Iturbe eta Urrutia, zalantzentzako tokirik gabe
XIII. Ibarruriko Mendi Martxak eta Lasterketak 450 mendizale inguru elkartu ditu, iragan domekan [martxoak 1]. Mendi lasterketako bizkorrenak Onditz Iturbe Arginzoniz igorreztarra eta Ibai Urrutia Arandia belendiztarra izan dira.
Arrakastatsua izan da, beste behin, Ibarurriko Mendi Martxa eta Lasterketa. XIII. ekitaldirako aurretiazko izen emateak 360 lagun inguruko kopurua laga baldin bazuen, azkenean 450en bueltan izan ziren Ibarruri inguruko mendi eta basoez gozatzera animatu ziren mendizaleak. Eguraldia lagun eta istripu barik, Saltsamendi Kultur Elkarteko antolakuntza lantaldeak egunaren “balorazio aparta” egin du: “Egunean bertan izena eman zuten gehientsuenak martxa laburrera animatu ziren, baina proposatutako hiru ibilbideek, oro har, erantzun ederra eduki zuten”. Ibarruri moduko herri txiki bat, tankerako egitasmoak tarteko, “handi bihurtzen dela” adierazi dute: “Herritarrak erabateko auzolanean biltzen dira eta, mendi martxen zein lasterketen egutegia zein beteta dagoen ikusirik, argi eta garbi dago egitaraua prestatzea eta eguna aurrera eroatea ez dela batere erraza; horrenbestez, beste urte batez, pozarren eta esketuta gaude”.
Hala martxa luzeak, nola mendi lasterketak Astoagana eta San Kristobal baseliza eduki zituen gailur; ibilbideak 21 kilometro eta 1.100 metro positiboko desnibela uztartu zituen. Martxa laburrak, ostera, 9 kilometro eta 300 metro inguruko desnibel metatua eduki zituen, Askari tontorra nabarmendurik. Lasterketari dagokionez, iazko garaile Onditz Iturbe Arginzonizek ibilbide horregaz daukan idilioa berretsi du aurtengoan ere. Igorreztarrak sailkapen absolutuko bederatzigarren postua lortu zuen, bere denbora erregistroa, 02.03.05ekoa, egundokoa izan baitzen. Bosgarren kilometroan Berroiatik igarotzerako, Iturbe jada lehen hamarren artean zen, eta ez zuen ia posturik galdu gainontzekoan. Emakumezkoen podiuma zornotzar bik osatu zuten: Amaiur Etxeandia Oiangurenek (02.28.15) eta Irantzu Arana Zuzaetak (02.30.16), hurrenez hurren.
Emakumezkoena ez bezala, gizonezkoen lehia iragartzen gaitzagoa eta askoz irekiagoa zen. Arrolape Mendi Klubeko kideek garaipena lortzeko bezainbesteko zenbait kide plazaratu zituzten irteeran: Ibai Urrutia Arandia belendiztarra, Ekaitz Lejarzegi Urizar ajangiztarra, Kepa Beaskoetxea Ereñozaga gernika-lumotarra edota Aritz Martin Olabarrieta arratzuarra. Ez horiek bakarrik: Pello Gerrikaetxebarria San Anton zornotzarra edota Alexander Ordeñana Etxebarria usansolotarra ere irteera lerroan zeuden.
Hasieratik nahieran.
Kinielak, edozelan ere, lehen metroetan argitu ziren: Burdaria auzorako estreinako maldetatik, indartsuenek beren bidea egin zuten, eta guztietan sendoena Urrutia izan zen. Inongo estutasun barik eta bigarren sailkatuarekiko minutu bi eta erditik gorako arrakala urratuz, garaileak 01.45.58an biribildu zituen lanak. Gerrikaetxebarria helmugaratu zen hurrena, erlojua 01.48.32an geldituta. Podiuma, 01.50.47ko denbora eginda, beste arrolapetar batek osatu zuen: Bastegietak. Gainontzeko sailkapenei helduta, gizonezko beteranoena Ordeñanarentzat izan zen, eta emakumezko gazteenena, aldiz, Etxeandiarentzat. Gazteen sailkapen hori irabazi zuen gizonezkoa, ostera, lasterketako zazpigarren sailkatu Mikel Gonzalez Balanzategi durangarra izan zen.