Aitor Etxebarriazarraga, Busturialdeko Bertsolari Txapelketako bigarren finalista
Muruetako kanporaketan 176,5 puntu eskuratuta, Astrako final handirako txartela lortu du gernika-lumotarrak. Finalean izango diren bertsolariak Errigoitiko Ikuilu txokoan erabakiko dira barikuan [martxoak 6], bertan lehiatuko baitute hirugarren eta azken kanporaketa, 20:00etatik aurrera.
Argazkia: Lilibertso Aurrera doa Busturialdeko Bertsolari Txapelketa eta dagoeneko baditu bere lehen bi finalistak. Belendizko saioan Onintza Enbeita muxikarra nagusitu ostean, barikuko [otsailak 27] bigarren saioan Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra izan zen onena eta biak izango dira martxoaren 14an Astran jokatuko den final handian. Muruetan lortu zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleak eskualdeko hitzordu handirako txartela, 176,5 puntu eskuratuta. Asier Galarza muxikarrak, 165 punturekin, bigarren bukatu zituen lanak; Mikel Retolazak busturiarra izan zen hirugarrena 161,5 puntu jasota. Koldo Muñiz ibarrangelutarrak (160 puntu), Julen Ibarguengoitia gernika-lumotarrak (156 puntu) eta Helene Yerga bermeotarrak (130,5 puntu) osatu zuen saioa.
Lilibertsok antolatutako saioak “50 bertsozale baino gehiago” elkartu zituen Muruetako Eskola Zaharrean, eta deitzaileak “pozik” daude jasotako erantzunagaz: “Jendea oso ondo erantzuten ari da. Muruetakoa ez da oso txoko handia eta giro polita sortu zen bertan”. Aurreko astean Eider Fernandezen debuta izan zen bezala, oraingoan Yergaren presentzia nabarmendu dute Lilibertsotik, bermeotar gazteak debuta egin baitzuen txapelketan; urduritasunak urduritasun, saio “txukuna” egin zuen Yergak. Etxebarriazarraga nabarmendu dute bestetik, bertsotan aritzen den saioetan “aldea markatzen” duelako.
Halere, bertsolari guztiek erakutsitako maila altua azpimarratu nahi izan dute, lehen saioarekin alderatuta “puntuek gora” egin baitute: “Epaileen arabera bertsolariak hobeto aritu ziren”. Arratzun bezala, Muruetan ere denetariko gaiei erantzun behar izan zien bertsolariek; esaterako, Retolaza eta Etxebarriazarragak, dantza talde bateko kideen azalean jarrita, belaunaldi erreleboaz hausnartu zuten, eta Muñiz eta Yergak VOXeko ordezkarien etorrera dela eta EHUko Gasteizko kanpusaren itxi izana izan zuten bertsotarako gai: “Hausnarketarako nahiko gai politak egon ziren zortziko handiko ariketan; zortziko txikian ostera, umorearekin lotutakoak izan ziren gehiago”. Lanak amaitzeko, “irudimen gehien” erabiltzea eskatzen duen ariketa gauzatu zuten: irudi bat jaso eta horri erreparatuta bakarkako bertsoa osatu. Mitoaroa, zabortegi batean bizi den pertsona bat edo sare sozialak izan ziren bakarkako lanetarako gaietako batzuk. “Oso ondo aritu ziren bertsolariak; jendeak ondo erantzun zuen eta beraiek oso gustura gelditu ziren”, adierazi dute Lilibertsotik.
Finala, erabakitzeke. Martxoaren 14an Astrako oholtzara igoko diren bertsolarien zerrenda barikuan [martxoak 6] ezagutuko da, egun horretan lehiatuko baitute hirugarren eta azken kanporaketa Errigoitin, 20:00tatik aurrera. Ibai Amillategi, Koldo Gezuraga eta Ander Elortegi gernika-lumotarrekin batera, Iker Uriarte bermeotarra, Enare Muniategi gautegiz arteagarra eta Lurdes Ondaro munitibartarra izango dira Ikuilu txokoan kantuan arituko diren bertsolariak. Lilibertsokoen esanetan, azken kanporaketa “orekatuena eta inkognita handiena duena” izango da, saioetan edozer gertatu ahal bada ere, lehen bi saioetan Enbeita eta Etxebarriazarra nagusitzea “normalena” zelako: “Hirugarrenean ez dago batere argi zer gertatuko den edo nork irabaziko duen. Bertso gutxi dira eta gu gehiago abestera ohituta bagaude ere, nahita hartzen dugun erabakia da, eskuragarritasun aldetik errazagoa izateko”.
Errigoiti “kokapenez urrunen” dagoen udalerria izanik, “txokoaren zurrunbiloak” saioaren eragin handia izango duela uste dute; halere, txokoak jendea erakartzeko suen gaitasuna dela eta, jendeak deialdiari erantzungo dionaren konbentzimendua dute Lilibetsokoek: “Saioaren ostean pintxoak egongo dira. Aurten egin dugun formatu aldaketa hori erantzun ona izaten ari da, beraz jendea animatzen dugu hurbiltzera”.