Euskarari "bidea irekitzeko" deia egin du Euskal Herrian Euskarazek
Euskaltzaleei martxoaren 9tik 15era bitartean erdaldundutako Euskal Herriko bide seinaleak ezabatzeko eta euskarari lehentasunezko lekua emateko deialdia egin du Euskal Herrian Euskarazek.
Argazkia: Bermeoko Euskal Herrian Euskaraz Badator Korrika, euskararen aldeko ekimen erraldoia. Baina, 11 egunez Euskal Herria luze zabalean zeharkatzen duen lasterketa ailegatu orduko, euskararen aldeko olatu erraldoia elikatzeko deia egin du Euskal Herrian Euskarazek (EHE): Ireki bidea euskarari! ekimena jarri dute martxan. Hau da, euskaltzaleei martxoaren 9tik 15era bitartean erdaldundutako Euskal Herriko bide seinaleak ezabatzeko eta euskarari lehentasunezko lekua emateko deialdia egin dute. “Euskal Herrian Euskarazetik ohikoa izan da horrelako ariketa masiboak proposatzea, eta, aurten, Korrikaren testuingurua aprobetxatu dugu. Ireki diezaiogun bidea euskarari, eta Korrikak zeharkatuko dituen bide bazterretako kartelek ere, konplexurik barik, esan dezatela: Euskara gara”.
Ondorioz, ezabaketarako, Euskaraz jartzen duten pegatinak sortu dituzte, eta horiek nahi izanez gero, ehe@ehe.eus helbide elektronikora idatzita lor daitezkeela adierazi dute. Era berean, ekintza desberdinen irudiak posta elektroniko berera igortzeko ere eskatu dute, gero EHEren sareetatik zabaltzeko.
Izan ere, uste dute egungo Euskal Herriko hizkuntza paisaia “euskaldunen zapalkuntza egoeraren adibide argia” dela: “Oso kasu gutxitan topatuko dugu euskara hutsean oinarritutako paisaia linguistikoa. Gehienetan, erdarek lagunduta topatuko dugu; askotan, gainera, bigarren mailan”. Salatu dute hainbat kasutan “euskara ukatua” dela eta ez zaiola “lekurik txikiena ere” ematen.
Hori dela eta, EHEtik hizkuntza paisaia “iraultzeko” proposamena egin dute, euskarari, Euskal Herriko berezko hizkuntzari, lehentasunezko tokia emateko. Hala, bide seinaleetan, kale edo toki izendegietan, edo karteldegi desberdinetan euskarari lehentasunezko lekua emateko deia egin dute, eta horren alde egiten duten lana balioan jarri dute: “Euskara prestigiatzen dugu; euskara ikasteko, edo gutxienez, ulertzeko beharra sortzen dugu; gure ingurua euskaraz ulertzeko eta izendatzeko baliabideak eamten ditugu; euskaraz garela lau haizetara zabaltzeko tresnak sortzen ditugu; eta, euskarazko leku izenak berreskuratzeko aukera gisa ere probestu genezake”.