizitza aurkitzeko dituzten arazoei keinu egin zien: “Arazo hori ez da hiriburuetara mugatzen; kostaldeko herriek, beren testuingurua dela eta, arazo hori bere gordinean pairatzen dute. Jaurlaritzak babesa emango dio Bermeori, behin eremu tentsionatu izendatuta, neurrik har daitezen. Horietako garrantzitsuenetakoa aipatutako 52 etxebizitzena izango da; horien erdia, gutxienez, 36 urtetik beherakoei zuzenduko zaie”.